INFO

EH Bai bere markarekin aurkeztuko da frantziar Legebiltzarrerako hauteskundeetara

Anita Lopepek eta Nikolas Blainek EH Baiko bozeramaleek gaur arratsaldean Baionan eginiko agerraldian jakitera eman dutenez, «alternatiba abertzale, ezkertiarra, feminista eta ekologista» presente izanen da heldu den ekainean iraganen diren frantziar Legebiltzarrerako bozetan.

Anita Lopepe eta Nikolas Blain EH Baiko bozeramaleak gaurko agerraldian. (Guillaume FAUVEAU)

Joan zen abenduaren 17an eginiko biltzar nagusian Euskal Herria Baiko militanteek emandako eztabaidaren berri eman dute, gaur arratsaldean, Baionan, Anita Lopepe eta Nikolas Blain mugimenduko bozeramaleek. Denbora berean 2022an frantses Estatuan izanen diren bi hauteskundeei buruz harturiko erabakia jakitera eman dute.

Aurten 15 urte beteko dituen mugimenduak, bere tradizioari jarraituz, frantses presidente berria hautatzeko heldu den apirilaren 10 eta 24an deituriko bozetan ez du parte hartuko. Hala, EH Baik ez du hautagai baten alde egingo. Ildo beretik, ez du boto agindurik emango.

Alta, handik bi hilabetetara, zehazki ekainaren 12 eta 19an, iraganen diren frantses Legebiltzarrerako bozetan bere siglak eramanen dituen hautagaitza aurkeztuko du EH Baik.

Hala, hiru euskal lurraldeetako herritarrek «alternatiba abertzalea, ezkertiarra, feminista eta ekologista» babesteko aukera izanen dutela nabarmendu dute Lopepek eta Blainek.

Hala ere, jakin behar da barrutien banaketak ez duela euskal lurraldetasuna aintzat hartzen. Hiru barrutietan banatzen da euskal hauteslegoa. 4. barrutiak Euskal Herriko eta Biarnoko hainbat herri bere baitan hartzen ditu; 5.ean Lapurdi eta Nafarroa Behereko hainbat herrirekin batera Zuberoa sartzen da eta eta 6. barrutian Lapurdiko gainerako herriak.

Hauteskundeetan segituko duen estrategia azaltzeaz gain, ondoko hilabeteetan mugimendu abertzalearen baitan gogoeta sakona bultzatuko duela iragarri du EH Baik.

«Irabazita ziruditen» hainbat auzitan gibelerat egiteko arriskuaz oharra egin du EH Baik Emmanuel Macron frantziar presidenteak aitzineraturiko politikari kritika eginez. Besteak beste, euskal presoei dagokien auziari buruz edo hizkuntzari berme juridikoa emateko onartu zen Molac Legearen gainean «Macronek agerturiko jokabide kezkagarria» salatu du mugimenduak.

«Urteetan eginiko lanari esker mugimendu abertzaleak erreferentzialtasuna irabazi du ezkerreko alternatiba gisa, baina joera kezkagarri ainitz dira panorama politikoan eta sozialean eta egoera horri erantzuteko aldaketa sakonak beharrezkoak dira», gaineratu dute EH Baiko ordezkariek.