INFO

Joko-areto eta ikastetxeen artean 150 metroko gutxieneko tartea ezarri du Lakuak

Asteartetik aurrera, gutxienez 150 metroko tartea utzi behar da joko-aretoen eta ikastetxeen artean. Gainera, EAEko joko-lokalen kopurua 170era mugatzen da, haien artean gutxienez 500 metroko distantzia egon behar da.

Lakuak ezarri du ezingo dela joko-lokalik egon ikastetxeetatik 150 metro baino gutxiagora. (Jon HERNAEZ/FOKU)

Lakuako Segurtasun Sailak dekretu bat argitaratu du astearte honetan EAEko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA). Dekretu horren arabera, gutxienez 150 metroko tartea utzi behar da joko-aretoen eta ikastetxeen artean. Gainera, EAEko joko-lokalen kopurua 170era mugatzen da, haien artean gutxienez 500 metroko distantzia egon behar da eta sartzeko baldintzak gogortzen dira.

Astearte honetan indarrean sartuko den araudi berriak aldatu egin du EAEn jokoaren araudi orokorra onartu zuen dekretua. «Joko problematiko edo patologikoko egoerak» ager ez daitezen eta gazteengan edo nerabeengan izan dezaketen eragina murrizteko helburua du aldaketak, Lakuaren arabera.

Otsailaren 8ko 19/2022 Dekretuak ezartzen du joko-lokalek, kasinoek izan ezik, 500 metroko gutxieneko distantziak errespetatu beharko dituztela beraien artean. Lehen eta bigarren hezkuntzako eta lanbide heziketako ikasketa arautuak egiten dituzten ikastetxeetatik 140 metrora handituko da distantzia hori.

Establezimendu horietan sartzeko baldintzak ere gogortzen ditu; beraz, NANa eskatu behar da, baita ostalaritza eremura sartzeko ere. Onarpen kontrolik ez duten joko lokalek bederatzi hilabeteko epean abian jarri beharko dute.

Bestalde, joko-aretoetarako baimenen gehieneko kopurua murrizten du, eta 10.000 biztanleko lokal bateko ratioa ezartzen du dekretuak.

Irisgarritasunak gora

Arauak gogorarazten du Jokoaren Euskal Behatokiak eskaintza eta jokorako irisgarritasuna handitu dituela, «bereziki, informazio kanal eta teknologia berriak sartu direlako». Alde horretatik, on line jokoan izandako gorakada azpimarratzen du, eta, zehazkiago, on line kirol apustuaena, eguneko 24 orduetan eskuragarri izateaz gain, praktika ezkutatzeko aukera ematen baitu.

Gazteen eta nerabeen artean ere jokorako zaletasuna ugaritzen ari dela egiaztatu du. Horren guztiaren ondorioz, gero eta eskaera handiagoa dago mendekotasunagatik edo jokoarekiko abusuzko portaeragatik errehabilitazio zentroetan.