Behartutako geldialdia eta Euroligan jasotako porrotaren ostean itzuliko da Baskonia Ligara
Zenbait covid kasurengatik jokatu gabe egon eta gero, gasteiztarrek MoraBanc Andorrari bisita egingo diote igande honetan (17.30), baina bigarren itzuliko partida izanda, ez du Kopako sailkapenerako balio.
Ostiral gauean itzuli zen Bitci Baskonia lehiara. Euroliga bezalako txapelketa gogorrean egin behar izan zuen ‘debuta’ talde gasteiztarrak zenbait covid kasurengatik geldialdi behartua egin ostean. Baskoniarrek erritmo eta intentsitate falta nabaritu zuten Real Madrilen aurka 89-74 galduta.
Igande honetan txip aldaketa egin beharko du Baskoniak, Ligako lehia baitu, duela gutxi beste covid agerraldia jasan behar izan duen MoraBanc Andorraren aurka (17.30). Gasteiztarrek Kopa dute helburu, baina, kasualitatez, biharko neurketak ez du tapelketa horretarako sailkapenerako balioko. Izan ere, pandemiak egutegia guztiz birmoldatu behar izan du, eta biharkoa bigarren itzulikoa izango da.
Neven Spahija entrenatzaileak Vanja Marinkovic eta Sander Raiesteren bajak izango ditu Andorran, nahiko gaizki doakion kantxan. Izan ere, azken hiru bisitetan, bi porrot jaso dituzte arabarrek. Kasu honetan, gainera, inork ez daki nola erantzungo duen Baskoniak covid-a behin atzean utzi dutenean.
Alec Peters jokatzeko prest egongo dela dirudi. Taldeak bere jokoa beharko du partida bere aldera eraman nahi baldin badu.
Andorran David Jelinek eta Tyson Perez baja izango dira, eta Amine Noua duda izango da covid-a pasa ostean. Gainera, Gal Mekelek gihar arazoak ditu eta azken unean erabaki beharko du jokatu edo ez.
Gasteiz aldean ezaguna den Ibon Navarrok gidatzen duen taldea bolada txarra pasatzen ari da. Hamaseigarrenak dira sailkapen nagusian, bost garaipen eta hamar porrotekin, azken hiru horiek jarraian izanda. Hori bai, lortutako bost garaipen horietatik lau etxean egin ditu; beraz, argi dago bere kantxan indar handia duela.
Clevin Hannah jokalariak ematen dio oreka joko alaia duen taldeari. Hain zuzen ere faktore honengatik baloi asko galtzen ditu Andorrak eta hori aprobetxa lezake Baskoniak min egiteko.
Hiru puntuko portzentaiek ere zerikusia izan dezakete. Baskonia Ligako bigarren talde onenan da zentzu honetan, %40ko abileziarekin, baina Andorrak biko saskiratzeetan gainditzen du talde gasteiztarra.