INFO

142.200 alsaziarrek Ekialde Handiko eskualdetik ateratzearen alde bozkatu dute

Alsaziako europar kolektibitateak Ekialde Handiko Eskualdetik alde egiteari buruz eginiko  galdezketak emaitza argia utzi du: 142.200 herritarrek baiezkoaren alde bozkatu du. %7,6ak (11.644 herritar) ezetz erantzun dio galderari.

Alsaziako europear lurralde kolektibitateko buruak, Frederic Bierry kontserbadoreak, kontsultak utzitako emaitzak aintzat hartzekoak direla nabarmendu du. (@dna)

«Alsazia Ekialde Handitik atera behar al da bere eskualde propioa berriz osatzeko?» galderari baiezkoa erantzun dio galdeketan parte hartu duen %92,4ak. Orotara, 168.456 pertsonen iritzia jaso duen kontsultaren emaitza plazaratu dute otsailaren 21 honetan.

«Alsaziarrek argiki hitz egin dute: Alsaziak bere eskualdea berreskuratu nahi du. Alsaziak bere eskualde propioa berriz osatuko du», azpimarratu du Frederic Bierry Alsaziako Europar Kolektibitateko presidenteak emaitza jakitean.

Agintari eskuindarraren esanean otsailaren 21eko eguna «historikoa» izan da.

Hautetsi eta erakundeez gain, frantses Parlamentuak kontsultaren emaitza kontuan hartu behar duela eta baikorki erantzun behar diola uste du.

Oroitzearren, 2021eko urtarrilean Alsazia lurralde kolektibitate europar bilakatu zen, ordura arte ziren bi departamenduak barne bilduz.

Galdeketaren bidez, lurraldeari egokituriko eskualde proiektu bat bultzatzeari buruz herritarren iritzia jakin nahi izan dute.

Nahiz eta kontsultak balio juridikorik ez duen, Bierryren ustez, politikoki duen balioa «oso indartsua» da.

Botoa emateko molde ezberdinak

Bozen kontaketa otsailaren 15ean abiatu zen eta gaur arte behin behineko emaitza ezezaguna bazen ere, parte hartzeari buruzko datua garaipen ederra izan zen antolatzaileentzat.

Finkatutako erronka gainditu du erakundeko exekutiboak, hasiera batean 100.000 boto-emailek parte hartzeko xedea baitzuen.

Jarri zituzten 99 hautetsontziez gain, herritarrek Internet edo posta bidez bozkatzeko parada izan dute.

Herritarren gehiengoak Internet bidez bozkatu du, 125.046 pertsonak hain zuzen. Karen Deneuville uxerrak baiezkoa erantzun duten gehiengoa Bas-Rhin eskualdetik heldu dela zehaztu du, hots, alde agertu direnen %64,4a.