INFO

Altuna eta Martija finalerdietara sailkatu dira Eibarren erakustaldia emanda (22-15)

Amezketarrak 16 tanto egin ditu jokoan eta merezita menderatu dituzte Laso eta Imaz Astelenan. Ondorioz, Irribarriak eta Rezustak play-offa jokatu beharko dute, ostiral gauean Ezkurdia eta Tolosaren aurka, eta beste kanporaketan Laso-Imaz eta Peña-Albisu neurtuko dira.

Jokin Altunak sekulako erakustaldia eman du Astelenan (Jon URBE | FOKU)

Jokin Altuna eta Julen Martija zuzenean sailkatu dira Binakako Txapelketaren finalerdietara gaur Eibarren Unai Laso eta Ander Imazi 22-15 irabazi ostean. Garaipen horri esker, gainera, Aspeko bikoteak lehen postuan amaitu du ligaxka.

Aldiz, emaitza horren ondorioz Irribarria eta Rezusta hirugarren postura jaitsi dira eta play-offa jokatu beharko dute, ostiral gauean Donostian, seigarren bukatu duten Ezkurdia eta Tolosa enpresakideen kontra. Beste kanporaketan, igandean Gasteizen, Baikoko bi bikoteak neurtuko dira: Laso-Imaz eta Peña II-Albisu.

Elkarren aurka jokatzen duten bakoitzean gertatu ohi denez, Altuna eta Lasoren arteko norgehiagoka ikusgarria suertatu da. Erremate bikainak, defentsan meritu handiko esfortzuak, erritmo bizia… Pilotazaleek ondotxo dakite hori eta sekulako giroa izan da Eibarko Astelena pilotalekuan.

Hori bai, gaur ere Jokin Altuna irten da garaile. Amezketarrak sekulako neurketa osatu du, hasi eta buka. Jokoan eginak 16 izan ditu, sakez beste bat ere egin du eta galdutakoak bi bakarrik. Zenbaki ikaragarriak dira, baina zenbaki hutsetatik haratago egindako jokaldien bikaintasuna txapela kentzekoa izan da.

Unai Laso ere ez da atzean gelditu. Nafarrak zazpi izan ditu eginak, askoz gutxiago, baina horiek ere sekulakoak izan dira, jendea aulkitik altxatzen duten horietakoak. Emozio apur bat falta izan zaio neurketari baina ikusleek asko gozatu dute.

Gorriek hasieran abantaila hartu dute, 0-2 galtzen hasi arren. Jokin Altuna berehala hasi da bere erakustaldiarekin eta 2-3tik 8-3ra igaro dira sei tanto jarraian eginez. Gantxoak bereziki ongi funtzionatu dio amezketarrari lehen fase horretan.

Baina urdinek ere, lehen bi postuetan sailkatzeko aukerarik izan ez arren, joko bikaina erakutsi dute eta neurketa berdintzeko gai izan dira (10-10). Atzean Ander Imaz nagusitu egin da une askotan eta Lasok tantoa amaitzeko aukera onak izan ditu.

Emaitza berdindu bai, baina aurretik ez dira jarri ordea. Beste gantxo ikusgarri batekin egin du Altunak 11-10ekoa eta hortik aurrera berriz ere zuloa ireki dute markagailuan. 9-1eko partzial batekin 19-11ra alde egin dute gorriek, partida erabat hautsiz.

Urdinek azken saiakera bat egin dute, batez ere datorren asteko play-offera zapore txarrarekin ez iristeko, eta hein batean lortu dutela esan liteke. Hiru tanto eginda 19-14ra inguratu dira, ondoren Lasok txokoan amaitutako tanto eder bat egin du 20-15ean, eta 22-15 galdu arren itxura ona eman dute.

Hala ere, poza gorrientzat izan da gaurkoan. «Oso pozik gaude. Bikote honi irabazteko asko jokatu behar da eta horrelako ligaxka batean lehen postuan amaitzeko ere oso txapelketa ona egin behar da», nabarmendu du Jokin Altunak amaieran. «Ratxan gaude. Jokatutako azken bederatzi partidetatik zortzi irabazi ditugu eta orain bi aste lasai egoteko aukera izateak ere asko balio du», gehitu du amezketarrak.

Julen Martija ere oso pozik azaldu da garaipenarekin. «Hasieran lotuta sentitu naiz, ez oso eroso, baina gero soltatzen joan naiz eta amaieran oso pozik amaitu dut. Gaurko izarra Jokin Altuna izan da, sekulako partida egin du eta horrela errazagoa da irabaztea», aipatu du nafarrak.

Elkarrekin jokatzen duten hirugarren txapelketa da aurtengoa eta denetan finalerdietan sartu dira, nahiz eta finalera heldu ez. «Uste dut aurreko bi aldietan ni oso gaztea nintzela. Oraingoan esperientzia gehiago dut eta ea lortzen dugun finalean sartzea. Oso ongi moldatzen gara elkarrekin eta hori nabaritu egiten da».