Bidasoa-Irunek bi aurkari izango ditu ostegun honetan etxetik kanpo: Valladolid eta nekea
Asteazkenean Berlinen galdu baina EHF European Leaguen final-zortzirenetarako sailkapena lortu ostean, Bidasoa-Irunek hitzordua du ostegun honetan Valladoliden, Asobal Ligako atzeratutako partidarekin. Otsaileko bederatzigarren neurketa izango da biharkoa irundarrentzat.
Bidasoa-Irunek epe motz-laburrerako helburuak beteta ditu. Eta eskerrak! Izan ere, a zer hilabetea daraman talde gipuzkoarra! Atzeratutako partidak, Liga, Kopa, EHF European League… Gutxi gorabehera bi edo hiru egunean behin ari dira jokatzen Jacobo Cuetararen jokalariak eta ostegun honetan beste hitzordu bat dute, Asobalen, Valladoliden etxean (20.30).
Asteartean EHF European Leagueko hurrengo faserako sailkatu ziren irundarrak matematikoki. Berlinen galdu zuten, baina Tatranek eta Pfadik ere galdu egin zuten, sailkapena Bidasoari emanez multzo fasea amaitzeko bi jardunaldiren faltan.
Berlinera abiatu aurretik, Palau Blaugranatik pasa ziren gipuzkoarrak eta, nahiz eta hortzak erakutsi, ezin izan zuten Barçaren kontra puntuatu. Hala ere, Ligan 'lasaitasunarekin' aritu daiteke Bidasoa, Asobal Koparako txartela eskuratu baitzuten matematikoki lehengo astean Huescari irabazi ostean. Aste batzuk lehenago, ordea, Koparako hurrengo faserako txartela eskuratu zuten.
Gauzak hala, hurrengo helburua Ligako bigarren postua mantentzea izango da. Momentu honetan Barça liderraren atzetik doaz irundarrak, baina hirugarren den Granollersekin 24 puntuna berdinduta eta biak partida bat gutxiagorekin. Bihar azken-aurrena den Valladoliden kontra irabazita, bi puntuko aldea aterako lieke katalanei, Huescaren kontrako atzeratutako partida noiz jokatuko duten oraindik ez baitago argi.
Valladoliden kontrako partida hau abenduaren erdialdean jokatu beharrekoa zen, baina zenbait covid kasurengatik atzeratu zen. Otsaileko bederatzigarren neurketa izango da Bidasoarentzat eta larunbatean hamargarrena jokatu beharko dute Antequeran. Jacobo Cuetara oso pozik dago bere taldearekin. «Oso pozik nago helburak betetzen goazelako eta momentu handienetan egoteagatik», adierazi du entrenatzaileak Valladolidetik.
«Berdintasun handiko» norgehiagoka espero du bihar, azken denboraldietan ikusi ahal izan den bezalaxe. Hala ere, aurkaria momentu latzak pasatzen ari da, nahiz eta «maila handiko taldea eta jokoa» duten, Cuetarak adierazi duenez.
Nahiz eta bi taldeen artean diferentzia handia egon sailkapenean, Bidasoak «ahalik eta intentsitate handienarekin» jokatuko du Valladoliden. Etxeko taldeak irundarrek duten nekea eta jokalarien bajak aprobetxatu nahiko dute, baina gipuzkoarrek ez dute horretan sartu behar eta bai bere jokoa egin.
Izan ere, egia da Berlinen baja izan ziren Adrian Fernandezek eta Kauldi Odriozolak minutu batzuk izan ditzakeleta bihar, baina entrenatzaile asturiarrak ezin izango die minutuak eman oraindik Jon Azkue eta Rodrigo Salinas txiletarrari.