INFO

Kopan egotea ezinezkoa bada ere, behintzat Valentziari irabazten saiatuko da Araski

Gasteiztarrek 75 puntuko aldearekin irabazi beharko lioteke talde laranjari martxoan jokatuko den Emakumeen Kopan egoteko. Dena den, sailkapen nagusiko Top 8ra hurbiltzen saiatuko dira Madelen Urietarenak, azken orduan covid-19az positibo eman duten bi kasu azaldu badira ere.

Izaskun Garcia, Gernikan jokatu zen derbian. (Endika PORTILLO / FOKU)

IDK Euskotren eta Lointek Gernika Bizkaia martxoaren 24tik 27ra Valentzian jokatuko dute, Valentzia Basket bera, Perfumerias Avenida, Spar Girona, Cadi La Seu eta Estudiantesekin batera. Sailkapena lortuko duen zortzigarren taldea falta da, eta ziurrenik Basquet Zaragoza izango bada ere, Kutxabank Araskik oraindik aukera nimiño bat du «zortzigarren bidaiari» hori izateko. Ia ezinezkoa, egia esanda; ez baitu aski talde gasteiztarrak Valentzia Basket irabazita, baizik eta 75! puntuko aldea beharko luke aurreneko itzulia Top 8an amaitzeko, Zaragozako taldeak bere alde duen puntu aldea gainditzeko.

Ondorioz, alperrik da txakur ametsetan jardutea, Kutxabank Araski ez delako Kopan izango, miraririk tartean ez bada. Alabaina, gasteiztarrek badute zereginik ostiral arratsaldean 19.00etatik aurrera. Azken aldian Mendizorrotzan indarra eta ahalmena erakusten ari da Madelen Urietaren taldea eta gaitasun hori berresteko parada ezinhobea litzateke Valentzia Basketi irabaztea. Hala, titulurako play-offetara sailkatzea helburu hartuta, Top 8ra hurbilduko litzateke talde gasteiztarra.

Kutxabank Araskik uneotan 8-8ko balantzea dauka 16 partida jokatu ostean, horietatik bi, bigarren itzuliari dagozkionak. Hala, behin behinean hamargarren postuan dago, baina zortzigarren lekuan dagoen Campus Prometerekin berdinduta –puntu aldea, hori bai, errioxarrek beren alde dute–. Esan gabe doa Valentziari irabaziko balio, Madelen Urietaren taldeak aurrerapauso polita emango lukeela.

Bestela ere zaila izango da gasteiztarrentzat Valentzia gainditzea, baina are zailago azken orduetan covid-19az bi kasu positibo azaldu baitira. Kutxabank Araskik bere webgunearen bidez aditzera eman duenez, «etxean isloaturik eta osasun egoera onean» omen daude jokalari hauek biak. Gainontzekoek, berriz, negatibo eman dute proba gehigarrietan. Ondorioz, partida besterik gabe jokatu ahal izango da. Horrez gain, Eleanna Christinaki hegaleko greziarrak ere ezingo du jokatu, orkatilan min hartuta baitago. Beestela ere, dena den, ezingo zukeen jokatu, aurrez partida honetarako izena eman gabe baitzegoen.

Valentzia Basketen une txarra

Gasteiztarren arazoak gorabehera, Valentzia Basket bera ere ez dago sasoirik onenean. Covid-19a dela, Raquel Carrera eta Anna Gomezen lesioak direla, zenbait jokalariren joko puntu eskasa dela... Ruben Burgosek zuzentzen duen taldea ez dago sasoirik onenean. Egia da Emakumeen Eurocupeko final-laurdenetara sailkatu berri direla Poloniako Polkowice taldea asteazken honetan kanpoan laga eta gero.

Baina txiripaz eta izerdia majo botata gainditu zuten talde poloniarra. Joaneko deman valentziarrek zortzi puntuko aldeaz irabazi zuten eta asteazkenean 63-66 galdu arren lortu zuten hurrengo kanporaketarako txartela. Hori bai, azken minutuan 9-0ko partziala erdietsita lortu zuten aurrera egitea, behinola Hondarribia-Irunen aritu zen Laura Gilek etengabeko borrokak eta Bec Allenen kalitateak salbatu zuen talde laranja.

Itziar Ariztimuño, min hartuta

Lointek Gernika Bizkaiari buruz, Legansei irabazita Koparako txartela bermatu zuela esan behar, baina oraindik serieburu izateko aukera baduela gaineratu behar da ere. Asteburuan, FIBA Lehioak direla-eta, ez da Emakumeen Ligako partidarik izango, eta hargatik «lau eguneko atsedena» iragarri zuen Mario Lopezek asteazkeneko partida amaitu berritan.

Kopan serieburu izatngo den edo ez jakiteko, Irati Etxarriren Cadi La Seuren aurka hilaren 12an jokatu beharreko partida irabazi beharko dute bizkaitarrek. Partida hori irabazten duena serieburu izango da eta aurkaririk gogorrenak saihestuko ditu Kopako final-laurdenetan.

Ikusi egin behar, ordea, hilaren 12ko partida hori jokatzera iristen den Itziar Ariztimuño antolatzailea. Jokalari bilbotarrak min hartu zuen Leganesen aurkako partidaren azken aldera, eskuin eskuan kolpe handia jaso baitzuen saskira sarrera egiten ari zela.

Talde bizkaitarreko mediku zerbitzuek igorritako informazioaren arabera, antolatzaile bizkaitarrak «apurtuta dauzka eskumako eskuko laugarren eta bosgarren hatzamarretako hatz-hezurrak». Taldera itzultzea «bere eboluzioaren araberakoa» izango da.