INFO

Realzaleek San Mamesera joan ezin dutenez, protokolo sarrerak itzuli dizkio Realak Athletici

Futbol estadioetako edukieran oraindik ere murrizketek indarrean jarraitzen dutenez, igandeko euskal derbira begira Athleticek ez du talde arerioaren zaletuentzat sarrerarik bidali. Hala, Realak itzuli egin dizkio bi kluben artean hitzartuta zituzten 150 prokoloko sarrera. 

Lehen itzulian Anoetan jokaturiko euskal derbia. (Gorka RUBIO | FOKU)

Asteazken honetan Espainiako Osasun Ministro Carolina Dariasek aurreratu zuen, martxoaren 4tik aurrera, kirol estadio eta pabilioietako edukiera %100era itzuliko dela baina egun, futbol estadioetako edukiera %85ean dago. 

Igande honetan, Athletic eta Realaren arteko euskal derbia jasoko du San Mamesek eta murrizketen ondorioz, klub zuri-gorriak jakinarazi du «ezin izango duela bisitariei zuzendutako sarrerarik eskaini». Horren ondorioz, entitate txuri-urdinak erabaki du bi kluben artean hitzartutako protokoloko 150 sarrera bueltatzea. Bi kluben arteko harremana «ona» dela azpimarratu nahi izan du Jokin Aperribay Realeko presidenteak eta nabarmendu nahi izan du ez dela erraza erabakiak hartzea edukiera %85ekoa izanda. 

Presidenteak berak eman du honen berri Leipzigera iritsi eta prentsaren aurrean eskainitako agerraldian eta ondoren, komunikatua atera du klubak: «Truke sarrerei uko egin diegu gure zaleek ezin izango dutelako bidaiatu. Gustatuko litzaiguke Athletic Clubek beste erabaki bat hartu izan balu, kluben arteko harremanak onak dira, baina ulertzen dut haiek planifikatu izana eta beren zelaiko edukiera murrizketei buruzko erabakiak hartu izana. Guk beste erabaki bat hartu dugu CA Osasunaren aurkako partidarako».

Indar Gorri taldea ez da Anoetara joango 

Osasunaren aurkako derbia aipatuta (hilaren 27an, 18.30etan, jokatuko da), asteazken honetan Indar Gorri zale taldeak jakinarazi zuen ez dela Anoetara joango; bai, ordea, Donostiara. Erabaki honen oinarria pasa den denboraldiko derbian dago. Azaltzen dutenez ez dute «bidaiatu genuen azken aldian han sufritu genuena» berriro bizi nahi: «Umiliatu egin gintuzten, tratu txarra eman ziguten, jo egin gintuzten, salatu egin gintuzten...». 

Hau guztia, «Realeko segurtasun zuzendariak hala nahi izan zuelako» gertatu zen, eta baita ere, «gure klubak ez zuelako aurrerapausorik eman nahi izan hori gertatu ez zedin». 

Ondorioz, Donostiako kaleetan zehar elkartuko dira zale txuri-urdinekin eta estadiotik kanpo jarraituko dute derbia. Besteak beste, Bultzada Txuri Urdina zale taldearen babesa jaso dute.