INFO

Lakuak laguntza eskaini die Elizako abusuen biktimei, «baita salaketa jarri aurretik ere»

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Elizaren barruan izan diren abusuen biktimak Lakuak eskaintzen duen laguntza zerbitzura jotzera animatu ditu, «baita salaketa jarri aurretik ere».

Elizako abusuen biktimei laguntza eskaini die Lakuak. (Gorka RUBIO | FOKU)

‘Radio Popular’en eskainitako elkarrizketa batean, Beatriz Artolazabal Lakuako Gobernuko Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Eliza katolikoaren barruan eginiko eta hamarkada batzuk geroago azaleratzen ari diren abusuen kasuak aipatu ditu: «Biktima izan direnek jakin behar dute zerbitzu hau dagoela, Biktimei Laguntza emateko Zerbitzua, eta, bertan, prozesuan entzungo dituzten eta arreta, orientazioa eta laguntza emango dizkieten profesionalak daudela, baita salaketa bat jarri aurretik ere».

Horretarako, biktimak zerbitzuarekin harremanetan jartzeko, bulegoetara joan daitezke; bulegoak EAEko hiru hiriburuetako epaitegietan eta Barakaldon daude. Dena den, komeni da aurretik hitzordua eskatzeko telefonoz deitzea honako telefono-zenbaki hauetara: Bizkaia 900 40 00 28; Araba 900 18 04 14 eta Gipuzkoa. 900 10 09 28.

Artolazabalek adierazi duenez, doako zerbitzua da, eta juristen eta psikologiako eta gizarte-lanetako profesionalen diziplina anitzeko taldeak ditu.

Estatu mailan ikerketa-batzorde bat sortu izanari buruz zer iritzi duen galdetu diotenean esan duenez, Kongresuak eliza katolikoaren barruan abusuen ikerketa-batzorde bat sortzea onartzen badu, exijituko dute «lanetan haurren arretan eskumen esklusiboak dituzten autonomia-erkidegoak sartzeko, EAE, kasurako». Eta nabarmendu du bere ustez beharrezkoa dela «biktimek egiarako eta kaltearen aitorpen publikorako eskubidea baliatu ahal izateko erakundeen babesa izatea».

Sailburuak elizaren beraren lana ere nabarmendu du: «Biktimen alboan egon behar dute, eta babesa eta laguntza eman behar den guztian».