Amazoniako deforestazioak %56 baino gehiago egin du gora Brasilen azken hiru urteetan
Brasilgo Amazoniako deforestazioak %56,6 egin du gora azken hiru urteetan, eta 32.740 kilometro koadroko landaredia galdu du. 2015etik 2018ra bitartean 20.911 kilometro koadro deforestatu ziren, besteak beste, Jair Bolsonaroren ingurumen-fiskalizazioa desegitearen aldeko diskurtsoak eraginda.
Brasilgo Amazoniako deforestazioak %56,6 egin du gora azken hiru urteetan, eta 32.740 kilometro koadroko landaredia galdu du. Gainera, sekula izan duen deforestazio maila handiena izan zuen Amazoniak iaz.
Brasilgo Ikerketa Espazialen Institutu Nazionalak (INPE) argitaratutako txosten baten arabera, kaltetutako lurraldea handitu egin da, 2015etik 2018ra bitartean 20.911 kilometro koadro deforestatu baitziren.
Ikerketaren arabera, prozesua bereziki 2018ko bigarren erdian azkartu zen. Egoera horrek okerrera egin zuen Jair Bolsonarok presidente izateko bultzatu zuen kanpainaren ondotik, ingurumen-fiskalizazioa desegitearen alde agertu baitzen.
«Une horretatik aurrera (hauteskunde-aldian), gertaera politiko eta legegileek ingurumen-agendaren ardura duten politika eta erakundeen ahultzea eragin zuten», jasotzen du testuak.
Hala, Bolsonaroren Gobernuari leporatu dio «hondamendiaren dinamika» berri bat abiatu izana, fiskalizazioa ahulduz, ingurumen-delituetarako amnistia onartuz eta botere legegiletik kanpo hartutako neurriak bultzatuz, besteak beste.
Datuen arabera, orain, 2020 eta 2021 artean, Amazonas deforestazio-maila handiena duen bigarren eskualdea da, Paráren atzetik. Hirugarrenik, Mato Grosso dago. Alde horretatik, lur indigenak larriki kaltetu dira, eremu horietan deforestazioa %153 hazi baita.