INFO

Oier Oari ezarritako lurralde debekuari buruzko auziaren erabakia, martxoaren 15ean

Baionako auzitegiak heldu den martxoaren 15ean emanen du jakitera Oier Oaren aurkako auziari buruzko bere erabakia. Anartean Parisen bigarren prozedura zabalik dago, Kasazio Gortean. Elkartasun ekimena izan da epaitegiaren atarian.

Oier Oa, jende andanaren babespean, Baionako auzitegi atarian. (Guillaume FAUVEAU)

Baionako auzitegiak heldu den martxoaren 15ean emanen du jakitera Oier Oaren aurkako auziari buruzko bere erabakia. Estatu frantsesean bizitzeko debekua hautsi izana eta Fijait fitxategiaren betekizunak urratu izana leporatuta, asteartean deklaratu du Oak eta defentsa baikor agertu da Fiskaltzak zigor eskaera gutxitu eta euskal preso ohiaren egoera erregularizatzeko beharra azpimarratu duelako.

«Entzun dute Oaren bizipena», adierazi du defentsak epaiketa amaitzean.

Deklarazioan, Oier Oak azaldu du Larresoron egotea zela berarentzat eta bere familiarentzat aukerarik onena, hala ere, Lapurditik kanpo bizi dela 2020ko azaroaz geroztik, Zugarramurdin telelanean.

Legea urratzeko borondaterik ez duela izan argitu du Oaren abokatuak, eta osasun krisiaren testuinguruari egotzi dio gertatutakoa.

Abokatuaren iritziz, guztiz desproportzionatua da Oari ezarri nahi zaion zigorra leporatutako kalteekin alderatuta. Hori dela eta, zigorrik ez ezartzea galdegin du.

Baionako fiskala lurralde debekua altxatzearen alde agertu da, baina ohartarazi du Parisko Epaitegiak «zalantzak» dituela; batetik, Oak ez duelako frogatu Estatu frantsesetik kanpo bizi zela eta, bestetik, iritzi diolako Larresoro eta Donostia banatzen dituen 50 kilometroak ez direla oztopo familia-bizitza gauzatzeko.

60 egunetan hamar euroko isuna ezartzea galdegin du fiskaltzak, lurralde debekua ez betetzeagatik.

Defentsak, bestalde, kritikatu du Parisko Auzitegiak ez dituela kontuan hartu Oa Zugarramurdin bizi dela frogatzeko aurkeztutako dokumentuak, alkilerreko eta laneko kontratuak, kasurako.

Oari adierazitako babesa

2020ko azaroan Oier Oa atxilotu zutenetik, euskal preso ohiarekin elkartasunean ekimen ugari antolatu dituzte, berdin Etxepare lizeoan, Baionako auzitegiaren aitzinean edo bizileku duen Larresoron bertan.

Iazko azaroaren 8an, Parisen egin zioten auziaren egunean lasterketa egin zuten Hiriburu eta Baiona artean lizeoko ikasleek.

Hilabete batzuk lehenago, 2021eko martxoan, sinadura bilketa egin zuten Larresoron. Ipar Euskal Herriko eragile politikoen aldetik sostengu anitz bildu zituzten; hala nola Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariak Oak eta bere familiak Larresoron libre bizitzeko zuten eskubidea nabarmentzen zuen agiria izenpetu zuen.

Gaur bertan sostengu irudi azkarra errepikatu da Baionako auzitegiaren aitzinean.

Lizeoan abiatu den ekimena 13.15etik aurrera Baionako auzitegira eraman dute ikasleek. Gurutze Sainduko auzotik kalejiran heldu dira auzitegirat. Bertan «Oier gurekin» leloa beraiekin batera lau haizetara zabaltzeko hainbat eragileren laguntza ukan dute.

Hala nola, Bake Bidea elkarteak –Anaiz Funosas– eta Bakegileek, Euskal Herria Baik –Xabi Larralde eta Nikolas Blain–, Euskal Herria Bilduk –Maddalen Iriarte eta Unai Urruzuno legebiltzarkideak–, LAB sindikatuak, Ernai, Iparra Hegoa elkarteak eta GKSk bat egin dute Oier Oari elkartasuna adierazteaz gain euskal preso horiei ezarritako salbuespen neurriak bertan behera uzteko garaia dela aldarrikatzeko xede izan duen elkarretaratzearekin.

Larresoroko sostengu komitearen bozeramaile bik bakearen aldeko erabakia hartzeko eskatu diote auzitegiari eta Oak eta bere familiak iragan den urte luzean pairatu duten sufrimendua izan dute aipagai. Ikasleek beraiek kantuz adierazi dute «Oier bakean utzi arte ez dugu amore emanen».

«Ikasleek eman diguzuen irakaspena» nabarmendu du auzitegirat sartu aitzin hitza hartu duen preso ohi donostiarrak.

 

Parisek lurralde debekua atxikitzeko harturiko erabakia ulergaitza izateaz gain Euskal Herrian dagoen testuingurua ez zuela aintzat hartu nabarmendu ondoren, egoera gertuagotik ezagutzen duen Baionako auzitegiak erabaki baikorragoa hartuko duen bere esperantza agerian jarri du, ondoren, Oak hedabideen aurrean.

Ibilbide judizial gorabeheratsua

2012an atzeman zuten Oier Oa Angelun eta 2014an Parisen egin zioten auzian 4 urteko kartzela zigorra jaso zuen.

Zigorraren gehigarriz frantses Estatuan bizitzeko debekua jaso zuen. Ordurako emaztea eta haur bi zituela oroitarazi du bere abokatua den Amaia Rekartek NAIZ Irratiko mikrofonoen aurrean.

Zigorra amaituta kasik lau hilabete igaro ziren bere kanporaketa prozesua gauzatu arte. Madrilgo Barajas aireportura heldu zenean espainiar Estatuan prozedurarik ireki ez ziotenez, 2015ko uztailaren 2an libre utzi zuten donostiarra.

Geroztik Ipar Euskal Herrian bizi izan da bere familiarekin batera. Larresoko herrian sustraitua dago familia eta Baionan Seaskak duen lizeoan hezitzaile gisara lan finkoa du preso ohiak.

2020ko azaroan, osasun krisiari aurre egiteko neurri murriztaileak indarrean zirelarik, Oier Oa atzeman zuen frantses Poliziak Hiriburun ezarritako kontrol batean.

Lurralde debekua urratu izanagatik eta Fijait fitxategia ezarritako baldintzak ez betetzeagatik prozedura zabaldu zioten Oari.

Jerôme Bourrier Baionako prokuradoreak bete beharrik gabeko urtebeteko kartzela zigorra proposatu zuen 2021eko martxoan eginiko saioan. Oak zigorra errefusatu zuen aldez aurretiaz, beraz auzia egiteko bidea zabaldu zen.

Amaia Rekartek Baionako auzia gibelatzea galdetu zuen, Parisko Dei auzitegian frantses Estatuan bizitzeko debekuaren aurkako helegitea ezarri zuenez «bi prozedura parelelo izanda ere batak bestearengan eragin zehatza zutelakoan», gaur NAIZ Irratian azaldu duenez.

2021eko irailaren 27an epaitu behar zuten Oa. Izan ere, defentsaren eskaerari bide emanez epaitegiak auzia 2022ko otsailaren 15era atzeratzea onartu duen.

Anartean, Lapurditik alde egin eta lagun batek Zugarramurdin (Nafarroa Garaia) utzi zion etxean plantatu zen Oa familarengandik ahalik eta hurbilen izateko. Handik jarraitu zuen lanean, bere aldeko gutun publikoa zabaldu zuten 58 bat lankideek oroitarazi dutenez.

Helegitea Kasazio Gortearen aitzinean

Finean, iazko azaroaren 8an iragan zen auzia Parisen eta hilabete beranduago plazaraturiko ebazpenaren bidez lurralde debekua atxikitzeko erabakia hartu zuen Parisko Dei Auzitegiak.

Mamian sartu gabe, lurralde debekuak Oier Oa eta bere familiarengan duen eragina aztertu gabe. Horrela salatu zuen NAIZen Rekartek.

Berehala abokatuak Kasazio Gortearen aitzinean helegitea ezarri zuen, gaurko auziaren atarian nabarmendu duenez «lurralde debekua altxatzeko ahalegina ezin dugulako bukatutzat eman».