INFO

EHNE-Nafarroak behi haztegietako abelburuen kopurua are gehiago mugatzea defendatu du

EHNE-Nafarroa sindikatuak positibotzat jo du Animalien Osasunari buruzko Foru Legeak behi haztegien abelburuen kopuruari mugak ezartzea, baina 1.250 unitate oraindik kopuru «oso handia» iruditzen zaio.

Haztegietako abelburu kopurua gehiago mugatzea nahi du EHNEk. (EHNE)

EHNE-Nafarroak positibotzat jo du Animalien Osasunari buruzko Foru Legearen aldaketak herrialdeko behi azienden abelburuen kopuruari dagokionez mugak ezartzea, baina ezarri den muga –1.250 UGM (Abeltzaintza Nagusiko Unitatea)– «oso handia» dela uste du.

EHNE-Nafarroaren arabera, Caparrosoko etxalde erraldoia kenduta, esne behiak dituzten oso ukuilu gutxi hurbiltzen dira zenbaki horietara eta, are gutxiago, gainditu. «Haragitarako behi aziendaren kasuan, batez ere sektore estentsiboan, zifra horretara ez dira hurbiltzen, nahiz eta ale helduak eta kumeak zenbatu», gaineratu du.

Sindikatuak kritikatu duenez, legearen aldaketan jasotako muga marjina handiak «ez dio errealitateari erantzuten», eta «tarte handiegia» uzten dio etxalde jakin batzuek hazten jarraitzeari eta abeltzaintza txiki, familiar eta estentsiboei kalte egiteko moduko dimentsio batera iristeari. «Gogoan izan behar dugu EHNE-Nafarroako ordezkariek, Ustiategien Dekretua idazteko irekitako epean, esnetarako behietan gehienez 650 UGM proposatu zituztela abeletxe bakoitzeko, eta haragitarako behietan, berriz, 500 UGM», gaineratu du.

Jakinda gainera legearen aldaketak ezin duela atzera eraginezko izaerarik izan lehendik dauden ustiategi erraldoietako buru kopurua mugatzeko, EHNE Nafarroak erakundeei eskatu die «beharrezko mekanismoak aplikatzeko abeltzaintza jasangarriarekin zerikusirik ez duten negozio horiek dagozkien osasun eta ingurumen betebeharrak bete ditzaten».

Sindikatuaren arabera, abeletxeetan abereen kontzentrazioa mugatu egin behar da, ez bakarrik osasun berme handiagoa duen lehen sektorea sustatzeko, baita Europako egungo araudiak sektore horri aitortzen dion funtzio aniztasuna betetzen duen abeltzaintza garatzeko ere, elikagaiak ekoizteaz harago, landa eremuen mantentzean, lurralde baten oreka sozial eta ekonomikoan, ingurumenaren zaintzan eta nekazaritza paisaien garapen eta mantentzean betetzen duen funtsezko jarduera gisa.

«Zentzu horretan, ikusten dugu araudiak askotan hitzaurreetan alderdi sozial, ekonomiko eta ingurumeneko horiek guztiak aipatzen dituela, baina gero artikuluetan alderdi horiek desagertzen dira», salatu du sindikatuak.