INFO

Mariezkurrena: «Ez dut ezer disfrutatu eta buelta emateko unea da»

Peña-Albisuren aurka izorratu zitzaion eskuina Berriozarreko atzelariari lehen jardunaldian eta orain hasi zaio buelta ematen nafarra.

Jon Mariezkurrena aurreko astean hasi zen pilota eskuinaz gozatzen. (Gorka RUBIO/FOKU)

«Ez gaude oso gaizki, baina ezta ondo ere». Jon Mariezkurrenaren arrazoibidea ez da batere zientifikoa, baina primeran islatzen du Berriozarkoaren eta Erik Jakaren egoera aurtengo Binakakoan. Hiru garaipenekin, azken bi postuei ihes egiteak euren eskuetan jarraitzen du eta bigarren postua bi puntura baino ez dute. Hori bai, sentsazioak ez dira onegiak izan lehen zortzi partidetan, batez ere atzelari nafarrarentzat. Bere txarrean, diagnostikoa oso da argia, Mariezkurrenaren eskuin indartsu horretan izan dituen arazoetan izan da bikote honen zulorik handiena eta duela bi aste atseden eman ostean, bere onera datorren zantzuak agertu zituen aurreko astean.

«Konfiantza egun batetik bestera galtzen da, euren aurka jokatu genuenetik –Peña-Albisuren aurka lehen jardunaldian– bi hilabete batere konfiantzarik gabe ibili naiz, kantxara irteten nintzen eta mina nuen, tako asko jarrita jokatu dut, ez dut batere disfrutatu eta buelta emateko unea da», azaldu du Mariezkurrenak gaurko material aukeraketan.

«Orain arte nire eskuaren egoera zama handia izaten ari da, hilabeteak daramatzat kantxan disfrutatu gabe eta aurreko partidan gutxienez gustura aritu nintzen, pilotakada onen bat jo nuen. Astebetez geratzearekin asmatu genuen eta pixkanaka gorantz egingo dugula uste dut, Erik sasoiko dago», gaineratu du Berriozarrekoak.

Izan ere, gora begira jartzeko, horixe behar dute, bikote bezala batu eta biek, behingoz, partida on bat jokatzea; igande honetan bada, are hobeto, aurkari zuzen batzuen aurka arituko direlako.

Konfiantza faltan

Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisuren kasurako ere balioko luke Mariezkurrenaren hasierako esaldiak, azken bi partidak irabazita arnasa hartu badute ere, lehen itzuliko sentsazioak, baita ozta-ozta irabazitako azken bi partidetakoak ere, ez baitira onenak izan. «Ez gaude partida onak egin ditugula esateko moduan; azken bietan hastea kostatu zaigu, bai behintzat niri. Zalantzekin hasi nintzen eta erditik aurrera zuzendu nintzen arren, ea ondo hasi eta partida oso bat egiten dugun. Konfiantza puntu hori falta zaigu, partidara lasaiegi bezala sartu gara eta alderantziz egin beharko genuke, tentsio askorekin sartu, hasieratik pilota gosez», azaldu du Jon Ander Albisuk.

Baikoko bi jotzailerik handienak arituko dira nor baino nor igandean, non eta atzelarien lana bereziki erabakigarria izaten den Ogetan; hortaz, atzeko lehia horretan nagusitzeak berebiziko garrantzia izango du, bi aurrelariak heltzen zaizkien aukerak amaitzeko egongo dira eta. «Zaila izango da dominatzea, Jonek atzetik erraz kentzen du pilota eta ea partida serioa egiten dugun. Dominatzen duen atzelariaren aurrelariak tantoak amaitzeko erraztasunak izango ditu eta ni saiatuko naiz pilota baztertzen, Jon ezkerrez sartzen ahalegintzen», gaineratu du atzelari ataundarrak.

Pilotekin ez da inolako arazorik izan eta bi bikoteak aurrera pauso handia emateko ilusioz agertu ziren.