Gorantz zein beherantz begira, jardunaldi oso garrantzitsua Bera Bera eta Zuazorentzat
Euskal talde biek etxean jokatuko dute zapatu arratsaldean. Josean Gasca kiroldegian donostiarrek lidertza sendotzea nahi dute ligako bigarren postuan datorren Rocasa kanariarren aurka. Lasesarren, aldiz, jaitsiera postuetara ez erortzeko garaipena behar du Zuazok Valladoliden kontra.
Kirol kazetaritzaren pekatu handienetako bat jardunaldi bakoitzari dagokiona baino garrantzia ematea da eta, hala, askotan ez da erraz antzematen benetan zein jardunaldi izan daitekeen hil ala bizikoa. Ohorezko Mailan aurreneko itzulia amaitzera doa, oraindik asko falta da beraz, baina horrek ez du esan nahi larunbat honetako partidak garrantzia eskerga ez dutenik lehiaketan parte hartzen ari diren euskal talde bientzat, gorantz zein beherantz begira.
Hasteko, Super Amara Bera Bera sailkapeneko liderrak bigarren doan Rocasa hartuko du etxean 18.00etan Josean Gasca kiroldegian. Iluntzeko 19.30etan, berriz, Zubileta Evolution Zuazo talde bizkaitarrak jaitsiera postuetan ez murgiltzeko, eta ahal dela, postu horiekiko aldea handitzeko, garaipena bilatuko du sailkapenean bosgarren postuan doan Aula Valladoliden aurka.
«Klasiko» bat Donostian
Donostiarren dagokienez, 23 puntu pilatu dituzte, 12 jardunaldiren ostean 11 garaipen eta berdinketa bat lortu eta gero. Rocasa Kanaria Handiko taldeak 18 puntu pilatu ditu orain arte, baina partida bat gutxiago jokatuta. Bada, zapatu arratsaldeko neurketa honetan aurreneko itzuliari erremate ezinhobea ezarri diezaioke Imanol Alvarezek zuzentzen duen taldeak. Etxean ezarri gainera, azaroaren 20tik hona Gascan ez baitu jokatu.
Azken asteetan Morvedre eta Zonzamas Cicar Lanzarote taldeen aurka irabazi ostean, Bera Bera etxera itzuliko da eta Gasca kiroldegian gehienez sartzerik izango duten 500 lagun horien beratasuna beharko du, lehiaketako arerio gogorrenetakoa izango baitu bisitari, 18.00etatik aurrera –Teledeportek zuzenean eskainiko du, bide batez–.
Ligako «klasikoetako» bat da Gascan jokatuko dena. Hain zuen, talde hauek biek hirurogeigarrenez jokatuko dute elkarren aurka. Hain zuzen Teldeko Remudas taldeak 1989an elitera igotzea lortu zuen Bidebietan antolatu zen fasean, eta hurrengo urtean donostiarrak lortu zuten helburu bera. Geroztik bi taldeak maila gorenean dihardute.
Donostian jokatu dituzten 29 nogehiagoketan etxekoek abantaila argia dute, 22 garaipen lortu dituzte-eta. Kanariarrek sei bider irabazi dite eta berdikenta bakarra gertatu da. Teldekoen azken garaipena 2017ko irailean izan zen: 29-34.
«Aste berezia»
Imanol Alvarez entrenatzaileak ez du norgehiagokaren garrantzia ezkutatu partida bezperako adierazpenetan. «Aste berezi dela nabari da. Jokalariek are eta intentsitate gehiagorekin dihardute, partida jokatzeko irrikan daude, txisparekin. Oso zaila izango dela jakinean gaude, baina ziur nago zaleen babesa izango dugula», adierazi du Ermuko entrenatzaileak.
Bera Berako entrenatzailea baikor aritu da, baina zuhur, era berean. «Taldea ez dago azaroan zegoen moduan, faktore ezberdinak tarteko. Hala ere, azkenengo partidan defentsan hobeto ibili ginen eta neurketaribehar bezala ekin genion», azaldu du, hasteko.
«Rocasa aurkari zuzena da. Entrenatzaile berriak –Robert Cuestak, alegia– bere ideiak ditu eta fitxaketekin asmatu du. Bere jokalariak kontzentratuta ikusten ditut, ligako talderik onenetarikoa da eta beraientzat ere partida berezia izango da», ohartarazi du, bestalde.
Esan bezala, azaroaren 20an jokatu zuen azken partida Josean Gascan Super Amara Bera Berak. «Denbora asko da eta tentsio berezia somatzen dut», onartu du horren harira Imanol Alvarezek. Tentsioak tentsio, irabaziz gero, zazpi puntura lagako luke Kanaria Handiko taldea. Bada, balizko garaipena erabakigarri izan daitekeen galdetuta, teknikari bizkaitarrak galga sakatzea nahiago izan du, badaezpada.
«Lehenengo itzuliko azken partida da soilik», gogorarazi du. Dena den, onartu du «Rocasa bost puntura urrunduko bagenu –falta zaion partida Rocasak irabazi dezakeela aintzat hartuta– tarte interesgarria aterako genuke, gainontzeko taldeak ahaztu gabe. Ez galtzea ere oso garrantzitsua da, irabaztea era bai, baina liga erdi gelditzen da eta bigarren itzulian oso norgehiagoka konplikatuak ditugu, horietatik hainbat etxetik kanpo».
Partidaren gakoa zein izan litekeen galdetuta, Bera Berako entrenatzaileak «Rocasak ligako kanpoko jaurtiketarik onena izango» duela ohartarazi du. «Horrek adi egotea eskatzen digu baina Spugnini pibotean oso lan ona egiten ari da eta oreka aurkitu behar dugu».
Donostiarren erasoko jokoari begira, Alvarezek Europako partidak hartu ditu hizpide. «Nire ustez Rocasaren defentsa Ramnicu Valcearen antzekoa dela eta lan egitea exijituko digu. Liga irabazteko gauzak hobeto egin behar ditugu», aipatu du amaitzeko.
Zuazo, «eraginkortasun» bila
Zubileta Evolution Zuazok ere, 19.30etan hasita –eta streaming bidez ikusgai– partida zinez garrantzitsua jokatu beharko du, bere aldetik, Lasesarren. Aula Valladolid arerio ezagunak bisita egingo baitu. Puzelakoekin adiskidetasun harreman estua dauka Zuazok, jokalarien joan-etorria tarteko. Baina harreman ona partida amaitu eta gerorako laga beharko du, arerio gaiztoa baita «Haito» Rodriguezen taldearentzat jokoan dauden bi puntuak lortzeko.
Kopako azken faserako sailkatu berri da Valladolid, Porriñori bost goleko aldea irauli ostean. Horrek bere lehiakortasuna garbi nabarmentzen du. Ligako sailkapen nagusian, berriz, bosgarren postuan daude Gaztelakoak, 11 partida jokatu ostean 16 puntu pilatu eta gero.
Zuazo, berriz, hamargarren lekuan dago 7 punturekin 11 partida jokatu ondoren; alegia, jaitsiera saihesten duen azken postuan daude bizkaitarrak, bere atzetik datorren Morvedre talde valentziarrak baino puntu bakar bat gehiagorekin; valentziarrek partida bat gehiago jokatu dute, baina.
Horregatik, Joseba Rodriguezek argi dauka garaipena beste biderik ez dagoela lehenengo itzulia eremu arriskutsuan ez bukatzeko. Alabaina, Haitoren kezka nagusiena bizkaitarren «erabateko erregulartasun falta» da.
«Aula Valladolidek jokalari oso lehiakorrak ditu, ondo jokatzen dute buruz buruko egoeretan eta erritmo altuan lan egiten dute». Zuazoko entrenatzaileak Valladoliden atezainen lana azpimarratu du. «Atezainen lanak, trantsizioek eta bat baten kontrako jokoak markatzen bereizten du gure aurkaria», adierazi du Rodriguezek.
«Hemen daramatzadan lau urteetan behin bakarrik irabazi diegu, nahiz eta partida irekiak izan diren, ikusteko politak, bi aldeek gol asko sartuta. Partida irabazi eta lehenengo itzulia ondo bukatzeko, uste dut gakoa Malagan erakutsi genituen xehetasun taktikoak errepikatzea eta hobetzea izango dela, baina erasoan eraginkortasun handiagoz. Ezin dugu lau penalti huts egin, Malagan egin genuen bezala.
«Uste dut 20 puntuk emango dutela salbazioa liga honetan. Dena eman behar dugu, partida garrantzitsuak irabazteko apur bat falta zaigulako eta larunbatekoa horietako bat delako. Inoiz baino gehiago talde gisa defendatu beharko dugu. Defentsako laguntza asko egin beharko ditugu beren indar fisikoagari erantzuteko eta erasoan eraginkortasuna irabazteko. Puntual batu behar behar ditugu, jaitsiera postuekiko tartea zabaltzeko», ondorioztatu du entrenatzaile bizkaitarrak.