INFO

AHTren lanek Zumelegi ibaian eragin duten isuri baten berri eman du Elorrioko Udalak

Elorrioko Udalak Abiadura Handiko Trena eraikitzeko obren ondorioz Zumelegi ibaiko uretan izandako isuriaren berri eman du. Ertzaintzaren patruila batek eta URAko Isurketa Zerbitzuak gertakariaren jatorria obretako 3. sektorean dagoela baieztatu dute.

Zumelegi ibaiko uretan isuria. (ELORRIOKO UDALA)

Elorrioko Udalak Abiadura Handiko Trenaren obren ondorioz Zumelegi ibaiko uretan izandako isuriaren berri eman du ostiral honetan.

Ostegun goizean, udal zerbitzuei ohartarazi zitzaien, Zumelegi ibaian, Nizeto Urkizuko zubiaren parean, uher grisaxka eta trinkoa agertu zelako. Zehazki, txosten teknikoan jasotzen den bezala, «itxura grisaxka, uherra eta trinkoa nabarmena da ibaian, herritik igarotzen den tartean, eta Atxondoko udalerrira ere iristen da».

Gertakarien berri izan ondoren, arduradun teknikoak ibai-eremura joan ziren uhertasunaren jatorria eta zergatia aurkitzeko asmoz, eta Ertzaintzako patruila batek eta URAko Isurketa Zerbitzuak baieztatu zuten gertakariaren jatorria AHTren obren 3. sektorean zegoela.

«Oraingoz, Ertzaintzak argiketa bat ireki du ingurumen-delitu posiblea dela eta, eta ibai-ibilbideen arloan eskumena duten organoak –URA eta Natura Ondarearen Zerbitzua– dagoeneko gertatutakoaren jakinaren gainean daude», Udaletik azaldu dutenez.

Gertakari horren aurrean, URAk, Natur Ondareak eta Ertzaintzak irekitako espedienteen jarraipenari buruzko informazioa izatea eskatuko du udal administrazioak; aldi berean, udalaren eskumenak aztertuko ditu, dagokion salaketa egiteko.