INFO

Lointek Gernikari gasolina amaitzean, IDK Euskotrenek derbia erraz eraman du (75-54)

Hasieran izan ezik, donostiarrak beti aurretik izan dira, Lauren Cox pibotaren aurreneko laurden bikainari esker, baina Josean Gascako euskal derbia azken laurdeneko 29-13 partzialarekin hautsi da, Laura Cornelius Gernikako jokalari ohiak eta Coulibalyren eskutik. Araskik galdu egin du Logroñon.

Laura Cornelius, giltzarri izan da bere talde ohiaren aurka, IDK Euskotrenek euskal derbia eramateko. (Gorka RUBIO / FOKU)

IDK EUSKOTREN 75 - LOINTEK GERNIKA BIZKAIA 54

«Partida hau taldearen garaipena izan da. Gernikak lan zaila zuen hainbeste denbora jokatu gabe egon eta gero, baina zaila izan da guretzat ere. Hala ere, Coulibaly eta Cox bezalako jokalari garai hain onak izatea gauza handia da eta horrek besteoi ere lanak errazten dizkigu. Pozgarria izan da zinez partida hau irabaztea».

Horra IDK Euskotreneko Laura Cornelius antolatzailearen hitzak. Martitzenean ez zuen Tenerifen jokatu bizkarreko arazoen erruz. Igande eguerdian, ordea, jokatu du bere talde ohiaren aurka euskal derbian. Baita ederki jokatu ere! Ez 12 puntu sartu dituelako bakarrik, baizik eta donostiarren garaipen aparta bere ekimenez etorri delako.

Azken laurdenera arte eutsi dio talde gernikarrak, baina ia hirukorik gabe –11tik 2, gipuzkoarren 16tik 7ko saio txukunaren aurrean– eta 11 jaurtiketa libretik 5 kale eginda, askoz zailagoa da. Horrez gain, azken hamar minutuak oso luze egin zaizkie Mario Lopezen jokalariei, eta ordura arte estu lorutik izan duten Marian Coulibaly gehitu zaio Laura Corneliusen lan bikainari talde donostiarrak etxean jokatu duen derbia airean erraz eraman dezan. Esan behar, bestalde, etxekoen artean Lauren Cox, Maria España, Andrijana Cvitkovic eta Joy Adamsek ere 10 puntu edo gehiago saskiratu dituztela, eta horrela errazagoa da, bizkaitarren artean Roundtree eta Ginzo iritsi dira soilik marka horietara.

IDK, Lauren Coxek berotuta

Hasteko 0-6 aurreratu dira Mario Lopezenak, derrigorrez izan duten atsedenaldi luze honetan asko eta ongi entrenatu dutela erakutsiz. Alabaina, ez zaio asko kostatu talde donostiarrari partidari buelta ematea, batez ere hiruko jaurtiketetan asmatzea lortu duelako. Lauren Cox, Joy Adams edo Maria Españak urrutitik arazo handirik gabe asmatu dute. Aldiz, gernikarrek uztaipetik eta lau metroz haratago ez dute zorte larregirik izan.

Aldiz, etxekoek Lauren Cox aurkitu dutemarkagailuari buelta eman eta aldea ateratzeko. Texasko pibotak zazpi puntu sartu ditu aurreneko laurdenean eta zazpi puntuko aldea, hain zuzen, atera du IDK Euskotenek aurreneko laurdenaren amaieran, 19-12, baina ez dira Azu Muguruzarenak hor gelditu. Bizkaitarrek jaurtiketa errazenak ere kale egin dituzten bitartean, donostiarrek bikoiztu egin dituzte aurkariak, 24-12 alegia, 5-0ko partzial bati esker.

Margaret Roundtreeri esker suspertu da Lointek Gernika Bizkaia, bost puntu jarraian sartu eta gero. Aldiz, apurka, gipuzkoarrei errebotea mantentzeko arazoak pilatu zaizkie eta erasoan saskirako bidea galdu egin dute nonbait. Bestalde, Roselis Silva kantxan sartzeak mesede handia egin dio Mario Lopezen taldeari, jokoa bizitu baitu eta, bide batez, Coulibalyri bigarren pertsonala atera dio.

Dena dela, atsedenaldira aurretik iristea lortu dute Azu Muguruzarenek, hori bai, 4-13ko partziala jaso eta gero, markailua 30-25 dela amaitu da aurreneko erdia Josean Gasca kiroldegian.

Garaipena eta averagea ere bai

Hirugarren laurdena 6-0ko partzialarekin ekin du IDK Euskotrenek, Laura Cornelius eta maria Españak hiruko bana saskiratuta, baina eutsi dio talde bizkaitarrak etxekoen ahaleginei. Are gehiago, 42-41eraino hurbiltzea erdietsi du, eta aurretik ere jarriko zatekeen jaurtiketa libreak bata bestearen atzetik hutsegin ez balitu.

Alabaina, laurdenak aurera egin ahala antzematen hasi da bizkaitarrek 42 egun zeramatzatela ligako partidarik jokatu gabe –zehatzago esanda, hilaren 4tik hona ez dutela partida bakarra jokatu– eta derbia azken laurdenaren atarira 46-41 iritsi arren, nekea pilatzen hasi dela bistakoa izan da bizkaitarrengan, batez ere barruko jokalarien artean, Cox, Coulibaly eta Cvitkovici eusteko lana gogotik egin behar izan baitute.

Eta gasolina amaitu denean Mario Lopezen jokalarien artean, Coulibaly azaldu da donostiarren artean. Laura Corneliusek «jaten emanda», Maliko pibotak nahi izan duen guztia egin du gernikarren uztaipean, Tinara Moore eta Brcaninovic askoz ere makalago ibili baitira berau defendatzen.

Hori gutxi ez eta, Laura Corneliusek bere partida bikaina hiruko lerrotik borobildu du, eta hala, donostiarrek ez dute bakarrik bigarren itzuliko aurreneko euskal derbia eraman, baita Lointek Gernika Bizkaiarekiko averagea ere, Malosten bizkaitarrak 87-71 nagusitu baitziren.

Donostiarrek bigarren itzulia bikain hasi dute. Kopako txartela eskuan eta Ligako Top 8an sendotzeko asmoz. Bizkaitarrek, berriz, astean zehar jokatu beharreko partidak izango dituzte gogoan, igande eguerdiko berotua irentsi eta beharrezko dituzten garaipenak lortu asmoz, hauek ere Kopan egon eta Ligako aurreneko postuetan finkatu nahian baitabiltza.

PARTIDAREN FITXA

IDK: Yurena Diaz (6), Harden (2), Joy Adams (11), Lauren Cox (11) eta Marian Coulibaly (13) –hasierako bostekoa–, Laura Cornelius (12), Maria España (10), Cvitkovic (10) eta Lena Niang.

Gernika: Roso Buch (5), Angie Bjorklund (5), Belen Arrojo (8), Tinara Moore (4) eta Paua Ginzo (12) –hasierako bostekoa–, Margaret Roundtree (11), Lashann Higgs (2), Roselis Silva (5), Melisa Brcaninovic (2), Itziar Ariztimuño eta Marta Alberdi.

Partzialak: 19-12, 11-13, 16-16, 29-13.

Epaileak: Muñoz, Rial eta Fanes. Egotzitakorik gabe.

Gorabeherak: Emakumeen Endesa Ligako derbia, Josean Gasca kiroldegian jokatua. 42 egun eta gero, abenduaren 11az geriztik, gernikarrek aurreneko liga partida jokatu dute.

Kutxabank Araski, Logroñon galtzaile

Bestalde, Kutxabank Araskik sekulako jipoia jaso du Campus Prometeren kantxan. Madelen Urietak zuzentzen duen taldeak laurden guztiak galdu ditu eta hala, ez da harritzekoa partidako azken emaitza 75-50 izatea.

Ez da harritzekoa ere halako aldea, gasteiztarrek jaurtiketan oso egun petrala izan dutelako. Hiruko jaurtiketetan 12 ahaleginetik bakarra saskiratu dute –azken laurdenean gainera, partida erabat hautsita zegoela– eta jaurtiketa libreetan, berriz, 19 jaurtiketatik 9 baino ez. Ondorioz, Tanaya Atkinson eta Tamara Seda izan ezik, gainontzeko Kutxabank Araskiko jokalariak bere mailaz oso behetik aritu dira. Izan ere, aipatu bi jokalariez gain, Leia Dongue –8 puntu– eta Bea Sanchez –7 puntu– izan dira bakarrik saskiratzerik lortzeko gai.

Aldiz, Errioxako taldeak bere lana ganoraz bete du. Aina Ayuso antolatzailea buruzagi hartuta, aurreneko minutuetatik garbiago izan dute nola jokatu. Uztaipean, berriz, Diarrak 15 puntu eta 11 errebote pilatu ditu, eta osterantzean Buranik eta Araskiko jokalari ohi Paula Estebasek ere 10 puntutik gora sartu dituzte.

Esan behar da Campus Promete eta Kutxabank Araski play-offetarako sailkatze bidean, aurkari zuzenak direla. Gasteiztarrek 53-47 irabazi zuten Mendizorrotzako partidan. Igandeko jipoiarekin, Logroñoko taldeak garaipen bat gehiago pilatu du talde arabarrak baino –8 errioxarrek, 7 euskaldunek– eta horrez gain, bien arteko averagea ere bereganatu du.