INFO

Santurtziko ontziola lekualdatu eta tokia hiritarrentzat berreskuratzea proposatu du EH Bilduk

Bilbo Metropolitarraren Lurralde Plan Partzialerako (LZP) proposamena egin du EH Bilduk: Santurtziko arrantza portuan dagoen ontziola lekualdatzea, tokia hiritarrentzat berreskuratzeko asmoz.

Oskar Lorenzo Santurtziko EH Bilduko koordinatzailea eta Miren Matanzas bozeramailea, ontziolaren gunean. (EH Bildu)

Hiritarrentzako lekua berreskuratzea proposatu du Santurtziko EH Bilduk, arrantza portuan dagoen ontziola lekualdatuz. Oraindik Bizkaiko Foru Aldundian onarpen fasean dagoen Bilbo Metropolitarraren Lurralde Plan Partzialaren (LZP) barruan egindako proposamena da.

«Horrelako planteamenduak duela urte batzuk gauzaezintzat jo zitezkeen, baina gaur egun jada ez. Duela egun batzuk ikusi genuen, adibidez, Barakaldoko Desertu auzoan lursail industrialak zirenak herritarrentzat berreskuratuko direla, parke handi bat eta hondartza berde bat sortuz itsasadarraren ertzean. Inplikatutako erakundeen lankidetzari, inbertsioari eta bultzadari esker posible da hau», adierazi du Miren Matanzas Santurtziko EH Bilduko bozeramaileak.

Argudiatu dutenaren arabera, Foru Aldundiak ezaugarri hauetako hainbat zonalde hartu ditu kontuan LZP berri honetan berreskuratzeko, beraz, haien ustez, «erabateko balioa» dauka momentu honetan. Adibide gisa, Aldundiak Asuako beheko ibarreko (Erandio) industriaguneak berreskuratzeko eta birnaturalizatzeko «interes berezia» aipatu dute.

Gainera, ontziolaren enpresa jarduera eta lanpostuak mantentzearen garrantzia azpimarratu dute. Haien ustez, «gune egokiago» batera lekualdatuz gero, hau bermatu dateke, betiere inplikatutako instituzioek horren aldeko «apustu irmoa egiten badute».

«Santurtzirekin zor historikoa dagoela uste dugu. Udalerrian dauzkagun kostaldeko 4,3 kilometroetatik 800 metroz bakarrik goza dezakegu, portutik Portugaleteko mugaraino doazenak. Herrialdeak merkataritza portu bat behar zuen, eta Santurtzik bere burua sakrifikatu zuen horretarako, uste dugu garaia dela zor hori ordaintzen hasteko eta erakunde guztiek proposamen horri bultzada ematea urrats garrantzitsua izan daiteke zentzu horretan», amaitu du zinegotziak.