INFO

ELAk dioenez, DHL zigortu dute «113 afiliatu ezinbesteko ABEE batean bidegabeki sartzeagatik»

ELA sindikatuak ostegun honetan adierazi duenez, Gasteizko Lan arloko 3. Auzitegiak DHL-Mercedes enpresa zigortu du sindikatuko «113 afiliatu ezinbesteko ABEE batean bidegabeki sartzeagatik».

DHL enpresaren egoitza. (ELA)

ELA sindikatuak ostegun honetan iragarri duenez, Gasteizko Lan arloko 3. Auzitegiak epai irmoa eman du DHLren aurka. Dioenez, «ELAk irabazitako epai baten mendeku gisa, bere afiliatuak aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientean (ABEE) bidegabeki sartzeagatik zigortu du Mercedesen hornitzaile parkeko enpresa hori».

Sindikatuak ohar batean azaldu duenez, gertakariak 2020ko martxoan izan ziren. «DHLk enpresako egutegia aldatu zuen langileen ordezkariekin adostu gabe. ELAk aldaketaren kontra jo, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak langileen aldeko ebazpena eman zuen: egutegiaren aldaketak ez zuen balio».

«Ondorioz, aldaketan sartutako asteko egunak lan egun gisa kontatu behar ziren soldataren ordainerako eta lanorduen zenbaketarako», gaineratu du ELAk, bere atal sindikalaren aurkako «sorgin-ehiza etengabekoa» izan dela ohartarazi duenak.

«Horretarako, DHLk era guztietako trikimailuak baliatu zituen: langileei zuzendutako oharretan ELAri kargu hartu zion; atal sindikaleko kideak estutu zituen; lantaldea ELAren aurka jartzeko mehatxua… Baina okerrena izan zen enpresak epaiari ez ziola men egin, eta ezinbesteko ABEE bat aplikatu zuela. Hau da, espedientearen hasiera data aurreratu, eta gatazkagai izan zen astea ABEE aldian kokatu zuen. Hori egiteko aitzakia gure salaketak hori zekarrela izan zen», nabarmendu du.

Baina, ELAren esanetan, oraingo epaiak dio ABEEa aplikatzeko modua ez zela zuzena izan, eta ELAren bidez salaketa jarri zuten 113 afiliatuek ordaindu ez zitzaien ordainsaria jaso beharko dute, gehi %10 atzerapenagatik. Guztira, 60.000 euro inguru.

«DHL-Mercedeseko ELAren atal sindikalak, aspalditik dihardu langileak antolatu eta ahalduntzeko ahaleginean, eta Gasteizko lantegian dagoen prekaritatearen kontra borrokan. Erreferente bihurtu dira, eta horregatik DHLren moduko multinazional erraldoi batek jopuntuan jarri ditu. Atal sindikalaren konpromisoari eta lan onari esker, ordea, erronkari eutsi egin diote», azpimarratu du.