INFO

Joseba Alvarezek 240 euroko isuna jaso du Moussaren atxiloketan «udaltzainei aurre egiteagatik»

2018an Moussa kale saltzailearen atxiloketa oztopatzea leporatuta Joseba Alvarezen aurkako epaiketaren ondoren, epaitegi batek 240 euroko isuna ordaintzera zigortu du Piztuko kidea, Donostiako udaltzainei «aurre egiteagatik». Akusazioek urtebeteko kartzela-zigorra eskatzen zuten.

Joseba Alvarez eta Moussa, pankarta atzean, Donostiako epaitegi atarian eginiko elkarretaratzean. (FOKU)

NAIZek baieztatu ahal izan duenez, Zigor arloko epaitegi batek 240 euroko isuna ordaintzera kondenatu du Joseba Alvarez Piztuko kidea eta ezker abertzaleko kide ezaguna, «agintaritzaren agenteei aurre egiteagatik».

Gertakariak 2018ko ekainean gertatu ziren Donostiako Parte Zaharrean. Kalez jantzitako bi udaltzain Saharaz hegoaldeko Moussa kale saltzailea atxilotzen ari ziren, eta agenteen aldetik jasotzen ari zen «tratu txarra» ikusita, jarrera hori aurpegiratu zien Alvarezek.

NAIZi egindako adierazpenetan Alvarezek nabarmendu duenez, «biolentzia askoko gertakari bat izan zen, arrazismoarekin zerikusia duena, eta ez da inguru horretan horrelako zerbait gertatzen den lehen aldia».

Udaltzaingoak bien aurkako salaketa jarri zuen eta Fiskaltzak zein akusazio partikular gisa aurkeztu zen Donostiako Udalak urtebeteko espetxe zigor bana eta inhabilitazioa eskatzen zuen beraientzat, agintearen aurkako «atentatua» egitea egotzita. Hala ere, epaitegi honek baztertu egin du Alvarezek agenteen aurkako atentatu-delitua egin izana.

Epaiak zehazten duenez, une jakin batean Alvarezek ohartarazi zion guardietako bati ezin zuela «borra herritarren aurka erabili», eta, horren ostean, «bi aldiz heldu zion txalekotik».  Horrek, hala ere, «ez ditu erasotze larriaren edo erresistentzia larriaren ezaugarriak» epaitegiaren esanetan, «erresistentzia motan sar daitekeen ekintza moderatu baten ezaugarriak baizik». Bestalde, epaileak baztertu egin du Alvarezek beste polizietako bat «lurretik altxatu» izana.

Hala, Alvarezi 240 euroko isuna jartzea erabaki du epaileak, agintaritzari aurre egiteagatik, eta ukatu egin du agenteen aurkako atentaturik izan zenik.

Alvarez: «Atentatuaren tesia hankaz gora utzi du epaileak»

«Fiskaltzak agintaritzaren aurkako atentatua eskatzen zuen, eta epaileak ezetz esan du. Beste batzuetan gertatu den bezala, akusazioak gezur askorekin agertu ziren epaiketan, eta argi geratu da epaian. Epaileak ni absolbitzeko aukera zuen, baina eskaera horiekin... 240 euroko isuna jarri dit azkenean», ondorioztatu du Alvarezek.

«Ziur nago udaltzainak ez daudela pozik epaiarekin», erantsi du. Izan ere, epai hori, bere ustez, onuragarria izan daiteke Moussarentzat, akusazioen eskaerak kontuan hartuta. «Bere kasua auzi berean zegoen, baina banandu egin zituzten eta ni epaitu ninduten lehenik. Senegalen dago orain eta albistea bidali diot», adierazi du.

Ostegun honetan balorazio zabalago bat egingo du, baina, hala ere, ez du uste epaiaren aurkako helegitea aurkeztuko duenik. Hori bai, epaileak atentatuaren tesia «hankaz gora utzi» duen arren, zigorra egon dela salatzen jarraituko duela ohartarazi du Alvarezek: «Salatzen jarraituko dugu intsitituzioek eta Udaltzaingoak ni zigortzeko eta jarrera arrazista zuritzeko asmo politikoa izan dutela».