INFO

Donostiako Udalak proposatu du Kaldereroak eta Inude eta Artzaiak otsailaren 19-20ra atzeratzea

Donostiako Festak-ek proposamena helarazi die konpartsa ezberdinei, eta helburua da bi jaiak ahalik eta egoera onenean egite. Izan ere, espero dute ordurako osasun egoera hobea izatea. 

Kaldereroak otsailaren 19an aterako lirateke, goiz eta arratsaldez.

San Sebastian jaiaren ondoren, Donostiako Udalak Kaldereroen eta Inude eta Artzaien jaiak prestatzeari ekin dio. Horiekin aurrera egitea erabakita badago ere, konpartsa ezberdinei proposatu diete bi aste atzeratzea, hau da, otsailaren 5 eta 6an egin beharrean, otsailaren 19 eta 20an ospatzea.

Donostiako Festak-ek proposamena egin die Kalderero eta Inude eta Artzaien konpartsei osasun egoera une honetan zein den ikusita. Kultura zinegotzi Jon Insaustik adierazi duenez, helburua bi jaiak ahalik eta egoera onenean egin ahal izatea da. Hala, Donostiako Festakek uste du, bi jaiak bi astez atzeratzen badira, eta inauteriak baino lehen egiten badira, egoera hobea izango da.

Kaldereroak

Horrenbestez, Kaldereroak otsailaren 19an, larunbatean, egingo lirateke, goizez edo arratsaldez, eta beti 21:30 baino lehen amaituta. Desfile ezberdinek 1,5 eta 2 ordu arteko iraupena izango lukete, ez litzateke kanpamendurik egongo, eta abesti ezberdinak abesteko geldiuneak abesti bateko iraupena izango lukete (3-5 minutu).

Konpartsak tribu ezberdinek eta txarangak osatuko dituzte, eta Erreginen gurdia ere joan ahalko da. Konpartsetako kide guztiek musukoa eraman beharko dute, eta kideen arteko zein publikoarekiko distantzia mantentzen saiatuko dira. Era berean, ibilbideak aztertuko dira kale zabaletatik joateko, publikoaren aglomerazioa ekiditeko.

Inudeak eta Artzaiak

Bestalde, Donostiako Festakek proposatu du Inude eta Artzaien irteera otsailaren 20an egitea ohiko ordutegian. Desfile ezberdinek 1,5 eta 2 ordu arteko iraupena izango lukete. Konpartsako kide guztiek musukoa eraman beharko dute, eta kideen arteko zein publikoarekiko distantzia mantentzen saiatuko dira. Kaldereroen ibilbideekin bezala, Inude eta Artzaien ibilbideak ere kale zabaletatik egiten saiatuko dira, publikoaren pilaketak ekiditeko.