INFO

Ligarako aurkarietako bat betirako atzean utzi nahi du Bera Berak Malagan

Donostiarrek Alba Menendez kapitainaren hutsunea izango dute, coronavirusak jota, zarauztarrak etxean geratu behar izan du eta.

Malagan irabazita aurrera pauso handi bat eman nahi du Bera Berak. (Jon URBE/FOKU)

Etxean jokatuko den Kopaz harago, berriz ere liga txapeldun izatea da Bera Beraren helburu nagusi eta ia bakarra. Momentuz gauzak ondo bideratuta dituzte Imanol Alvarezenak baina borroka horretan izan dezaketen aurkaririk arriskutsuenetako bat paretik ken dezakete larunbat honetan Malagan, arratsaldeko 18.00etatik aurrera. Ligan gauzak nahi bezela egin ez dituzten arren, bosgarren postuan dira Bera Berak baino 9 puntu gutxiagorekin, andaluziarrak joko bolada ikusgarrian dira, batez ere EHF Euopean Cupean finalerdietara helduta. Partida hau gainera Malagakoek erabat eraberritutako Carranque Kirol Hiriko kantxan jokatuko duten lehena izango da eta giro berezia egongo da.

Partida honetarako Super Amara Bera Berak hutsune nabarmen bat izango du, Alba Menendez kapitainarena, covidean positibo emanda, etxean geratu behar izan duelako. Imanol Alvarez entrenatzailearen iritziz, «oztopo bat da, batez ere defentsan gure jokalaririk sendoenetako bat delako, baina aurre egin behar zaio. Beste jokalari batentzat aukera izango da eta  ziur ondo egingo duela».

52. garaipenaren bila 

51 dira Bera Berako neskak ligan galdu gabe daramatzaten partidak –46 garaipen eta 5 berdinketa– eta bolada on horri jarraipena emateak asko lagunduko lioke tituluaren borroka horretan, momentuz behintzat, aurkari zuzen bat paretik kenduko luke betirako. «Ez zait halakorik esatea gustatzen Malaga bezalako aurkari baten aurka matematikoki egina ez dagonean, baina egia da aldea oso handia izango litzatekeela, eta ez bakarrik puntu kopuruarengatik, baizik eta bi taldeek partida oso zailak ditugulako hemendik aurrera, ez guk bakarrik, eta horrek bai ematen dit patxada pixka ba. Eurek badakite ligarako borrokan egon nahi badute irabazi behar dutela eta hori motibazio bat da», azaldu du donostiarren entrenatzaileak.

Malagaren inguruan galdetuta, Rocasarekin batera, txapelketako klasikoetako bat dela nabarmendu du Alvarezek eta, onerako zein txarrerako, bi taldeek oso ondo ezagutzen dutela elkar. «Malagarengandik ezusteko gutxi espero ditzakegu. Jokatzen duten jokalariak eta jokatzeko era oso finkatuak ditu eta abantaila bat ere badute, elkar oso ondo ezagutzen dutela, denbora asko daramate elkarrekin jokatzen eta horrek berarekin dakarrena da baloia oso azkar mugitzen dutela, asko mugitzen dira. Alde batetik aurkariei abantaila bat ematen digu badakigulako nortzuk jokatuko duten, baina elkar horren ondo ezagututa gauzak oso ondo egiten dituzte», azaldu du Alvarezek.