INFO

Aiherra ez da salgai taldeak Ahatsan deituriko protestarekin bat egin du

Iragan urtarrilaren 29an espekulazio operazio bat salatzeko ekintza burutu zuten Aiherran eta Aiherra ez da salgai kolektiboak larunbaterako deitu duten mobilizazioa babestea erabaki du.

Ahatsa herrian kokaturiko etxea «prezio onartezinean» salgai jarri dutela salatu du herritar talde batek. (Guillaume FAUVEAU)

Herriko lur sail batean protesta egin zuen, joan zen urtarrilaren 29an, Aiherrako herritar talde batek. ‘Non a la speculation’ eta ‘Aiherra ez da salgai’ lemak zabaldu zituzten banderolen bitartez ehun bat herritarrek.

Herriaren erdian, Lohixundeako bidean, 2.933 metro karratuko lur saila 425.000 eurotan jarri dute salgai. «Hemendik goiti salgai izanen diren beste lur zatiak, hola segituz nork erosten ahalko ditu? Ez guk, ez eta gure gazteek! Ezin dugu fenomeno hau salatu gabe segitu, gure ahaletatik kanpo diren lur salmentek ondorio latzak dituztelako gu eta gure ondokoentzat», ohartarazi zuten protestan bilduriko lagunek.

Horregatik, higiezin bulegoen eta saltzaileen jokabidea salatu nahi izan dute Arberoa ibarreko herrian, espekulazioa gelditu eta prezio duinak aldarrikatzearekin batera.

«Aste honetan jakin dugu Ahatsan ere herritarrek mobilizatzeko deia egin dutela, beste neurriz kanpoko salmenta bat saltzeko», azaldu du Aiherrako taldeak. Hori dela-eta, heldu den larunbatean, hilaren 19an, 16.00etan, Ahatsako Bazkazaneko plazan antolaturiko mobilizazioa babesteko deia zabaldu du Aiherrako taldeak.

«XVIII. mendeko etxalde izugarria. Erosotasun moderno guztiak dituen etxea. Euskal Herriko bihotzean». Azalpen horiek ematen zituen Donibane Garaziko eskualdean dagoen Ahatsa herrian etxea salgai jarri zuen jabeak. Bost logelako eta 220 metro karratu dituen etxea 630.000 eurotan. Hau da, 2.864 eurotan metro karratua.

Bien'ici izena duen platafoman iragarkia atzeman zuen herritar talde batek bere asaldura agertu zuen. «Etxe hori erosi zuten duela urte eta erdi, 150.000 eurotan eta orain 630.000 eurotan saltzen dute», salatu zuten ahatsarrek kazeta.eus atariaren bidez.

«Ez gara espekulatzaileak»

Hedabide berdinean etxeko jabeak hitza hartu du bere erabakia defendatzeko. Etxean eginiko lan kostu handia aipagai, salmenta prezioa defendatu du etxeko jabeak.

«Gure aurrezki guztiak bertan jarri ditugu. Ez gara espekulatzaileak. Ahatsan gelditzen ahal bagina, geldituko ginateke», aitortu du jabeak. Azaldu duenez, Ahatsako etxea erosi ondotik, 77 urte dituen senarra gaixotu egin zen eta horregatik erabaki zuten etxea saltzea.

Etxea erosi zuten Ipar Euskal Herrian bizitzeko asmoa zutelako, «ez genuen urte eta erdi beranduago beste etxe aldaketa bat egiteko intentziorik», nabarmendu du jabeak, prezioari dagokionez higiezinen agentziak baino apalagoa dela azalduz.

Hergarai bailarak zabaldurik deialdia

Ipar Euskal Herriko txoko gehienetan bezala, Hergarai bailaran higiezinen prezio gorakada salatzeko iragan astean esku-orriak banatu zituzten aipaturiko etxe salmenta ardatz harturiko espekulazioaren aurka kanpaina abian eman duten herritarrek.

Urrats bat gehiago eginez, otsailaren 11an bilkura publiko bat antolatu zuten Herriko Etxeko gela batean. Orotara, 60 bat pertsona elkartu ziren, Hergarai bailarako herritarrei zabalduriko bilkura deia zelarik.

Etxe horren salmenta aipatu eta mobilizazio bat antolatzea erabaki zuten herritarrek.

Hain zuzen, elkarretaratzea, erran bezala, otsailaren 19an iraganen da, 16.00etan, Bazkazaneko plazan, Ahatsako auzoan.