INFO

Donostiako Amarako sarbidea moztu dute, egungo sistema gelditzeko beharra mahaigaineratzeko

«Alde guztietatik kolapsatzen ari den sistema» irudikatzeko, Euskal Herriko Neska* Gazteek Carlos I etorbidea moztu dute Donostian, Amarako sarreran.

Carlos I etorbidea moztu dute Euskal Herriko Neska* Gazteek. (EUSKAL HERRIKO NESKA* GAZTEAK)

Euskal Herriko Neska* Gazteak kolektiboak Carlos I etorbidea blokeatu du gaur goizeko 8.00ak inguru Donostian, Amarako sarreran, «alde guztietatik kolapsatzen ari den eta bizitzen ari garen sistema» hau irudikatzeko. Ekintza honekin «Zaintzarik gabe bizitzarik ez, neska* gazteok borrokan gaude» dinamikari eman diote hasiera. 

Ekintza azaltzeko oharrean adierazi dutenez, otsailaren 14a gertu dagoela, «ezin dugu ahaztu maitatzeko erakutsi dizkiguten erak. Kontsumoan eta maitasun erromantikoan oinarrituriko harremanetara kondenatu gaituzte eta ez dugu biolentziaz elikatzen diren harremanen parte izan nahi». Horregatik, «horiekin bukatzeko» hautua egin dute.

«Egunero pairatzen ditugu hamaika presio eta zapalkuntza, izan gorputz hegemonikoen kanonak jarraitzea edo izan neska* gazteok, neska* eta gazte izateagatik jasan behar ditugun lan baldintza lotsagarriak, bizi prekario batera kondenatzen gaituztenak», ohartarazi dute.

Horren guztiaren erantzule egin dute «sistema heteropatriarkal kapitalista hau», eta horren aurrean «antolakuntzarako eta eraldaketarako apustua» egiten dute. «Bizigarriak diren bizitzen alde egingo dugu eta horretarako kolektiboa, erantzukizuna afektiboa eta elkarren arteko zaintza» jotzen dituzte oinarri.

Salatu dutenez, «sistema heteropatriarkatu kapitalistan ezin da bizitza erdigunean jarri». Hori dela eta, «galbidera eramaten gaituen sistema gelditu behar dugu, eta hori da gaurkoan adierazi nahi izan duguna: neska gazteok* sistema frenetiko hau gelditu, blokeatu, kolapsatu, moztera goaz. Soilik horrela lortuko dugu bizitzak erdigunean jartzea, errotiko aldaketak burutuz eta egungo sistemarekin amaituz».