INFO

Martxoan zehar maskarak hainbat toki itxitan ere kentzea aurreikusten du Parisek

Dantzalekuek berriz ere ateak zabalduko dituzte gaur frantses Estatuan eta zutik jan eta edateko aukera izanen da ostatuetan, kultur aretoetan eta garraio publikoan. Izan ere ondoko asteetan osasun neurriak oraindik gehiago arintzeko aukera baieztatu du Olivier Veran Osasun ministroak.

Olivier Veran frantziar Osasun ministroa Asanblea Nazionalean. (Julien DE ROSA | AFP)

Abenduaz geroztik itxita ziren diskotekek ateak irekiko dituzte gaur frantses Estatuan.

Era berean, jan eta edan ahalko da garraio publikoan, zinema edo antzokietan, eta tabernetan eta kontzertu aretoetan zutik kontsumitu eta dantzatzeko parada izanen da.

Abenduaren 2an maskara kanpoko eremuetan erabiltzeko beharra bertan behera gelditu ostean horiek dira otsailaren 16 honetatik aurrera indargabetuko dituzten neurri murriztaile nagusiak.

Izan ere, otsailaren 28tik aurrera ikasleen eta irakasleen neguko oporrak amaituko diren egunean, hain zuzen, covid-19aren aurkako protokoloa malgutuko dute ikastetxeetan.

Patioan ez da derrigorrezkoa izanen maskara erabiltzea eta test negatibo batekin aski izanen da klaseetara itzuli ahal izateko. Orain arte hiru froga eskatzen zitzaizkien ikasleei.

Horrekin batera, txerto pasaportea galdetzen den eremuetan maskararik gabe ibiltzeko aukera izanen da otsailaren 28tik, garraio eta erietxeetan izan ezik.

Litekeena da, ordea, martxoa erditik landa bertze neurri batzuk plantan ematea. Olivier Veran Osasun ministroak gaur goizean France Info irratian iragarri duenez,  birusaren zirkulazioak moteltzeko joerari eutsiz gero eta erietxeetan ematen den egoerak hobetzen jarraitzen badu, martxo erditsutik landa posible litzateke «hainbat areto itxitan ere maskararik gabe sartu ahal izatea».

Beste zehaztasunik ez du, ordea, eman, Osasun ministroak. Izan ere, klaseetan eta lan bulegoetan maskararik gabe jarduteko aukera hobetsiko luke Gobernuak neurri aringarri berri hori abian emateko orduan.

Herritarren protestak piztu dituen txerto pasaporteari dagokionez, agiri hori, era mailakatuan, martxo eta apirilaren artean bertan behera uztea posible ikusten du Parisko Gobernuak.

Jakin behar da martxoan hauteskunde kanpaina iraganen dela frantses Estatuan eta apirilaren 10 eta 24an presidente berria aukeratzeko bozak eginen dituztela.