Bi urte eta zortzi hilabete geroago, Bera Berak ligako partida bat galdu du (27-23)
Bera Berak ezin izan du ligan 52. garaipena jarraian eskuratu. Malagaren etxean porrota jaso dute donostiarrek, lehia estu batean. Merche Castellanosen geldiketak giltzarri izan dira etxeko taldearentzat.
Ondo hasi baina gaizki bukatu. Halakoxea izan da Bera Beraren partida Malagan. Ondo sartu dira neurketan Imanol Alvarezek zuzendutako jokalariak. 20. minutura arte, markagailuan agintzen egon dira donostiarrak baina behin Malagak urrats bat eman duenean, gogotik sufritu dute gipuzkoarrek. 2019ko maiatzaren 24tik ligan porrotik jaso gabe zegoen Bera Bera –Alcobendasen aurka galdu zuen– eta larunbat honetan Malagak apurtu du bolada ona.
Laura Sanchezen golarekin 10-9 aurreratu dira etxekoak 20. minutuan eta bi goleko aldeaz ere gozatu dute atsedenaldia iristeko gutxi falta zela. Nolanahi ere, kanpokoek 13-13ko berdinketa jarri dute beraien azken erasoa zelakoan baina Malagak, hutsartea eskatuta, baloia galdu du hamar segundoren faltan, eta Maitane Etxeberriak markagailuan aurreratu du berriro ere Bera Bera.
Ordutik, 51. minutura bitartean, Imanol Alvarezen taldea atzetik joan da markagailuan. Izerdi asko bota behar izan du partida honetan, espero zitekeen moduan eta zailena egin duela zirudienean –hiru goleko aldea berdindu ez ezik, iraultzea 1-5eko partziala lortuta, Arrojeria eta Cavoren bina gol eta Loidiren batekin– berriro behera etorri dira donostiarrak, hein handi batean Merche Castellanosek hainbat eraso zapuztu dizkielako.
Ciudad Realeko atezaina bikain aritu da –pentsa, Bera Berak zazpi metroetako jaurtitzaileak aldatu behar izan ditu– eta Loidiri zazpi metroetako jaurtiketa gelditu dionetik, garaipenaren bidea marraztea errazago egin zaio Malagari. 24-22rekin egin du geldiketa hori, Bera Berari gol batera hurbiltzea saihestuz bukaerarako lau minutu falta zirela.
Azken tarte horretan, soilik gol bakarra egin ahal izan dute donostiarrek eta etxekoek markagailua biribiltzea lortu dute (27-23). Nolanahi ere, ez du eragin nabarmenik sailkapenean, ez behintzat Bera Berari dagokionez. Donostiarrek lider jarraitzen dute, bigarren sailkatu den La Calzadari hiru puntuko aldea aterata. Asturiarrek 33-34 irabazi dute Aula Valladoliden etxean eta apur bat gehiago estutu da goialdea.
Malagak, bestalde, 20 puntu ditu poltsikoan eta partida bat gutxiagorekin, laugarren postura igo da, oraindik ere Bera Beratik urrun dagoela –zazpi puntura–.