INFO

Bilboko Aratusteetako Fiskaltzak zigor gosez egingo die aurre Farolini eta Zaranbolasi

Ostiral arratsaldean Udaletxean atxilotu eta 19.30ean Plaza Barrian epaituko dituzte Bilboko Aratusteetako pertsonaia txireneak, Ibon Koteron musikaria eta Gemma Martínez aktorea. Biek ala biek, epaiketari egin beharko diote aurre, konpartsetako aktore amateurrek prestatutako ikuskizunean.

2020 urteko Farolin eta Zaranbolasen atxiloketa eta epaiketa. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

1984an Bilboko Jai Batzorde Mistoko kideek Farolin eta Zaranbolas pertsonaiak asmatu zituzten Aratusteetarako. Orduan ezarri zen lehenengoz Farolin eta Zaranbolasen epaiketa Bilbon, Aratuste tradizional eta baserri-girokoetan ohikoa zen urteroko pertsonaia gaiztoa epaitu eta zigortzearen eredua parodiatuz.

Bilboko Konpartsek gogoratu dutenez, Bizkaiko hiriburuan gaiari kutsu txirenea ematea erabaki zen, «zintzoaren eta gaiztoaren arteko dikotomia hautsi eta umore ukitua ezarriz, hiritarren izaera arketipikoaren bikoiztasun barregarria agerian uzteko».

Gaur egun, Farolin eta Zaranbolasen aurkako herri-auzia haien atxiloketarekin hasten da, udaletxean. Aurten 19.00etan. Bilboko mazukariek gure protagonistak lagunduko dituzte ziegetara. Behin ziegatan sartuta, Fraisku, Momo, Hartza, Moja, Turko eta Higien kalejira batek bideratuko ditu Plaza Berrira arte, bilbotarron irainak medio, ibilbidean zehar.

Plaza Barrian daudela, 19:30ean, epaiketari hasiera emango zaio; aurten, baina, iaz eman ez zen zigorra metatuko diete Farolin eta Zaranbolasi, aurten konpartsakideek prestatu duten ikuskizun berezian. Hala, euren buruak defendatuta ala are gehiago errudundu ostean, Farolin eta Zaranbolas ziegetara itzuliko dira haien “Aratuste-zigorraren” zain.

Protagonistak urkatokian daudela, 20.30ean, herri auziari amaiera emango dion burla, trufa eta eskarnioa egingo dira. Hor bukatuko da epaiketa, eta, ondoren, aurtengo kopla txikien lehiaketako Hontzak talde irabazleak beste behin abestuko du aurtengo bere kopla txikia.