INFO

Autobus elektriko batek Larreinetako funikularra eta Zugaztieta lotuko ditu

Trapagaranek Larreinetako funikularra eta Zugaztieta auzoa lotuko dituen autobus elektriko zerbitzu berria izango du.

Larreinetako funikularra. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Euskotrenek kudeatzen duen Larreinetako funikularraren eta Zugaztieta auzoaren arteko autobus zerbitzua ibilgailu elektriko baten bidez eskainiko dela iragarri du ostegun honetan Lakuako Gobernuak. Autobus elektriko hori martxan jartzea Urkulluren Exekutiboak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Trapagarango Udalak herri horren eta Zugaztietaren arteko mugikortasun iraunkorra sustatzeko aurreikusten dituzten jardueren artean dago.

Autobus zerbitzuak funikularra izango du ardatz. Izan ere, funikularrak Trapagaran erdigunea Zugaztietako inguru menditsuarekin konektatzen du, 1.198 metro luze eta 342 metro altu den ibilbide baten, %36ko desnibel batekin.

Autobus elektrikoaren proiektuaren helburua Trapagaran-Zugaztieta arteko bidea ​​«zero isuriko garraio iraunkorreko bektore» bihurtzea dela adierazi dute proiektuaren erakunde sustatzaileek. Era berean, «mugikortasun jasangarriko eremu deskarbonizatu handi bat» aldarrikatu dute.

Erakusketa barne

Funikularra eta Zugaztieta autobus elektriko baten bidez lotzeaz gain, bizikletak prest jartzeko eta mantentzeko puntuak jarriko dira funikularraren bi geltokietan, Larreinetan eta La Escontrillan.

Honezaz gain, izaera dibulgatzailea izango duten ekintza kulturalak burutuko dituztela aurreratu dute proiektuaren arduradunek. Tartean, Trapagaraneko meatzaritzaren historia erakutsiko duen behin betiko erakusketa bat ezarriko dute Larreinetako funikularrean.