Euskaraldi «ikusgarriagoa» egin nahi dute aurten, praktika linguistikoan eragiteko
2020an egindako bigarren edizioaren parte-hartzea, eragina eta antolaketari buruzko ikerketa aurkeztu dute gaur. Aurten azaroaren 18tik abenduaren 2ra burutuko den hirugarren edizioan ariketa sozial «ikusgarriagoa» egin beharra azpimarratu du Kike Amonarrizek.
2020ean Euskaraldiaren bigarren edizioa egin zen, eta aurreko ariketan bezala, azken honetan ere ikerketa sakona egin da. Ikerketa horren emaitzak aurkezteko elkartu dira gaur Bilbon Euskaraldiko koordinazio mahaiko kideak diren Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria, Bingen Zupiria Lakuako Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarren Harremanetako kontseilaria eta Siadeco ikerketa elkarteko Lide Rekondo eta Unai Oiartzun teknikariak, azterketaren egileak.
Siadecok eta Ipar Euskal Herrian Euskararen Erakunde Publikoak aztertu dituzte Euskaraldiak izan duen eragina, bai herritarren artean eta baita parte hartu zuten entitateek sortutako ariguneetan ere. Horretaz gain, herrietako batzordeen funtzionamendu eta eragina aztertu dute.
Datu eta joera ugari agerrarazi ditu Siadecok egindako ikerketa lanak. Euskaraldiaren bigarren edizioan 178.184 belarriprest eta ahobizik eman zuten izena; 2018an baino gutxiago izan dira (%20,9). Izen-emate jaitsiera horretan covid-19aren pandemiak izandako eragina nabarmendu dute koordinazio mahaiko kideek. Baina bost parte-hartzailetik batek lehen aldiz eman du izena ariketan; belarripresten artean, lehen aldiz izena eman dutenak gehiago izan dira.
Ikerketa honek, aurrekoen moduan, ariketaren inguruko joera asko azaleratu ditu. Erakutsi du, besteak beste, zenbat eta euskaldunagoa izan ingurua, orduan eta altuagoa dela ahobizien kopurua; gune erdaldunagoetan, aldiz, altuagoa da belarripresten proportzioa. Eta lehen edizioan gertatu zen bezala, ahobizi nabarmen gehiago izan ziren belarriprestak baino. 2020an emakumezkoak izan ziren parte-hartzaileen bi heren, eta adin tarteen arabera, 30-44 urte artekoena nagusitu zen.
Euskararen erabilera handitzea, partaideen helburu nagusia
Siadeco ikerketa elkarteko kideek azpimarratu dutenez, parte-hartzaile gehienek euskararen erabilera handitzea izan dute helburu; belarripresten artean pisu handiagoa du euskaraz egiteko aukera berriak bilatzeak.
«Kaleko eremuan eman da aurrerapausorik handiena eta egonkorrena, nahiz eta bi rolentzat bertan izan den zailena rolen konpromisoak betetzea. Dena den, lehen pausoa ematea lortu da eta tinkoago eutsi zaio», esan du Rekondok.
Portaera aldaketetan gainera txapak lagungarri direla nabarmentzen dute partaideek: 10 partaidetik 7k txapa beti, ia beti edo askotan erabili du, eta erabilerak ziurtasuna ematen duela esaten dute.
Entitateetan ariketa lehen aldiz egin zen 2020ean, eta horrek ariguneetan ariketa modu kolektiboan egiteko aukera eman zien herritarrei. Hori horrela, 8.309 egoitzak eman zuten izena 2020ko edizioan, eta haiek 24.363 arigune sortu zituzten Euskal Herri osoan.
Ikerketak azaleratu duenez, kanpo arigunea sortzea errazagoa iruditu zaie entitateetako kideei; eta barne ariguneak lanketa sakonagoa behar izan du. Horrekin lotuta, gune euskaldunetan barne arigunearen ariketa errazago egin dute; kanpo arigunearena, aldiz, erdaldunetan.
«2020ko Euskaraldia covid-19aren testuinguruan gauzatzea egokitu zaigu, eta beraz, aurretiko-bitarteko-ondorengo faseetan eragina izan du aldagai honek. Covidaren eragina nabarmena izan da: txapak kalean ikustean, giroan, antolaketan, izen-ematean, mezua zabaltzean, rolak betetzerakoan, parte hartzeko aukeretan... Kaleko presentzia asko gutxitu da pandemiaren eraginez eta bagenekien horrek ariketan bertan ere eragingo zuela. Hala ere, partaideek, oro har balorazio ona egiten dute Euskaraldiaren gainean», adierazi du Amonarrizek.
Hizkuntza ohitura aldaketa, epe ertain-luzeko prozesua
Zupiria sailburuak «ariketa masiboa» izan dela nabarmendu du, eta hel daitekeen unibertso potentzialaren %15era iritsi dela gogoratu du. Hala ere, oraindik hedatzeko aukera baduela azpimarratu du, «bereziki hiriguneetan kale presentzia handituz».
«Euskaraldiko parte-hartzaileek inguruan eragiteko eta aurrerapauso zehatzak eragiteko duten gaitasuna handia da. Kontuan izan behar da erabilera handitzeko ez ezik, partaideek inguruan eragiteko duten potentziala handia dela. Horregatik hirugarren edizioan, aurten egingo dugunean, belarriprest eta ahobiziak eragile aktibo izatea nahi dugu bai euren buruarengan eta baita ingurukoengan ere», esan du.
Ollo kontseilariak azpimarratu duenez, azterketatik ondorioztatzen den bezala, parte-hartzaile askok aurrerapen garrantzitsuak izan dituzte beren inguruneko harremanetan eta euskararen erabileran: «Eta horretan jarraitu behar dugu, hizkuntza ohitura aldaketak epe ertain-luzeko prozesuak baitira. Beraz, epe laburreko begiradak alde batera utzi behar ditugu».
«Euskaraldiaren antolaketa dinamikari buruzko datu positiboak erakusten ditu eta dinamika horrek onarpen ona izan du. Batzordeetan, gizarte eta erakunde arloko lankidetza lana egin da, eta boluntarioen eskutik etorri da partaidetza nagusia. Partaidetza eredu horrek garrantzi handia du, eta lankidetza modu horietan sakontzen jarraitu behar dugu, gobernuen eta herritarren ekintzek elkar elikatuz, elkarrekin joan behar baitute gaur egun», gaineratu du Ollok.
Aurtengo Euskaraldiari begira
2022ko Euskaraldia azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da ‘Hitzez ekiteko garaia’ lelopean. Hirugarren edizio honetarako ariketa soziala «ikusgarriago» egin beharra azpimarratu du Amonarrizek, «aktibazioaren urtea» izango dela erantsiz. Horretarako, alde batetik, kalea berreskuratu beharra aipatu du eta, beste aldetik, identifikagarri eta txapen erabilera indartzeko lan egingo dela, horrek ariketan eragin positiboa duela azpimarratu baita ikerketan.
«Partaideek egiten duten Euskaraldiaren balorazioa bizipenei oso lotuta dago, norberak egindako aurrerapausoei eta gizarte mailan ikusten diren jokabide aldaketei oso lotuta. Aurrerantzean Euskaraldiak aurrerapauso eta lorpenetan horietan jarriko du arreta, orain arte egin du, baina aurrerantzean askoz gehiago», adierazi du Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak.