INFO

Durangaldeko osasungintzaren beharrak zehazteko azterlan bat egitea onartu du Legebiltzarrak

Gasteizko Legebiltzarrak onartu du Durangaldeko eskualdean dauden osasun zerbitzua jasotzeko zailtasunak identifikatzeko azterlan bat egin eta, horren bidez, egoera hori iraultzea. Eskualdea «osasunari dagokionez benetako basamortua» dela agertu du Elkarrekin Podemos-IUk.

Durangaldeko osasungintzaren beharrak identifikatu nahi dituzte. (Durangoko Udala)

Elkarrekin Podemos IUk akordio bat erdietsi du Gasteizko Legebiltzarrean, Durangaldea eskualdean dauden osasun zerbitzua jasotzeko zailtasunak identifikatzeko azterlan bat egin eta, horren bidez, egoera hori iraultzea, EP-IUk ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Akordio honen bidez, gehienez ere urtebeteko epean, eskualdeko osasun egoerari buruzko azterketa bat egingo da, Isabel Gonzalez legebiltzarkideak azaldu duenez, «osasunari dagokionez benetako basamortua» den lurralde baten behar nagusiak identifikatzeko.

«Azterlan honekin ez da aitzakiarik izango Durangaldeko egoera zailean esku hartzeko eta konponbidea aurkitzeko», gaineratu du legebiltzarkideak.

Herritarrek osasun zerbitzuetara jotzeko duten zailtasuna salatu du Gonzalezek. «40 minutu ere beharrezkoak dira larrialdi pediatriakoetara iristeko, eta ez dago Gurutzetarako garraio publikorik», azaldu du.

Bestalde, EP-IUk azaldu duenez, akordioan aurreikusten da eskualdeko erakundeen eta gizarte eragileen parte-hartzea izango dela azterlanean, eta adingabeen, adinekoen, paziente pluripatologikoen eta kolektibo zaurgarrien egoerari berariaz helduko zaiola.

Alderdi politiko guztiek babestu dute, Vox ultraeskuindarrak izan ezik.