INFO

Euspot lehiaketaren aurtengo gaia «Zergatik lan egin kooperatiba batean?» izango da

Euspot lehiaketak bere 11. edizioa martxan jarri du eta aurkeztutako bideoek «Zergatik lan egin kooperatiba batean?» gaia izango dute ardatz.

Euspot lehiaketaren 11. edizioaren aurkezpen ekitaldia. (Euspot)

Euspoten, euskarazko spot lehiaketaren, 11. edizioa aurkeztu dute asteazken honetan Euskadiko Kooperatiben Goren-kontseiluaren eraikinean, Gasteizen. Aurtengo gaia kooperatibismoa izango da eta spotek ondoko galderari erantzun beharko diote: «Zergatik lan egin kooperatiba batean?». Hori horrela, parte-hartzaileek Euskal Herriko gazteak kooperatibismora hurbildu beharko dituzte 30 segundoko ikus-entzunezkoak sortuz.

Izan ere, 2022ko edizioko babesle nagusia EAEko Kooperatiben Goren Kontseilua izango da eta horregatik izango da kooperatibismoa tematikaren ardatza. Lehiaketaren bitartez, EAEko Kooperatiben erakunde nagusiak kooperatibismoa eta eredu kooperatiboaren balioak «gazteengan hedatzeko saiakera» egin nahi duela azaldu du Euspotek.

Euspotek esplikatu duenez, orain arteko ia edizio guztietan Euskal Herriko ia 500 lan inguru jaso izan ditu lehiaketak eta, aurten ere, parte-hartze markak haustea espero du: «Euskal Herrian aitzindaria da euskara, sormena eta publizitatearen arloa uztartzen».

Sariei dagokienez, 3.000 euro banatuko dituzte guztira: irabazleak 1.000 euro poltsikoratuko ditu; publikoaren gustukoena, gazteak eta Mondragon Unibertsitateko ikasleak kategorietako irabazleek 500 euro jasoko dituzte; musika sinkronizazio onenaren txapeldunak 300 euro irabaziko ditu eta Arizmendiko ikasleen spotik onenaren egileak, aldiz, 250 euro.

Parte-hartzaileek maiatzaren 19ra arte aurkeztu ahalko dituzte beraien lanak. Gainera, iazko berrikuntzari jarraituz, ikus-entzunezkoak formatu librekoak izango direla aurreratu du Euspotek. Hortaz, spotak horizontalean zein bertikalean grabatutakoak izan daitezke eta 30 segundoko gehienezko luzeera izan beharko dute. Hizkuntzari dagokionez, euskaraz izan beharko dira nahitaez.