Cabacasen gurasoen bilera eskaerari erantzungo dio Erkorekak, kritikatu arren
Aurrez aurreko bilera bat egiteko Iñigo Cabacas zenaren gurasoek eginiko eskaerari erantzungo dio Josu Erkoreka Lakuako Segurtasun arloko sailburuak. Honela jakinarazi du Vocento taldeko egunkariek gaur igandean argitaratutako elkarrizketa batean, nahiz eta aldi berean eskaera hori publiko egin izana desegokitzat jotzen duela erantsi duen.
«Ez dakit bilera bat proposatzeko modurik onena publikoki eskatzea den, zalantza handiak ditut. Baina erantzungo dugu, jakina», esan du sailburuak. Fina Liceranzuk eta Manu Cabacasek argi utzi zutenez, gutuna zuzenean igorri zitzaion Erkorekari, eta gero hedabideetan zabaldu zen. Bertan abenduaren 15ean Josu Erkorekak Gasteizko Legebiltzarrean burututako agerraldiak bere samina larriagotu zuela antzeman daiteke, bai jakinarazi zuenagatik (ez zen Cabacas hil zuten ertzainen kontrako inolako zigor-neurririk hartu), bai eta erabilitako formengatik ere (66 minututako hizketaldia ez zuen sailburuak gurasoekiko inolako hurbiltasunik-keinurik erabili).
Azken honi buruz zera esan du Erkorekak elkarrizketan: «Nire enpatia, elkartasuna eta maitasuna erabatekoak dira. Gertuko esperientziagatik, seme-alaba bat galtzea gurasoentzat zein gogorra den jakin badakit. Legebiltzar-agerraldi batean egin ez banuen, talde politiko batek eskatua zelako [EH Bildu} eta beste testinguruan gertatzen zelako izan zen, baina orain egiten dut».
Elkarrizketan, bestalde, Ertzaintzak laster 40 urte beteko dituela aipagai du Erkorekak: «Balantzea guztiz positiboa da».