Lander Mujikak luzapenean AMPO Ordiziari eman dio Urbietako euskal derbia (15-16)
Jokoa bera baino tentsio handiagoa izan du gernikarren eta gipuzkoarren arteko norgehiagokak. Azken minutuetan etxeko taldea aurretik jarri da baina ezin izan dio aldeko markagailuari eutsi. Lau puntu gehiagorekin, Ordiziak laugarren jarraitzen du eta Gernikak, bonus defentsiboa baino ez du lortu.
Lander Mujikak luzapenean gauzatu duen «drop» bikain batek AMPO Ordiziaren alde erabaki du Urbietako zelaian jokatu den euskal derbiak. Gernika Rugby Taldeak azken minutuetan gipuzkoarren hankasartze larri bat baliatu du markagailua 15-13 bere alde jartzeko, baina Lander Mujikaren ostikoak «basurdeen» ilusioak bertan behera laga ditu, 15-16koa ezarri baitu.
Ondorioz, Errugbi Liga Txapelketako Ohorezko Mailan laugarren postuan finkatu dute beren burua gipuzkoarrek, lau puntu gehiago batu eta gero. Bizkaitarrek, nahiz eta derbia galdu, gutxienez defentsako bonusari dagokion puntua eskuratu dute. Hori bai. sailkapen nagusiko azken postuan jarraitzen dute.
Isilunea eta aldaketak
Partida hasi aurretik, talde biek minutuko isilunea gorde dute Herbehereetan hil zen Kawa Leaumaren omenez. Jendez bete den Urbietako zelaiak presente izan du AMPO Ordiziako jokalari izan zena.
Handik aurrera, tentsioa eta urduritasuna izan da derbian, tarteka bultzakadak eta haserrealdiren bat ere izan da, baina ezer larriagorik jazotzeke. Markagailuari dagokionez, orain bataren alde eta orain bestearen mesede, egundoko jauziak eman ditu, neurketa hasi eta buka.
Hasi eta hiru minutura Lander Mujikak aurreneko zigor kolpea gauzatu du, derbia 0-3 jarri eta amaieran hain handia izan duen protagonismoa hartzen hasi da. Alabaina, sei minutu beranduago, Gaizka Iturriaga–Echevarriaren saiakera gauzatu du Gernikarentzat, eskuin hegaletik jokaldi aparta amaitu berritan.
Aurreneko zatian jokoan jarritutasun handirik ez du izan, bai ordea tentsioa eta borroka talde bien aldetik. Gogoan izan behar da Gernika azpen postuan zela jardunaldia hasterako eta, aldiz, Ligako sailkapeneko laugarren postuan zirela gipuzkoarrak.
Borroka eta tentsio horri jarraituz, ez da aukera nabarmenegirik izan aurreneko 40 minutuetan aipatu puntuak salbu. Hori bai, etxekoek baloia askoz gehiagotan eraman ahal izan dute Ordiziakoen ingurura, batez ere aurrelariek sartu duten presioari esker.
Aurreneko zatia Lander Mujikak gauzatu ezin izan duen zigor lope zail batekin amaitu da eta, beraz, 5-3 «basurdeentzat», baina bigarren zatian zernahi jazotzeko aukerak zabal zabalik.
Ekimena askoz garbiago hartu du Ordiziak atsednealdiaren ostean eta, hala, beste zigor kolpe bati esker, Lander Mujikak berriz ere gipuzkoarrak aurreratu ditu.
Ordiziarrak ez dira horrekin konformatu eta bigarren zatiko hamargarren minutuaren bueltan, Diego Carvajales madrildarrak gipuzkoarren aurreneko saiakera erdietsi du. Aurrez Elliot Ryan irlandarrak baloiarekin hanka egin ostean, talde goierritarrak bikain jarraitu du jokaldia, aldea areagotzeko. Lander Mujikak, ahoko zuloan transformazioa gauzatuta, 5-13 jarri du markagailua.
Bizkaitarrek nahitaez aurrerantz egin behar izan dute eta markagailuan hurbiltzea lortu dute. Estanislao Rentelek erraz asko gauzatu du zigor kolpea, 8-13, 65. minutuan eta, bide batez, hamar minutuan jokalari bat gutxiagorekin geratu dira gipuzkoarrak, Namibiako Muharua Katjijekori epaileak txartel horia ikusi eta gero.
Ordiziak kontrolpean izan du azken minutuetan euskal derbia, baina sekulako hankasartzea egin dute goierritarren aurrelariek. Une batez kontzentrazioa eta baloia galdu dute eta Francisco Jose Gonzalez aurrelariak baliatu du eta ordiziarren erdi erditik sartu da partida ia ezustean berdinduz. Estanislao Rentelek, derbia Bizkaia aldera begira jarri arazorik gabe: 15-13.
Ordiziak berriro estutu ditu hortzak eta atzean sartu ditu «basurdeak». Bizkaitarrak ez dira kapaz izan goierritarren ekimena geratzeko, eta 80. minutua bete eta gutxira, Lander Mujikak luzapenean «drop» irabazlea gauzatu du, bizkaitarrek azken orduko ahalegina egin duten arren.
Ondorioz, lau puntu lortu ditu talde ordiziarrak eta defentsako bonus puntu eskas batekin konformatu behar izan dute «basurdeek». Bada, Liga txapelketako azken postuan jarraitu beharko dute beste astebetez.