INFO

Chernobil Elkarteak diru bilketa bat hasi du Ukrainako biztanleei laguntzeko

Udan Euskal Herrira Txernobil inguruan bizi diren haurrak ekarri ohi dituen elkarteak familiak ditu gogoan egun hauetan, aurretik ere baliabide eskasak badituzte, gerrarekin euren egoera zaildu delakoan. Hala, dirua biltzen hasi da Ukrainako jendea lagundu ahal izateko.

Chenobil Elkarteak 2019an Euskal Herrira ekarri zituen haurrak. (CHERNOBIL ELKARTEA)

Chernobil Elkarteak Ukrainarako dirua biltzeko kanpaina bat abiarazi du, ‘Erradiazioa eta, orain, gerra’ lelopean. Txernobilgo eta Ukrainako baliabiderik gabeko umeentzat eta Errusiaren inbasio militarra jasaten ari diren haien familientzat bideratuko dute jasotako dirua.

Chernobil Elkartea Euskal Herrian aritzen den irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta haren helburuen artean Txernobilgo zentraleko hondamendi nuklearraren biktima diren adingabeei laguntza humanitarioa ematea dago, bai eta baliabide naturalen edo giza esku-hartzearen bidez sortutako gainerako hondamendien biktimei ere.

Bere xedeak lortzeko, elkarteak aldi baterako harrera-familia programetan lan egiten du, osasun arrazoiengatik Euskal Herrira datozen Ukrainako adingabeekin, kutsatutako eremuan bizitzeagatik ahuldutako osasuna indartu dezaten.

Kezka Ukrainako biztanleengatik

Elkarteak kezka agertu zuen aurreko egunetan errusiarren erasoaren ostean herritarrek izango duten egoerarengatik, «lehen ere ez baitzuten baliabiderik».

Marian Izagirrek, elkarteko presidenteak, gogorarazi zuenez, Txernobilgo eremutik ateratzen dituzten haurrekin bakarrik lan egiten dute, baina egun hauetan familia osoak dituzte gogoan.

«Sufritzen ari den jendea da. Ez dugu ulertzen inork bilatu ez duen eta inork nahi ez duen gerra hau. Lehen baliabiderik ez zuen biztanleria bat erasotzen ari dira», aipatu zuen.

Izagirrek adierazi zuenez, Chernobil Elkartea «irrikan dago» gatazka amaitzeko, ahal duen neurrian laguntza bidaltzeko.

Haurrak bizi diren herrixken albisteei dagokienez, adierazi zuen «gutxi direla eta batzuetan hobe dela albiste gutxi izatea», iristen direnak «ez direlako onak, suntsitzaileak baizk: suteak, bonbardaketak, tiroketak, hildakoak».