INFO

Baliabide mugatuak izan arren anbizio estrategikoa erakutsi nahi du Euskal Elkargoak

«Diru baliabide eskas dugu, baina bereziki tresna juridiko egokiagoak behar ditugu», azaldu du Jean-Rene Echegarayk 2022ko Euskal Elkargoak dituen egitasmo estrategikoen berri emateko gaur asteazkenean Baionan egin duen agerraldian.

Jean-Rene Etchegaray, otsailaren 9an, Euskal Elkargoaren lehentasunak azaltzeko Baionan eginiko agerraldian. (Bob EDME)

Euskal Hirugune Elkargoak aurten hasita eta ondoko urteetan garatuko dituen «garrantzia bereziko egitasmoak» azaltzeko agerraldia egin du, asteazken honetan, Jean-Rene Etchegarayk Baionan. Ipar Euskal Herriko erakundeko lehendakariak herritarrek zein eragile politikoek agertzen duten «urrutiago eta azkarrago joateko nahikeria» izan du aipagai.

2017an sortu zen erakundea, egiazki, 2020ko uztaila arte ez ziola bere lehenengo agintaldiari ekin oroitarazi du, ordea, Etchegarayk, «jendeak duen lurralde gosea» aitzinera egiteko akuilu gisa hartzeko beharra nabarmenduz. Frantziar Gobernuak mahai gainean eman duen 3DS legea ez dela nahikoa onartu du.

Ildo beretik kexu azaldu da diru baliabide eskas izateaz gain, Ipar Euskal Herriak ez dituelako tresna juridiko egokiak bere lurraldeko anbizioa aurrera eramateko. «Ez da aldarrikapen identitario soila, eraginkortasunaren afera da», nabarmendu du.

Kohesioa ardatz

Behin baino gehiagotan «Estatuaren dimisioaren aurrean» Euskal Elkargoak biztanle gutxiko udalek dituzten beharrak bere gain hartu behar dituela gogoratu du agintariak. Hala ere, lurralde kohesioa izanen dela ipar-orratz gaineratu du.

Hala nola Zuberoa, eta orohar barnealdeko hainbat eskualdetan, ematen den demografiaren apaltzeari aurre egiteko zerbitzuak bermatzeko helburua lehentasun estrategikoen artean kokatu du Euskal Elkargoko buruak.

Esaterako, medikuen faltari erantzuteko Bardozen, Atharratzen eta aurki Maulen izanen diren osasun etxeak aipatu ditu, baita haurtzaindegiak edo kultur eta kirol azpiegiturak sortzeko erakundeak eginiko apostua.

Era berean mugikortasun eta garraio sarea hobetzeko hainbat neurri zehaztu ditu. Bat nabarmentzearren, Basusarrin bere helmuga duen Tran'Bus linea berria martxan jarri nahi Euskal Elkargoak 2024rako.

Lapurdi barnealdera doan 14. linearekin bat egiteaz gain autoak lagatzeko eremua ezartzeko asmoa bada. Hala, garraio publikoan hiruburura eta orohar BABra (Baiona-Biarritz-Angelu) joan-jinak egiteko aukera hobetsi nahi du erakundeak.

7.500 ikasletik 10.000ra pasatzeko asmoa

Beste lehentasunera pasatuz, goi ikasketen eskaintza zabaltzeko egitasmoa lurraldearen garapenarekin baina baita justizia sozialarekin ere otu ditu agintari zentristak.

Nabarmendu duenez, «familia askok baliabide nahikorik ez dute haien seme-alabak Parisera edo Bordelera ikasketak egitera bidaltzeko».

Hezkuntza aukera zabaltzeko ahalegin horretan, Euskal Elkargoak Maulen bertan hiru urteko diplomatura egiteko egitasmoa nahi du garatu Baionan kanpusa duen Paue eta Aturriko Herrialdetako Unibertsitatearen (UPPA) eskutik.

«Etorkizuneko industrian jardunen duten profesionalak formatzea izanen da» kostatik barnealdera teknologioaren transferentzia hobetzea xede duen egitasmoa.

Ez da hezkuntza eta ikerketaren atalean elkargoak sustatu nahi duen ekimen bakarra.

Hala, Angelun kokatzen den Montauryko teknologia eta zientzietako kanpusean zein Bidarteko Estia injenieritza eskolaren eragin eremua zabaltzeko proiektuak aletu ditu, besteak beste, Etchegarayk.

20 milioiko inbertsioarekin, dagoeneko ISALAB eskola berriari loturiko jangela eta ikasleei zuzendutako kirol eta kultura aretoak ireki dituzte. 2023an gauzatuko da, bestalde, ISA-NUM injenieritza numerikoa lorturiko formazio zentro berria Angelun.

Finean, Baionan, eleaniztasunaren gaineko ikerkuntza sustatzeko laborategia zabalduko dute 2025ean IKER ikerkuntza zentruaren eskutik.

Orotara egun 7.500 ikasle badira 2025rako 10.000 gaztek Ipar Euskal Herrian haien goi ikasketak egiteko parada ukan dezatela lortu nahi du erakundeak.

Ikerkuntza sustatzeko xede, zortzi formazio berri sortzen laguntzeko 2,25 milio euroko funtsa sortu du Iparraldeko erakundeak.

Estatu eta Akitania Berria Eskualdearekin elkarlanean 500 ikasle aterpetzeko gai izanen den programa nahi lukeela hemendik gutxira aurkeztu gehitu du Euskal Elkargoko buruak.

Trantsizio klimatikoa, eginkizun transbertsala

Izan ere, bere agerraldiaren hasieran Etchegaray lehendakariak azaldu duenez, Euskal Elkargoko politika guztiak bustiko dituen klima aldaketaren alorrak garrantzia osoa hartuko du legealdian zehar.

Nafarroa zein EAEko erakundeek egiten duten bezala, Europako Inbertsioen Bankuarekin (BEI) elkarlanean garatuko du bere egitasmoa Euskal Elkargoak.

Kontent azaldu da Elkargoko buruak Europar Batasuneko Batzordeak Iparraldeko erakundeak trantsizio energetikoari loturiko egitasmoa aintzat hartu duelako ELENA izeneko programaren baitan. Frantziar Estatu mailan hori bezalako egitasmoa garatzeko hautatua izan den lehenengo herriarteko erakundea izanen da Euskal Hirigune Elkargoa.

Orotara 48 milioiko inbertzioa aurreikusita dago. Dirutza horri esker 32.530 m2 estaliko dituzten eraikin publiko zein sozialen berriztapen energetikoa gauzatu, 70 bat eguzki zentral fotoboltaiko eraiki eta 3 bero-hotz sare sortzeko asmoa du Euskal Hirigune Elkargoak.