INFO

Oposizioak gainditu arren plaza gabe geratu ziren 57 langileri finkotasuna aitortu die ETBk

LAB sindikatuak ETBko zentro arteko batzordean bere kategoriako oposizioak gainditu arren plaza gabe geratu ziren 57 langileei behin betiko finkotasuna onartzeko akordioa sinatu du. Behargin horiek «12 urte luzez iruzur eta injustizia baten biktima» izan direla salatu du sindikatuak.

EITBko langileak Bilboko egoitzaren aurrean protestan. (@LABsindikatua)

Ohar baten bitartez LABek azaldu duenez, ETBko azken oposizioak gainditu arren, plaza finko gabe gelditu ziren 57 langilek behin betikotasuna eskuratu zuten joan den ostiralean, otsailaren 11an, sindikatuak zentro arteko batzordean sinatu zuen akordio bati esker. 

«57 langile horiek 12 urte luzez iruzur eta injustizia baten biktima izan dira, enpresak behar baino plaza gutxiago atera zituelako geratu baitziren lanpostu finkorik gabe. LABek urteak daramatza egoera honi aurre egiten ekintza sindikala eta bide judiziala erabiliz, eta orain akordio historiko bat sinatzea lortu dugu», azpimarratu du sindikatuak.

Azaldu dutenez, plazak galtzea ekiditeko ETBko lan-hitzarmenean jasota dagoen eta enpresa 2008tik urratzen egon den artikulu batean oinarritzen da akordioa.

Zehaztu dutenaren arabera, gaindituta ere plaza gabe geratu ziren langile horiek batuko dituen lan-poltsa bat existitu behar da eta, gainera, hautagai horien kategorietan «beharrizan aitortuak» egon behar dira. Bi irizpide horiek betetzen direnean, zerrenda horretatik «tiratzen da», «lehenengo postutik aitortutako lanpostu beharrizanera heldu arte».

Akordioari dagokionez, LABek bere izaera «ez diskriminatzailea» nabarmendu du: «Hurrenkera hau ez da diskriminatzailea. Berdin dio LABeko afiliatua izan, ELAkoa, independentea, ETBtik kanpo lanean egon, zein kontratu bakar bat izan azken urteotan… Hemen oposizioetatik ateratako lan-poltsako ordena soilik hartzen da kontuan».

Oro har, LABek akordioa «historikotzat» jo du, baina nahikoa izango ez dela aitortu du. «ETBko kategoria ezberdinetan dauden plazak betetzeko beharrizana ez da erabat konponduko neurri honekin. Gaurko ituna irtenbide global baterako funtsezko urratsa da, eraginkorra, koherentea eta justua, baina ez da nahikoa», adierazi du sindikatu soberanistak.