Collageak eta fikzioa, Esther Ferrer artistaren unibertsoan murgiltzeko
Esther Ferrer diziplina anitzeko artistaren obrari hurbildu zaio Pamiela argitaletxea. Aran Santamariak sortutako collageak eta Aintzane Usandizaga idazlearen fikziozko istorioa uztartuz, donostiarrak denboraren inguruan egindako hamaika hausnarketen haritik tira egin dute.
Esther Ferrer (Donostia, 1937) artistak denbora izan du maiz buruan bueltaka, eta hori bere obretan irauli du. Hari horri eutsi diote Aran Santamaria eta Aintzane Usandizagak donostiarraren unibertsora gerturatzeko, bertan igeri egin eta zabaltzeko. Bidea, lehenengoaren collageak eta bigarrenaren fikziozko istorioa izan dira. ‘(Ia) guztia moztu edo itsats daiteke. Esther Ferrer eta denbora’ (Pamiela) liburua da emaitza, eta asteazken honetan aurkeztu dute San Telmo museoan, Donostian.
Bagara sailaren baitan argitaratua, helburua artisten lana, haren unibertso piktorikoak eta kontzeptualak ezagutzera ematea da, ez hainbeste egileen figura. Baina nondik heldu Esther Ferrer? Dituen mila ertzen artean, denboraren hariari segi egitea aukeratu dute liburuaren egileek. Testua sortzea izan zen lehenengo urratsa; irudiak gero etorri ziren, nahiz eta tartean biak moldatu diren ondo uztartzeko, batak bestea behar duelako.
Abiapuntua, Usandizagak berak NAIZ-i azaldu dioenez, artistaren inguruan asko irakurri eta ikastea izan da. «Beretzat berebiziko garrantzia zuen eta du denborak, eta hortik sartu nahi izan nuen. Oso gai mamitsua da, zaila, baina jolasteko asko ematen duena». Dioenez, Ferrerrek badu performance bat non galdetzen duen: ‘Zer da infinitua?’. «Eta oker ez nabago berak esan zuen asko hitz egiten dugula denboraz, baina inork ez dakiela zer den».
Eta zer da denbora? «Umeen ikuspegitik egunerokoa edo bizitza asteetan edo egunetan antolatzen da, eta ez dute oso ondo ulertzen denbora zer den, baina guk heldu bezala uste badugu ere badakigula zer den denbora, zer gertatzen da kentzen baditugu egutegiak edo ordulariak…? Gu ere denbora zer den galdera horretan galdu egiten gara», uste du idazleak.
Gai filosofiko bat kasik, jolasetik azaltzea, beraz. «Zailtasuna hortxe dago –erantsi du–, baina sorkuntza hori da. Umeek egiten duten moduan, mundua ezagutzeko, etengabe galderak planteatzen dituzte, eta gauzak beste modu batean begiratzeko, ikasteko, jolastu egiten dute. Eta hori Estherren lanean ikusten dugu, Estherrek jolastu egiten du. Jolasten du medioekin, materialekin, gorputzarekin eta kontzeptuekin. Jolastu oso serio, baina jolastu azken batean. Horrela iristen zara beste leku batzuetara, jolastera probatzen».
Liburua bera jolas bat bezala planteatu da, eta horretarako fikziozko Esther Ferrer bat sortu du Usandizagak. Pertsonaiak denbora harrapatu nahi du, bere borondatera moztu, itsatsi eta moldatzeko, eta horretarako lau planeko plan bat egingo du. «Esther Ferrerren kontzeptu eta iruditegitik abiatzen gara baina gure galbahetik pasatzen den fikziozko ipuin bat da. Eta hor dago beste barne jolas bat, dela Esther Ferrer ezagutzen duenak keinu asko ikusiko dituela, bai irudietan bai kontzeptuetan, bere lanari buruzkoak. Baina ezagutzen ez duenak ipuin bat irakurriko du eta bere obrari hurbilduko zaio», zehazten du. Bukaeran, gainera, badago egilearen informazio gehiago eta QR kode bat egilea sakonago ezagutu ahal izateko.
Santamariaren collageak
Testua irudietara eramatea izan da Santamariaren eginkizuna. Denbora islatzeko ordulariak, erregelak; gero badaude planetak, gorputza, garunak, eta Esther Ferrerrek bere buruari egindako argazki zatiak, besteak beste. Ia ezin jakin zenbat irudi erabili dituen. Artistak erabili izan duen haria ere baliatu du egileak konposizioak egiteko orduan.
Onartu duenez, lehenengo erronka liburu ilustratu bat egitea izan da, bera ez baita ilustratzailea. «Gehienbat collageak eta liburu eraldatuak egiten ditut. Proiektu hau zentzu horretan berritzailea izan da niretzat, eta adibidez beste teknika batzuk erabiltzera eraman nau. Ni ohituta nago irudi solteak egitera, baina hemen istorio bat dago, eta istorio jarraitu bati eutsi behar zioten irudiek, testuarekin ezkondu behar zuten», kontatu dio NAIZi.
Irudi nahasketa handia dago, eta iturri ezberdinetatik edan du Santamariak. Entziklopedia zaharrak, aldizkariak, anatomia liburuak eta, jakina, Ferrerren obraren katalogoak izan ditu oinarri. «Photoshopak asko lagundu dit, neurriz aldatzeko adibidez. Ia dena eskaneatu behar izan dut, eta gero hortik eraiki ditut collageak».