INFO

Futbola euskaraz bizitzeko eskubidea bermatuz, hizkuntzaren osasuna indartu

Futbol entrenatzaileen gehiengo handia euskalduna den arren, hizkuntzaren erabilera izugarri jaisten da entrenamenduetan. Gipuzkoako Futbol Federazioak eta Eusko Jaurlaritzak egoera aldatu nahi dute, besteak beste, UEFA tituluak euskaraz ateratzeko aukera eskaintzen duen proiektuarekin.

Beñat Larrañaga, Gipuzkoako Futbol Federazioko presidenteordea eta Euskara Batzordearen arduraduna (Leo CORREA | AFP)

Milaka dira futbol entrenatzaile titulua lortu duten euskaldunak. Emakumezko zein gizonezkoak, jokalari ohiak, kazetariak, JFKZ ikasleak, zaleak... Ezaugarri amankomun bakar batekin: denek ikastaroak erdaraz egin behar izan dituzte.

Anomalia hori egun gutxi barru amaituko da, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Futbol Federazioak elkarlanean sortutako proiektuari esker: euskara UEFAk homologatutako ikastaroak emateko erabiliko den lehen hizkuntza gutxitua bilakatuko da. Erakunde bien helburu nagusietakoa da euskararen erabileraren sustapena, kasu honetan kirolaren bidez. Gasteizko Gobernuaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, izan ere, Kirolean Euskara Sustatzeko Plana (2021-2024) jarri zuen martxan iaz eta, Beñat Larrañagak gogorarazi duenez, Gipuzkoako Futbol Federazioaren Zuzendaritza Batzordeak asmo bera jarri zuen egitasmo nagusien artean 2020an instituziora heltzean eta, beste erabaki batzuen artean, Euskara Batzorde bat sortu zuen.

Larrañaga bera da, federazioaren presidenteorde ez ezik, batzorde horren arduraduna eta baita orain arteko monokromia linguistikoaren kaltetuetako bat ere. «Nik hiru mailatako ikastaroak egin nituen entrenatzaile eskolan, hirurak gaztelaniaz. Azken maila amaitzean, zuk idatzitako proiektu bat aurkeztu behar duzu. Euskaraz egin ahal izatea eskatu nuen eta ukatu egin zidaten», azaldu du.

Maila ofizialean euskara orain arte existitu ez bada, praktikan ere egoera ez da ona. Aztikerrek 2016an egindako azterketaren arabera, «entrenatzaileen %88, tituludunak zein titulugabeak, euskaldunak ziren, baina erabilera %40ra jaisten zen, %50era emakumezkoen kasuan. Euskaraz jakin badakigu, baina ez dugu erabiltzen».

Hainbat faktoretan topa daiteke azalpena. Ohituran, adibidez. Futbolari zela, Larrañagari entrenatzaile gehienek erdaraz egiten zioten. «Eta gero nik neuk askotan errepikatu dut berdina. Inkontzienteki, gaztelaniara jotzen duzu». Horregatik, Entrenatzaile Eskolak emango dituen ikastaroetan, hizkuntza ohiturak lantzeko modulu txiki bat eskainiko dute, Artez enpresaren eskutik. Aurretik ikastaroaren irakasleek ere jaso dute, eta dagoeneko titulua eskuratu duten entrenatzaileek ere aukera izango dute. «Nola eragin ere jakiteko. Zuk euskaraz egin dezakezu, baina agian taldeak ez dizu jarraitzen. Erabilera bultzatzeko baliteke nahikoa ez izatea euskalduna izatearekin, materiala euskaraz edukitzearekin, ikasketak euskaraz egitearekin...», hain handia da ohituraren pisua. Izan ere, ez da alde handiegirik nabaritzen, erabilerari dagokionez, euskaraz bizitzeko eta are gutxiago ikasteko aukera izan ez zuten entrenatzaileen belaunaldien eta normaltasunez bizi izan duten eta ikasketak euskaraz egin dituzten gaur egungoen artean.

Ohiturarekin batera, eta futbolaren egunerokotasuna ez denez entrenamenduetara mugatzen, «iruditeria kolektibo baten falta» litzateke euskararen erabilera txikiaren arrazoi handienetakoa. «Garai batean, adibidez, futbola dezente ikusten genuen euskaraz Euskal Telebistan; gaur egun, noizean behin besterik ez. Eta komunikabideen ekarpena ezinbestekoa da. Komunikabideak, erakundeak, klubak, sare sozialak, liburuak, entrenamendurako materiala... Eta erreferenteak izatea, noski. Zentzu horretan, goi mailako euskal taldeek asko lagundu dezakete erreferenteak sortuz. Zorionez gaur egun, Athleticekoa izan ezik, entrenatzaile euskaldunak dauzkagu gure punta-puntako taldeetan, oso konprometituak gainera. Eta hori altxorra da, bertako jokalariekin gertatzen den moduan».

Helburua bikoitza litzateke. Alde batetik, euskaraz bizitzeko eskubidea bermatu, futbolaren praktikan ere. Eta bestetik, hizkuntzaren ezagutza eta, batez ere, erabilera sustatu. Kontuan hartuta EAEko 8 eta 18 urte bitarteko umeen eta gazteen erdiek futbola aukeratzen dutela kirola egiteko –eta praktikari gehitu beharko litzaioke jarraipen maila altua–, argi dago zein garrantzitsua izan daitekeen euskararen sustapena eremu zehatz honetan, hizkuntzaren osasun orokorraren mesederako.

Enpresetan arrazakeria

Ardura ezin da ume eta gaztetxo horiengan jarri. Baina aukera duenak, betebehartzat hartu beharko luke. «Guk horrela uste dugu gure kasuan. Federazioan sartzeko hautua egin genuenean, argi genuen txapelketak kudeatzeaz gain, gizartearen eragile aktibo bat izan behar ginela. Federazioak badauka aukera hori eta instituzionalizazioak, federazio batek helburu bat finkatzeak, gizarteari mezu bat bidaltzen dio. Elkartu ginen guztiok argi genuen parekotasuna, kirol egokitua eta euskara ardatz izan behar zirela», azaldu du Larrañagak.

Hizkuntzaren inguruko plan estrategikoa diseinatu zuten. Epe ertainean klubetara zabaltzea espero dute, «aholkularitza emanez, lagunduz... kluba kontzientziatuta dagoenean errazagoa delako entrenatzaileengan, familiengan kontzientzia hori piztea, betiere zaila dela jakinez, klub gehienetan jendea boluntario gisa baitabil». Une honetan, edozein kasutan, «barrura begiratzen ari gara, guk zer egin dezakegun eta zer behar dugun».

Eta bide horretan egin dute bat Eusko Jaurlaritzaren egitasmoekin, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailean ere ikusten baitute belaunaldi berriek nekez barneratuko dutela euskara kirol hizkuntza bezala, euren erreferenteak izan daitezkeenek ez badute aurretik egiten. Honen ondorioz, bost urteko iraupena duen akordioan arlo desberdinetan garatuko diren ekimenak jasotzen dira. Horien artean, entrenatzaile ikastaroak.

UEFA C eta UEFA B mailak, futbol eskoletan eta behe mailetan lan egiteko nahikoak direnak, eskainiko dira euskaraz hasiera batean –gainontzekoak, UEFA A, atezainena eta Espainiako Federazioak Madrilen besterik eskaintzen ez duen UEFA Pro izango lirateke–. UEFA C da maila baxuena, eta ikastaroa online egiten da praktikaldi batekin eta hemendik aurrera, dokumentazioa euskaraz eta gaztelaniaz bidaliko da. UEFA B titulurako ikastaroak, berriz, online eta presentzialak dira eta hurrengoa, martxoaren 14an hasiko dena eta izen-emateko epea zabalik duena, euskaraz eskainiko da lehen aldiz. Federazioaren hasierako asmoa, ikastaroen erdia (6-7 urtean) euskaraz eskaintzea da.