INFO

Nafarroako Osasun Plataformak manifestazioa deitu du otsailaren 18rako

Osasun sistema bateratu baten alde eta pribatizazioaren aurka, datorren ostiralean manifestazioa egingo du Nafarroako Osasun Plataformak.

Nafarroako Osasun Plataformak mobilizazioa iragartzeko ostegun honetan egin duen agerraldia. (Nafarroako Osasun Plataforma)

Nafarroako Osasun Plataformak manifestaziora deitu ditu osasungintzako profesionalak eta herritarrak otsailaren 18an, ‘Osasun publikoa defenda dezagun’ lelopean.

Osasun sistema publikoak aspalditik pairatu duen pribatizazioa kritikatu du plataformak. Zehazki, 1986an Estatuko Osasunari buruzko Lege Orokorra onartu zenetik. Ordutik, «pribatizazioaren aldeko politikak bultzatu eta garatu dituzte gobernu guztiek», salatu dute plataformako kideek.

«Osasun sistema horrek, jaio zenetik, garapenerako borondate politiko faltari aurre egin behar izan dio», gaitzetsi dute.

Koronabirusaren pandemia iritsi aurretik, beraz, osasun-sistema publikoa jadanik «oso ahulduta» zegoela gogoratu dute, 2008ko krisiaren ondotik ezarri ziren murrizketak akuilu.

Pandemiak, halaber, osasun-sistema publikoaren krisia areagotu duela nabarmendu dute, profesionalak eta erabiltzaileak «etsipenera» eramanez.

Eskaerak Gobernuari

Horregatik, Nafarroako Osasun Plataformak hainbat eskaera luzatu dio Gobernu iruindarrari ostegunean emandako prentsaurrekoan: beste Oinarrizko Osasun Laguntza indartuko duen beste osasun sistema bat galdegin du eta, horrekin batera, plantilla sendotu eta handitzea, baita administraziokoa ere. Arreta presentzial gehiago ere eskatu dituzte, «ratio errealekin».

Bestetik, «osasunaren negozio pribatuaren finantzaketa behingoz aurrekontu publikoekin moztea» eta sistema publiko soziosanitario bat integratzea eta garatzea exijitu dute, Osasunbidean estaldura sanitario egokia izango duena.

«Pandemiak erakutsi digu inoiz baino beharrezkoagoa dela Nafarroako osasun-sistema publikoa eraldatzea eta hobetzea; orain da unea. Beharrezkoa da Osasunari buruzko Foru Lege berri bat onartzea legegintzaldi honetan, gizartearen parte hartze zabalarekin landua, aipatutako egiturazko beharrei aurre egiteko», azpimarratu dute prentsaurrekoan.