Izadi bere amarengandik banandu dute, motxiladun umea bilakatuz
Jendetza bildu da Algortan Izadiren egoera salatzeko. Hiru urte bete ditu gaur eta espetxetik irtenarazi dute. Bere ama Aranjuezeko espetxean gelditu da. Mobilizazioan esan dutenez, pilota Lakuaren teilatuan dago, «Izadiren eta motxiladun ume guztien egoera gogor honi irtenbide bat emateko».
Jendetza bildu da igande honetan Algortan Izadiren egoera salatzeko. Hiru urte bete ditu gaur eta espetxetik irtenarazi dute. Bere aita den Iñigo Gutierrez eta amonak jaso dute, Aranjuezeko espetxean. Bertan dago bere ama, Maria Lizarraga, egun gutxitan Zaballako espetxera lekualdatuko dutena.
«Zorionez ere, egindako lanaren ondorioz bere aita Iñigo ere etxean dugu, azkenean. Plataformatik eta norbanako askok aurrera eramandako lanari esker Iñigo Izadiren ondoan egon ahalko da eta Maria Euskal Herriko espetxe batera hurbilduko dute laiter», ohartarazi dute egindako ekimenean.
«Baina dena ez dira berri onak gaurkoan, gure beldurrak bete dira eta Izadi bere amarengandik bereizia izan da. Eta gainera Izadik, beste motxiladun ume asko bezala ez daki oraindik noiz ikusi eta besarkatu ahalko duen berriz bere ama, eta orduan hilean ordu gutxiz egon ahalko da berarekin», gaineratu dute.
Izan ere, nabarmendu dutenez, «Izadi, gainerako motxiladun umeak bezala, bere gurasoekin egon behar da, etxean». «Eta Maria ere gurekin nahi dugu, Izadirekin batera!», azpimarratu dute, «Mariaren ziega gutunez eta elkartasun eta maitasun keinuez betetzeko» deia egin baino lehen.
«Iñigorekin ikusi dugu borondatea dagoenean posible dela soluzioak lortzea. Orain pilota Eusko Jaurlaritzaren teilatuan dago, Izadiren eta motxiladun ume guztien egoera gogor honi irtenbide bat emateko», ohartarazi dute, EAEko espetxeen kudeaketa Lakuaren eskutan dagoelako.
Amaitu aurretik eskerrak eman dizkiete hilabete hauetan modu batera edo bestera elkartasuna adierazi duten guztiei, «eta lanean segitzeko deia luzatu nahi dizuegu. Mobilizatzeak merezi duelako, guk lanean jarraituko dugu, motxiladun txiki guztien eskubide guztiak bete eta haien gurasoekin egon arte. Izadi gurasoekin, biekin, etxera!».
Egoera «nahasia»
Iñigo Gutierrez ostiralean atera zen espetxetik, hirugarren graduan, baina bihar Zaballako espetxera joan beharko du, hirugarren gradua nolakoa izango den argitzera. Izadi gurasoekin etxera plataformako kidea den Larraitz Urrak NAIZ Irratian azaldu duenez asteleheneko zitak «zalantza asko» eragin ditu.
«Hasiera batean poza hartu zuen, hirugarren gradua eman ziotenean, baina ordu batzuetara esan zioten ez zekitela nolako hirugarren gradua izango zen». Egoera «nahasia» dela baieztatu du.