INFO
Elkarrizketa
ARRATE ILLARO
EUSKARALDIKO KOORDINATZAILEA

«Euskaraldiko parte-hartzaile gehienak emakumeak izatea jendartean dagoen zerbaiten isla da»

Joan den astean aurkeztu zuten Euskaraldiaren bigarren edizioaren gaineko ikerketa. Haren datuez eta horiek kontuan izanda aurtengo edizioari begira egin beharreko urratsez hitz egin digu.

Argazkiak: (Maialen ANDRES | FOKU)

Soziolinguistika Klusterrak lehen Euskaraldiaren gaineko ikerketa egin zuen antzera, 2020ko edizioaren gainekoa egin zuten Siadecok eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakundeak, ekimenean izandako parte-hartzea, eragina eta antolaketa aztertzeko. Joan den astean aurkeztu zuten Bilboko Itsasmuseumen. Aurkeztutako datuen irakurketa egiten laguntzeko, tarte bat eskaini die Euskaraldiko koordinatzaile Arrate Illarok GAUR8ko irakurleei. Luze hitz egin du ikerketaren ondorioez eta prestatzen ari diren hurrengo edizioaz. Izan ere, aurten izango da jendarteko ariketa erraldoi hori, azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean, “Hitzez ekiteko garaia” lelopean.

Lehenengo eta bigarren edizioen gaineko ikerketen arteko alde handirik sumatu duzue?

Badaude bi alde nabarmen. Alde batetik, kontuan izan behar da ikerketa desberdinak izan direla, ikertu ditugun eremuak desberdinak izan direla, edizio batetik bestera beste mota bateko datuak lortzea interesatu zaigulako, bi edizioetatik ibilbide bat marraztu eta hortik abiatuta hurrengo edizioa garatzeko. Beraz, ez dugu ikerketa eredua errepikatu. Aurrekoan, Euskaraldiaren eraginean zentratu ginen, hizkuntza portaeretan daukan eraginean. Ikerketaren oinarri nagusia izan zen galdetegia bete zutenek ariketa baino lehen, ariketa bukatu eta berehala eta hiru hilabetera zeuzkaten hizkuntza portaerei buruzko galdera batzuei erantzutea, eta ibilbide hori ikustea. Aurten, berriz, gehiago zentratu gara ekimenaren eragineko beste esparru batzuetan. Baina ikerketek elkar elikatzen dute eta hortik ateratzen ditugu guk ondorioak aurrera begira.

Alde batetik hori, eta bestetik, oso testuinguru desberdinetan gertatu dira bi Euskaraldiak. Lehenengoa berria zen, eta berrikuntzatik asko zuenez, jendea ilusionatzeko aukera gehiago zeukan, eta bigarrena bagenekien zer zen. Beste alde batetik, covid-19aren pandemia betean egin genuen, eta pandemiaren eragina oso handia izan da. Oso garbi ikusten da hori ikerketaren emaitzetan, bai ahobizi eta belarripresten artean, bai ariguneak osatu dituzten entitateen artean, baita herri batzordeen kasuan ere.

Orduan, desberdintasunak bai, baina, labur esanda, bietatik elikatzen ditugu aurrera begirako urratsak.

Pandemiak baldintzatuta egin zen azken edizioa; hala ere, 178.000 lagun inguruk eman dute izena. 2018an baino %21 gutxiago, baina ez dirudi kopuru txikia. Jakina, ikusgarritasunaren aldetik nabarmena izan da aldea.

Bai, datu kuantitatiboei dagokienez, pandemiak asko baldintzatu du ariketa. Ipar Euskal Herrian konfinatuta zeuden; Hego Euskal Herrian ez, baina bizitza soziala ikaragarri mugatuta zegoen, eta horrek kopuruan eragin zuen, noski. Hala ere, iruditzen zaigu erantzun sozial aktiboa egon zela, halako egoera batean ere ariketa egin nahia adierazi zuen, euskararen aldeko zerbait egin nahia. Izen-ematea unibertso potentzialaren %15ekoa izan da, Nafarroan eta Gipuzkoan hori baino altuagoa; orduan, ikusi dugu oraindik hedatzeko aukera badaukagula eta, era berean, daukagun unibertsoarekin, orain arte parte hartu duten herritarrekin eragiteko gaitasun handia daukagula, badagoela masa kritiko nahikoa.

Datuen balorazio ona egiten dugu. Egia da jaitsiera bat egon zela, baina Euskaraldiak kide berriak aktibatzen jakin zuen, eta izen-emate berriak jasotzen. Batzuk galdu ziren, baina beste batzuk etorri ziren. Eta izena eman gabe ariketa egin duten herritarrak ere identifikatu ditugu. Izena eman dutenen kopurua daukagu, ez daukagu parte-hartzearen bestelako daturik, baina ikusi dugu hor bariazioak ere badaudela.

Bostetik batek eman du lehen aldiz izena, eta belarripresten artean gehiagok.

Eta belarripresten artean badaude beste bi datu. Haien erdiak hiriguneetako herritarrak dira. Horrek erakusten du hiriguneek zer garrantzi daukaten belarriprest berriengana iristeko. Beste datua da bigarren edizioan belarriprest izan ziren asko lehenengo edizioan ahobizi izan zirela; 2020ko % 27 inguruk aldaketa egin zuten.

Badakigu Euskaraldiak marko aldaketa mental bat eskatzen duela. Lehen, euskara ezagutzaren araberakoa zen: «Euskalduna naiz, euskara ulertzen dut…». Orain, portaeretan zentratu nahi dugu ikuspegia. Oraindik badaukagu rolak kontatzen jarraitzeko beharra, baina bagoaz apurka-apurka barneratzen bakoitzaren portaera; horrela ikusi dugu ahobizi batzuek erabaki zutela bigarren edizioan belarriprest moduan parte hartzea.

Zer esan nahi duzu, hizkuntza gaitasunak ez duela rola erabakitzen?

Esan nahi dut ahobiziek eta belarriprestek ez dutela adierazten herritar bakoitzak zer hizkuntza gaitasun daukan, adierazi nahi dutela herritar bakoitzak ariketa sozial honetan zer jarrera hartzen duen; hau da, ulertzen duten guztiekin beti euskarari eustea, ahobizi portaera, eta belarripresten kasuan, egoeraren arabera, euskaraz ala erdaraz egitea, batzuetan euskaraz, baina ez guztietan. Hor ikusten dugu oraindik badaukagula bidea. Jende askok rola aukeratzeko gaitasuna hartzen du kontuan, baina jokabideari ere lekua egiten ari gara rolak hautatzerakoan.

Belarripresten artean gehiago izan dira lehen aldiz izena eman dutenak; hala ere, parte-hartzaileen artean nabarmen gehiago izan dira ahobiziak bigarren edizioan ere. Halako lotsa egon liteke belarriprest rola hautatzeko?

Lehen esandakoaren ildotik, zelan interpretatzen ditugun rolak. Ziurrenik badaukagu belarriprest rola gehiago prestigiatzeko behar bat. Lehenengo ikerketak ere oso garbi adierazten zuen belarriprestek euskaraz gehiago hitz egiten zutela Euskaraldiaren ondoren haren aurretik baino; hau da, agerian geratu zen urrats praktiko eta errealak egiten direla. Esan bezala, portaerak adierazten dituzte, ez hizkuntza gaitasuna, eta oraindik rolak neurri handi batean hizkuntza gaitasunarekin lotzen direnez, ulertzen dugu jendeak pentsatzea: «Ni euskaraz ondo moldatzen naizenez, ahobizi izan behar dut». Horregatik aipatu dizut marko mentala, orain arte gaitasunari begira egin dugulako, eta orain portaeretara bideratu nahi dugu.

Edonola ere, ez da hain garrantzitsua herritar bakoitza ahobizi ala belarriprest den; ariketaren ikuspegitik izan daiteke, jakina, baina gehien inporta zaiguna da ariketa egiten duen herritar bakoitzak, izan ahobizi, izan belarriprest, euskaraz bizitzeko urrats berriak egitea eta lorpen berriak eskuratzea, eta ikusten dugu Euskaraldiak horretarako balio duela. Orduan, gure aurtengo erronka nagusietako bat, hain zuzen, horixe da, parte hartzen duen herritar bakoitzak eta entitate bakoitzak erabakitzea zeintzuk diren bere lehentasunak hizkuntza portaera berriak lortzeko, eta lehentasun horiek norbere bizipen pertsonalekin eta errealitatearekin lotuta egongo dira, baina baita ikusten dituzten aukerekin edo dituzten motibazio propioekin ere. Herritar batek beharbada merkataritzan euskaraz gehiagotan egitea lehenetsiko du eta beste batek kuadrillan dituen hizkuntza ohituretan jarriko du fokua, baina inporta zaiguna da, izan ahobizi, izan belarriprest, horri begirako lorpen berriak izatea.

Edonola ere, belarriprestaren figurak garrantzi berezia dauka, funtsezkoa baita, ez?

Bai. Belarriprestekin ikasten dugu, edo ikusten dugu, besteak beste, Euskal Herrian uste baino askoz jende gehiagorekin egin dezakegula euskaraz. Ikusten ari garelako elkarrizketa elebidunak posible direla. Belarriprest batzuek euskaraz erantzungo dute, beste batzuek ez, baina adierazten digute beraiekin euskaraz egin dezakegula, eta txaparen erabilera tartean sartzen da, oso garrantzitsua da. Ahobizi denari eta baita gainontzeko belarriprest guztiei ere erakusten digute zenbat herritarrekin egin dezakegun euskaraz, eta gure inguruan uste baino askoz aukera gehiago edukitzen ditugula. Zeresanik ez hiriguneetan edo eremu erdaldunagoetan. Eta horrekin lotuta, badago ulermenaren mapa bat. Orduan, euskaraz bizitzeko aukerak biderkatu egiten dira, bai belarriprest horiek gainontzeko herritarrei egiten dieten erakustaldi horretan, bai eurentzat ere, ahobiziek edo gainontzeko belarriprestek zuzenean euskaraz egiten badiete aukera gehiago eduki ditzaketelako bai euskaraz egiteko, bai hizkuntza garatzeko, behar hori daukanak. Baina bai, komunitatea sendotu, indartu eta zabaltzeko ezinbesteko rola da belarriprestena.

Datu objektiboez gainera, parte-hartzaileen balorazioa ona izan da; zertan oinarritzen da balorazio hori?

Parte-hartzaileek kualitatiboki adierazten dute urratsak egiten dituztela, euskaraz gehiago egiten dutela ekimena bukatuta ere, hondar bat geratzen dela, nahiz eta ariketan zehar haren ostean baino gehiago egiten den; hasi aurretik baino gehiago egiten dute. Beste alde batetik, adierazten digute % 75ek hurrengo edizioan berriz parte hartuko dutela. Motibazio hori nahiko agerikoa da.

Txapa erabiltzearen garrantzia aipatu duzu. Partaide askok diote txaparen erabilerak ziurtasuna ematen diela.

Portaeretan txapak lagungarri zaizkiela adierazi dute parte-hartzaileek inkestan, eta erantzun duten hamar parte-hartzailetik zazpik esan dute txapa beti edo askotan erabili izan dutela eta besteak beste ziurtasuna ematen duela, bai. Guk txapa ikusten dugu onura bikoitza bezala; batetik, norberari ematen dion lasaitasun edo ziurtasun horretatik eta, bestetik, txapa ikusten duten gainontzeko herritarrentzat ere baliagarria dela. Euskaraz uste baino jende gehiagorekin egin dezakegula ikusten dugu, ez gaudela bakarrik, kolektibo baten asmo baten parte garela.

Ikerketan adierazten denez, txapa ikusten denean, hizkuntza jokaera aktiboagoa, euskarazko praktika gehiago hartzen ditugu, eta errazago hartzen ditugu. Beraz, ziurtasun horretan ez ezik, hizkuntza jokaera aktiboagoak izaten ere laguntzen du txapak.

Guk aurtengo ediziorako dugun helburu nagusietako bat ariketa ikusgarria egitea da. Ez dadila lasaikeriarik egon, eta horretarako ezinbestekoa izango da ahobiziek eta belarriprestek txapa janztea eta entitateek ariguneak ondo identifikatzea; datuek hala esaten digute.

Azken edizioko parte-hartzaileen bi heren emakumezkoak izan ziren. Asko ematen du.

Bi edizioetan nabarmendu da parte-hartzaile gehienak emakumeak direla. Hizkuntzari dagokionez, ez da kasu isolatua. Mintzalagun egitasmoetan ere antzeko datuei buruz hitz egin beharko genuke; euskaltegietako matrikulazioaren datuak ez dakit zehazki zeintzuk diren, baina badakit emakumeak gehiago direla; hizkuntza transmisioaren gaietan izan daitezkeen ekimenetan ere bai… Jendartean dagoen zerbaiten adierazle da, eta Euskaraldian garbi ikusten dena. Euskaraldiaren kasuan, parte-hartzailearen profil nagusia, adinaren batez bestekoa aterata, 30 eta 44 urte bitarteko emakumea izango litzateke.

Adin tarte nagusi horretakoak ez dira zaharrak; hala ere, gazteen parte-hartze txikirik sumatu duzue ?

Bada parte-hartze txikiagoa, eta badaukagu gazteak Euskaraldiaren bueltan gehiago aktibatzeko helburua. Gainera hor badago xede talde handi samar bat, D ereduan ikasitako gero eta gazte gehiago, nahiz eta lurraldearen arabera asko aldatzen den datu hori egoeragatik, baina eragin eremua eratzeko aukera eduki dezakegu eta horretarako propio ahalegina egingo dugu.

Parte-hartzaile gehienen helburua euskararen erabilera handitzea izatea ere logikoa da, ariketaren beraren helburu ere bai baita, eta belarripresten artean, euskaraz egiteko aukera berriak izatea.

Belarripresten artean lehenengo helburu hori ere badago, baina baita norberak euskaraz hitz egiteko eremu berriak irabaztea ere. Baina bai, euskararen erabilera da parte-hartzaileen helburu nagusia.

Lehen pausoa ematea lortu dela ondorioztatu du ikerketak, eta tinkoago eutsi zaiola.

Bai. Ikusten ari gara, alde batetik, herritarrek Euskaraldiaren deiari erantzun diotela, eta izen-ematean ikusi da, bai herri batzordeetan borondatez ari diren euskaltzaleen motibazioan, bai ariketa egiten duten euskaltzaleen artean, ariguneak osatzen dituzten entitateen artean… Ikusi da, baita ere, bi edizioetan ekimena igaro eta hizkuntza portaeretan eragin bat geratzen dela. Baina bai rolek adierazten duten jokabideari dagokionez, bai euskarazko hizkuntza ohitura horien sakontzean, bidea ez da hamabost egunean egiten, hau prozesu luze baten parte da, eta edizio batzuk behar ditugu jendartean garapena igartzen joateko. Horregatik, Euskaraldi bakoitzaren ikerketa ez dugu berdin egiten, gauza desberdinak identifikatzen eta irakurketa orokorragoa egiten saiatzen garelako, eta denborak ere erakutsiko diguna.

Ikusten ari gara, esate baterako, errazagoa dela, hizkuntza portaerei dagokienez, lehen hitza euskaraz egitea, esate baterako, ezezagunekin, edo dakienarekin euskaraz egitea, aurretik erdaraz egiten ziren elkarrizketak euskaraz edo ele bitan egitea baino.

Gauza batzuk identifikatzen ari gara, Euskaraldiari oso helburu praktikoak jarri genizkion hasieratik; adierazi genuen hau ez zela kanpaina bat, ez zela euskararen aldekotasuna erakusteko ekimen bat, hizkuntza ohituretan aldaketak eragiteko ekimena zela, eta ikusten ari gara bide horretatik lorpen batzuk izan ditugula; baina, era berean, parte hartzen duten herritarrek eta entitateek lorpenak izatea da aurtengo Euskaraldiaren helburu nagusia.

Espero izan dezagun baldintza hobeetan izatea. Ariguneak berrikuntza izan dira, baina oso egoera mugatuan. Edonola ere, jakinarazi duzuen kopurua ez da makala: 8.000tik gora egoitzak eman zuten izena eta 24.000 arigune sortu zituzten.

Hala da. Gertatu zena da ariguneak osatu zituzten entitateetako askok ezin izan zutela ariketa egin, hamabost egunetan ateak itxita eduki zituztelako. Beste helburu bat da ariguneak eratzea herritarrek ezagut ditzaten, egoera babestuagoan, gune babestuagoan euskarari eusten laguntzen digutelako, kolektiboki urratsak eginda eta erabakiak hartuta. Aurrekoa izan zen ariguneei zegokien lehenengo edizioa eta uste dugu badaukagula eratzeko aukera, bere zailtasunekin, esan duzun bezala 8.000 pasa egoitzak osatu zituztelako, pandemia betean. Beraz, harrera bat, interes bat ikusi dugu eta ea ariguneen bigarren edizio honetan ere horiek eratzeko, indartzeko eta komunitatean zabaltzeko aukera daukagun. Baietz iruditzen zaigu.

Aurtengo edizioaren gainean galdetu behar nizun, baina honezkero azaldu didazula uste dut...

Ariketa ikusgarria egin nahi dugu, eta ariketa diogunean, ez diogu Euskaraldia bera marka moduan, nahiz eta marka erakusteak laguntzen duen, ez?, esan nahi dut norbere ariketa hori bistaratzea, txaparekin, arigune ikurren bidez, ingurukoei ariketa berriz ere egingo dugula adierazita, zeintzuk diren gure helburuak… Alde batetik hori, eta bestetik, herritar bakoitzak aldez aurretik bere erronka pertsonalak oso garbi edukitzea, herritarrei eduki ditzaketen zailtasun horien aurrean pauta berriak emanez lagundu nahi diegu; hau da, demagun herritar baten helburua merkataritzan euskarari eustea dela, dendariekin edo tabernariekin; prestakuntza aldetik pautak eman nahi ditugu horretarako ere.

Ariketa berrirako diseinatzen ari garen plangintza guztia ikerketa honetan oinarritzen da, baina baita beste batzuetan ere; izan ere, aurten ikerketa hau egin dugu, baina baita beste ikerketa txikiagoren bat ere.