INFO

Zaporeak sareak kontzertu solidarioa antolatu du Iruñeko Zentralean

Errefuxiatuak lagundu asmo duen Gobernuz Kanpoko Erakundeak kontzertu solidarioa antolatu du datorren otsailaren 18an Bandada eta Muxutrock Rock & Bihotz taldeak taularatuz. Sarreren salmenten bidez jasota diruaren 100%a proiektua finantzatzeko bideratuko da.

Zaporeak kontzertu solidarioaren berri eman du asteazken honetan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Zaporeak errefuxiatuak laguntzeko helburua duen elkarteak sarearen aldeko kontzertu solidarioa iragarri du datorren otsailaren 18rako Iruñeko Zentralean. Asteazken honetan egindako agerrialdian kideek adierazi dutenez, Bandada eta Muxutrock Rock & Bihotz taldeak arduratuko dira oholtza gainetik musika bidez «elkartasuna» zabaltzeaz.

Bandada taldearen atzean Marian Ruiz artista, abeslari, poeta eta abesti konpositorea dago. Iruñean bertan bizi da eta azaldu dutenez, «musika sentitzeko eta bizitzeko modu pertsonala» du». «Harrigarria da haren soinu eklektikoa, fusioa eta estilo-aniztasuna:rocka, popa, rumba, reggaea, swinga, tangoa eta bestelakoak. Abestien ezaugarri nagusiak dira beren letra adierazkorrak, poetikoak eta sendoak; aldi berean, gai eta kolore desberdinak jorratzen dituztenak.

Muxutrock Rock & Bihotz berriz 2015ean jaiotako taldea da, eta duen «rock elkartasunerako bokazioa» azpimarratu dute, izan ibilbidearen hasieratik kontzertuetan jasotako guztia dohaintzan eman diete 365 Jantoki Sozialari eta Esklerosi Anizkoitzaren Elkarteari.

Zaporeak sarearentzat musika taldeak eskaintzen duten hirugarren kontzertu solidarioa da honakoa. Aurretik Extremoduro, Los Suaves, Barricada, Platero eta Fitoren abestiak bertsionatu izan dituzte.

Kontzertua otsailaren 18an izango da, ostiralean, arratsaldeko zortziretan Iruñeko Zentralean (Santo Domingoko Azokan), eta ateak 45 minutu lehenago zabalduko dira.

Sarrerak www.zentralpamplona.com gunearen bidez eros daitezke 10 euroren truke aldez aurretik eskatuz gero; txarteldegian egunean bertan 13 euro izango dira. Sarreren salmentaren bidez jasotako diruaren %100 Zaporeak proiektura bideratuko da.