INFO

Gaur 85 urte hil zuten Kandido Saseta, «gudarien aurrean»

Abertzalea eta lanbidez militarra. Mitoa eta ezezaguna, ‘Txikia’ abestian hainbat belaunaldik goratua. Gaur 85 urte hil zuten Kandido Saseta, Asturiaseko herri txiki batean, altxamendu frankista gelditzeko borrokan ari zela. Larunbatean egingo diote omenaldia Hondarribian.

Arcesen, irudiko tokian, hil zuten Saseta. (Joserra Enparan.)

Zenbatek abestu du Pantxoa eta Peioren ‘Txikia’ abestiko «Saseta hil zen gudarien aurrean» Kandido Saseta nor zen jakin gabe? 85 urte bete dira gaur hondarribiarraren heriotzatik. Eusko Gudarosteko komandante burua zen eta, 1937an, Eusko Jaurlaritzaren aginduz, Asturiasera joan ziren tropen arduraduna. Areceseko gudan, 1937ko otsailaren 23an, hil zen.

Saseta Hondarribian jaio zen 1904ko abenduaren 12an. Donostiako institututik Avilako akademia militarrera pasa zen, 15 urte zituela. Euskal historia hurbilaren ikono eta mito bat da. Lanbidez militarra, Afrikako Alhucemas posizioan destinatu zuten eta bertan bere kanpadendako sarreran eskegitako inskripzioa izan zen albiste: «Hemen sartzen dena Euzkadin sartzen da. Euskalduna bazara, mintzatu euskaraz. Eta abertzalea bazara, deidar zazu: gora Euzkadi Askatuta».

Espainiar Armadako goi kargua eta abertzalea, gaur egungo prismarekin ulertzen zaila den konbinazioa. Bere asmoa mikeletea izatea zen. Ospe handiko familia karlista batetik zetorren eta mikeletea izateko karrera militarra egitea ezinbestekoa zitzaion.

Baina gaur egungo prisma alboratuta, 85 urte egin behar dira atzera. 1936ko uztailaren 18an, Gasteizko garnizioko intendentziako kapitaina zen eta, Francisco Francok gidatutako faxistek emandako estatu kolpearen berri izatean, kuartela utzi zuen. Desertorea izan zela esan liteke. Hurrengo pausoa, irailean, Eusko Gudarostearen sorreraren bultzatzaile izatea izan zen, Azpeitian, Loiolako santutegian, esperientzia militarrik gabeko zibilak armen erabileran trebatzeko ardura bere gain hartuta. Bertan beste hainbat erabaki ere hartu ziren eta lehen Eusko Jaurlaritza handik hilabetera osatu zen, Loiolan gertatutakoak eraginda akaso. Izan ere, Gerra Komiteak hartutako erabakien artean zegoen «Euskal Gobernua berehala sortzeko beharra». Sortu beharreko autoritateekiko «sumisioa» aginduta ere, komite hark, «erabakirik ezean, beharrezko jotzen dituen neurriak» hartuko zituela jakinarazi zuen. Handik hilabetera, urriaren 7an, jaio zen Jose Antonio Agirreren Gobernua.

Agirrek gertuko laguna zuen Saseta. Kargua hartu osteko zuri-beltzezko irudietan ikus daitekeenez, egin zuen lehen gauza hondarribiarrarekin tropak ikuskatzera joatea izateraino. Eta lehendakariak, 1937ko urtarrilean, Asturiasera destinatu zuen militarra, Jaurlaritzak bidalitako Euzko Indarra (ANV), Amaiur (EAJ) eta Prieto (PSOE) brigadak zuzentzera. Saseta, beste kide batzuekin batera, arrazoi politikoengatik euskal lurra uztearen aurka agertu zen behin baino gehiagotan, «Euzkadi penintsularra» esaten zutenaren mugak defendatzea lehenetsiz. Baina, diziplina militarrez eta adiskidetasunez, Agirre lehendakariaren aginduei men egin eta Asturiasera joan zen.

«Bere oroimenean zilegi bekit esatea, gure inguruko militarren artean hura zela gizon bat zeinarengan erabateko leialtasunagatik konfiantza osoa bainuen, ez bakarrik guk ordezkatzen genuenarekiko, baita bere gurasoen lurrarekiko ere», gogoratu zuen Agirrek, 1956an, Parisen egindako Eusko Kongresuan, Joserra Enparanek Sasetaren oroimenez egindako lanean nabarmendu moduan. Asturiasera joan zenerako irabazia zituen faxisten aurka borrokan ari ziren hainbat eta hainbat indarren errespetua eta mirespena. «Txoratuta zituen denak», dio Enparanek.

2017an Hondarribian egindako omenaldi ekitaldia.
2017an Hondarribian egindako omenaldi ekitaldia.

Euskal batailoiak 1937ko otsailaren 21ean sartu ziren borrokan Asturiasen, 04.00ak pasatxo zirela. Helburua El Pando izeneko muinoa hartzea zen, faxistak Galiziarekin eta espainiar Estatuarekin lotzen zituen bideak eten asmoz, komunikazioak zailtzeko intentzioz. Lehen helburua bete egin zuten.

Hurrengo egunean, PSOEk, EAJk eta EAE-ANVk bidalitako konpainiak sartu ziren agertokian, Nalon ibaia zeharkatzea helburu zuen operazio batean. Euzko Indarrekoei egokitu zitzaien ibaia gurutzatzea, baina faxistak zain zituzten ibaiaren beste aldean eta euskal tropak inguratu egin zituzten. ANVko dozenaka miliziano su gurutzatu horretan harrapatuta geratu ziren, saiakeran heriotza aurkituz. Dena den, Euzko Indarrak tokia bere menpe hartzea lortu zuen.

Hala ere, denbora gutxi iraun zuen garaipenak. Otsailaren 23an etsaiak ingurua berreskuratu zuen, euskal tropak inguratuz eta erretiratze desordenatua eraginez. Aginte postua utzita, bere soldaduengana jo zuen hondarribiarrak eta bidean tirokatu zuten. «Erasoan lehena, erretiratzen azkena», idatzi zuen Ceferino de Jemeinek “Euzkadi en guerra” lanean.

Kuartelean geratzen diren komandante horietakoa izatearen famarik ez zuen Sasetak. Eta egun hartan ere horrela egiaztatu zuen. Izan ere, hainbestetan kantatu moduan, «gudarien aurrean» zendu zen hondarribiarra.

Gudariak alboan zituela hil zen Kandido Saseta, Oviedotik ipar-mendebaldera dagoen Areces herriko borrokaldietan, 1937ko otsailaren 23an. Bertan, eta ehorzketetan parte hartu zuten hainbat lekukoren arabera, oraindik ere aurkitu ez dituzten 80 eta 100 euskal herritar inguru lurperatu zituzten. Hildakoen artean, gehien-gehienak Euzko Indarrakoak ziren. Pentsa, borrokaldien ostean batailoia bera ere bertan behera geratu zen, EAE-ANVk bere kideen %34 galdu ostean.

Gorpuzkiak, 2008an

Tokiko hainbat bizilagunen arabera, ia 100 gudari gerora “El Pradón de los Vascos” izena hartuko zuen zelaian lurperatu zituzten. Gudalburua, aldiz, Areceseko etxe nagusitik 500 metrora ehortzi zuten, bide bazterrean. Heriotzak samintasun handia eragin zuen Euskal Herrian; garaiko egunkari guztietan nabarmen agertu zen albistea eta Bilbon egindako hileta elizkizunean Estatu ohoreak jaso zituen Sasetak. Batailoi bati ere bere izena eman zioten.

Ohoreak ohore, 70 urte igaro behar izan ziren Sasetaren gorpuzkiak berreskuratzeko. 2006. urtean, Hondarribiko talde batek bidaia egin zuen Areces herrira, Sasetari eta gainontzeko hildakoei omenaldia egiteko helburu bakarrarekin. Haien harridurarako, herri asturiarreko bizilagun baten testigantzari esker, Sasetaren gorpuzkien kokapenaren berri izan zuten.

Datu guztiak Arantzadi Zientzia elkarteari helarazi eta senideen eta zenbait eragileren laguntzarekin, Sasetaren gorpuzkien bilaketa hasi zen. 2008ko martxoaren 8an, azkenean, Candido Sasetaren gorpuzkiak lurpetik atera zituzten. Lakuako Gobernuaren inolako parte hartzerik gabe, baina, azkenean, zazpi hamarkada eta gero, Eusko Gudarosteko komandante buruaren gorpuzkiak Euskal Herrira itzuli ziren. Omenaldiak jaso zituen Gernikako Juntetxean eta Hondarribiko udaletxean, bere izena daraman elkarteak eta sentsibilitate politiko desberdinetako taldeek sustatuta. Saseta itzuli zen, baina oraindik 80-100 euskal gudari eta miliziano artean daude Arecesen.

Orduan bueltatu zen Saseta Hondarribira eta, bertako hilerrian, toki berezi batean, lurperatu nahi izan zuten, Jose Bergaminen hilobiaren ondoan. Bergaminek, errepublikazale koherentea azken hatseraino, herrien eskubideen aurkako inposatutako trantsizio frankista monarkikoaren aurka egin eta Euskal Herriaren borrokarekin bat egin zuen. Bi errepublikazale osok, espainiar errepublika berriaren aldekoa bata eta euskal errepublikaren aldekoa bestea, batera atseden hartzea nahi izan zuten herritarrek.

Gaurko 85. urteurrenaren harira, larunbatean lore eskaintza herrikoia egingo du Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak, Hondarribiko hilerrian. Elkarteak Bidasoko bizilagunei dei egin die Kandido Sasetaren hobian loreak jartzeko. 12,00etan, ohiko legez, Telesforo Monzonek idatzi eta Pantxoa eta Peiok famatutako ‘Txikia’ abestuko dute. «Biak txiki, bizkor eta lerden».