INFO

Gora baino begiratzen ez dutela irten dira Unai Laso eta Ander Imaz Buñuelgo «tranpatik»

Pilotaleku bereziki bizi eta deserosoan Urrutikoetxea-Aranguren 15-11 aurreratu badira ere, Bizkarreta-Gerendaingoaren eraso joko oldarkorra erabakigarria izan da eta seigarren puntua eskuratu dute.

Buñuelen ere Unai Lasoren erasoko jokoa erabakigarria izan da. (Gorka RUBIO/FOKU)

Bederatzi partidetan sei puntu eskuratuta, azken bi postuak betirako ahaztu eta gorantz bakarri begira jarri dira Laso-Imaz, Buñuelgo tranpan Urrutikoetxea-Arangureni 17-22 irabazita. Erriberako pilotalekuaren baldintza bereziek oso zail egin dute partida lau pilotarientzat eta alde horretatik arrisku gehiago izan zezakeen gaurko partidak aurrelari nafarra eta atzelari gipuzkoarrarentzat, baina azkenerako Bizkarreta-Gerendaingo aurrelariaren joko oldarkorra nagusitu da, ausardia eta eraginkortasuna proportzio egokietan nahastuta. Urrutikoetxeak ere partida hasiera bikaina sinatu du, baina aurreko igandean Getarian bezala, eskura zutela zirudien partidak (15-11) ihes egin die esku artetik eta bolada kezkagarri xamarrean sartu dira.

Ohiko zirkuitutik aparteko pilotalekua da Buñuelekoa eta bere ezaugarriak ere bereziak ditu Erriberako frontoiak. Lur oso bizikoa da Manolo Malo pilotalekua, erasoan jokatzea eskertzen duen horietakoa eta bi aurrelariek zailtasunak izan dituzte defentsan, batez ere zabaletik egin behar izan dutenetan, hankak lurrean finkatzea bereziki zaila egin zaielako.

Oldarkor ezinbestean

Oldarkorra izateak asko balio zuen eta lan horietan Mikel Urrutikoetxeak hasieratik ikusi du lehen aukeran erasora pasa behar zuela. Oso ondo mugitu du pilota zaratamarrak hasiera hasieratik eta horrek markagailuaren agintea eman die. Pilotari oso zuzena izanda, Ander Imaz bereziki deseroso sumatu dugu Buñuelgo frontoian eta gorriek, alde handiegirik gabe izan bada ere, eurena izan dute markagailuaren kontrola. Hala ere, Unai Laso ez da atzean geratzen den horietakoa eta berak ere pausua eman du aurrera eta gertutik jarraitu diete. 

Ander Imazen piedre xelebre baten erruz ez dira Laso eta oiartzuarra aurretik joan lehen atsedenaldi luzera (12-11) eta atsedenalditik bueltan Urrutikoetxeak berriz ere aldeak zabaldu ditu erremate zehatz pare bat eta sake bati esker (15-11).

Baina partidak erasoan oldarkorra izatea eskatzen zuen eta gaur egun pilotari oldarkorrik bada, hori Unai Laso da eta berehala bota du partidaren zama bere bizkar gainera, era guztietako erremateekin lehenengo partida orekatu eta gantxo bikain bati esker bere bikotearen aldeko lehen aldea lortuz. Eta behin abiadura hartuta, Bizkarreta-Gerendaingoak ez du geratzeko batere intentziorik azaldu.  Egia da Ander Imazek ere bigarren zati horretan ez duela batere pilotarik galdu, baina aurrelari nafarra izan da, beste behin partidako protagonista nagusia 14 tanto amaituta.

 

FITXA TEKNIKOA: 

Urrutikoetxea-Aranguren: 17

Laso-Imaz: 22

Markagailua: 2-0, 2-1, 4-1, 4-4, 7-4, 7-6, 9-6, 9-8, 10-8, 10-10, 11-10, 11-11, 15-11, 15-14, 16-14, 16-21, 17- 21, 17-22. Sakeak: 4 Urrutikoetxeak eta 2 Lasok. Tantoak: 5 Urrutikoetxeak, 1 Arangurenek, 14 Lasok eta 0 Imazek. Hutsak: 2 Urrutikoetxeak, 4 Arangurenek, 3 Lasok eta 4 Imazek. Gorabeherak: Binakako Txapelketaren bederatzigarren jardunaldia Buñuelen hasi da.