INFO

Gipuzkoako Senideak elkarteak adinekoen egoitzetako mobilizazioekin bat egin du

ELA eta LAB sindikatuek adinekoen egoitzetan datorren otsailaren 11n, 16an eta martxoaren 24an deitutako mobilizazioak babesteaz gain, Gipuzkoako Senideak elkarteak esku hartzeko eskatu dio Markel Olanori, Aldundia zentroen kudeaketaren arduraduna den aldetik.

Gipuzkoako Senideak elkarteak ostiral honetan eman ditu aditzera inkestaren emaitzak. (Gipuzkoako Senideak)

Gipuzkoako Senideak elkarteak, adinekoen zentroetako erabiltzeen senideak batzen dituenak, bertako langileei zein sindikatuei lan gatazkari buruzko hurrengo mobilizazioetan laguntzeko erabakia hartu du, ostiral honetan prentsaurrean iragarri dutenez. «Hiru urteko gatazka da, eta aurrerapausoak behar ditugu egoitza-zentroetan duintasuna berreskuratzeko», gogorarazi dute.

Gauzak honela, bai ELA zein LAB sindikatuek, nork bere aldetik, iragarri dituzten deialdiei atxikimendua adierazi diete. Lehena hil honen 11n izango da, LABek lantokietan deitu dituen elkarretaratzeekin, eta hurrengoa otsailaren 16an, greba egunarekin. Martxoaren 24rako molde berbera iragarri dute.

Babesaren erabakia erabiltzaileen familiei egindako barne inkesta baten ondotik dator. Galdetegia erantzun dutenen %95ek uste du «Gipuzkoako Foru Aldundiak, adinekoen egoitzen kudeaketaren arduraduna denez, bitartekotza egin behar duela eta lan gatazka konpondu behar duela». Deitoratu dutenez, «askotan eskatu izan dugu Foru Aldundiaren esku hartzea, eta beti ezezkoa izan da erantzuna. Hiru urte eta erdiko gatazka [da], 257 greba egunetarako bidean».

Pandemiaren ia bi urte hauetan egoitzen egoera «kritikoa» izan dela berretsi dute, besteak beste, «agurrik gabeko heriotzak eta pertsonen osasunean eragin negatiboa izan duen isolamendu gogorra, hala frogatu baita. Hala ere, osasun mentaleko profesionalek gomendioak eman arren, isolamenduaz abusatzen jarraitzen da», salatu dute.

Erantsi dutenez, «une honetan, plantillak akituta eta oso murriztuta daude, eta batzuetan ez dira bajak eta oporrak betetzen, eta beste lankide batzuek ahalegin eta funtzio gehiago egin behar izaten dituzte».

Inkesta, errealitateari neurria hartzeko

Gizarte Politiketako foru ordezkaritzak «elkartearekin biltzea onartu ez duenez, eta etorkizuna bideratzeko dugun helburuari dagokionez», inkesta baten bidez elkartekideek garrantzitsuak ikusten dituzten gaiei buruz iritzia jaso du. Zentzu berean, eta korapiloa askatu asmoz, Markel Olano ahaldun nagusiari bilera eskatu diote.

Honakoa da abiapuntua: galdetegi idatzi bat banatu zen aurtengo urtarrilaren 10etik 25era bitartean eta emaitzak posta elektroniko, whatsapp eta eskura jaso ziren. Guztira 266 pertsonak parte hartu dute, 222 elkartekide eta 44 senide elkartu gabe. Ordezkatutako 27 zentroetatik 18 Donostialdean daude eta 9 Debabarrena, Urola Kosta, Goierri, Bidasoa eta Tolosaldean, hurrenez hurren.

Datu esanguratsu batzuk: % 95ek uste du egoitzen kudeaketaren arduraduna Foru Aldundia denez lan gatazka konpondu eta bitartekoa izan behar duela, eta %62 ez dago ados Gipuzkoan egoitzetako zaintzaren kalitatea Bizkaikoa eta Arabakoa baino hobea izatearekin. Gainera, %73k uste du zerbitzuek, kuotek eta laguntzek berdinak izan behar dutela EAEko edozein lurraldetan.

Parte hartzeko eskubideari dagokionez, %74k uste du Foru Aldundiak eredu izan behar duela erabiltzaileen eta senideen elkarteen parte-hartzean, eta zentroak behartu behar dituela parte hartzeko bide sistematikoak bermatzera, zerbitzua hobetzeko bitarteko gisa. Pate hartu dutenen %7k baino ez du adierazi erabiltzaileek eta senideek «beren zentroetan parte hartzeko bideak ezagutzen dituztela», eta %77k ez dituela ezagutzen aitortu du.