Elkarrekin Podemosek Elizaren sexu abusuak ikertzeko batzordea eskatu dio Lakuari
Elkarrekin Podemosek EAEn Elizaren hainbat ordezkarik adingabeei egindako sexu abusuak ikertzeko batzorde independente bat sortzea eskatu dio Lakuako Gobernuari. Era berean, erreparaziorako politika publikoak planifikatu eta gauzatzeko eskatu dio.
Elkarrekin Podemosek legez besteko proposamen bat erregistratu du astearte goiz honetan Gasteizko Parlamentuan, Lakuako Gobernuak EAEn Elizaren hainbat ordezkarik adingabeei egindako sexu abusuak ikertzeko batzorde independente bat sortzeko eskariarekin. Miren Gorrotxategi Legebiltzarreko bozeramaileak esan duenez, «errealitate oso larria da abusuena, eta elizako estamentuek urteak daramatzate ezkutatzen».
Joan den ekainaren 4tik aurrera, 8/2021 Lege Organikoak luzatu egin zuen adingabeei egindako delitu larrienen preskripzio epea, hamazortzi urte izatetik hogeita hamabost izatera igaro baita. «Hori, zalantzarik gabe, aurrerapauso handia da, eta biktimen prebentziorako eta erreparaziorako politika publikoen eskutik joan behar du aldi berean».
Horregatik, ikerketa batzorde independentetik haratago, Elkarrekin Podemosek Lakuari erreparaziorako politika publikoak planifikatu eta gauzatzeko eskatu die.
Gainera, Parlamentuko sexu abusuen lantaldea berraktibatzeko ere galdegin du; izan ere, «urtebete daramagu legegintzaldian, eta presidenteak ez du behin ere deitu», salatu du Gorrotxategik.
«Hainbat ikerketak eta Kriminologiaren Euskal Institutuak berak onartu dutenez, Elizan izandako abusuak sistematikoak izan dira, euskal Elizan ere bai. 2019an, Bilboko apezpikutzak onartu zuen Elizaren barruan hiru abusu izan zirela 1950 eta 1990 urteen artean. Hala ere, aitorpen hori abusatzaileak hildakoan iritsi zen, eta ez du modu integralean erreparatzen. Harrezkero, salaketak ugaritu egin dira Getxon, Bilbon, Gasteizen, Gernikan edo Donostian. Erakundeek altueraz jokatu behar dugu eta biktimei merezi duten segurtasuna eskaini», adierazi du.