INFO

Zentral eolikoaren aurka azaldu da Legutioko Udala, komunikazio eza salatzeaz gain

Legutioko Udalak baztertu du udalerriko lurretan zentral eoliko bat jartzeko Plauri Energy S.L.U. enpresak aurkeztu duen proiektua. Lakuako Gobernuari energia berriztagarriaren hedapen ordenatua planifikatzeko eskatu dio.

Arabako Mendiak Askeren mobilizazioa zentral eolikoaren aurka. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Plauri Energy S.L.U. enpresak Arabako Mendietan eraiki nahi duen zentral eolikoaren aurka egin du Legutioko Udalak.

Ohar baten bitartez gogoratu duenez, joan den otsailean argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ‘Kastilloko Parke Eolikorako’ aurretiazko administrazio-baimenaren eskaera. Enpresa eskatzailea PlauriEnergy, S.L.U. da, eta guztira 22,5 megawatt-eko potentzia duten bost aerosorgailu jartzeko asmoa du. Enpresa honek Pozuelo de Alarcónen (Madril) du egoitza soziala, eta «Legutioko Udalarekin aldez aurretik komunikaziorik edo kontsultarik izan gabe ekin dio prozedurari», salatu du Udalak.

«Energia berriztagarriaren hedapenerako planifikazio ordenaturik ez egoteak ekoizpen berriztagarriko proiektuak instalatzeko garapen desordenatua eta ekimen pribatuen biderkatzea eragiten du», adierazi du.

Hori dela eta, Legutiok Lakuako Gobernuari eskatu dio Aldundiekin eta toki erakundeekin batera, energia berriztagarriko sistemen hedapen ordenatua planifikatzeko, «betiere kontrol publikoa bermatuz eta lurraldea eta ingurune naturala errespetatuz». Era berean, erakundeei eskatu die Tokiko Energia Komunitateak bultzatzeko laguntzen deialdiak sustatu ditzatela.

Legutioko Osoko Bilkurak hurrengo bileran eztabaidatuko du gaia.

2009an baztertutako proiektua

Arabako Mendiak Aske ekimenak ere kontzentrazio bat burutu zuen aurreko astean Foru Aldundiaren aurrean, «Txikiziorik ez Berriztagarriak bai, heriotza eta suntsipenik ez», lelopean.

Ekologisten ustez, energia-iturri berriztagarrien aldeko apustua berretsi egin behar da, baina apustu hori zalantzan jartzen da horretarako habitat eta ekosistema helduak suntsitzen badira.

Gainera, gogoratu zuen horrelako proiektuak 2009an baztertu zirela. «Ingurumenean eragiten zuten kalteengatik hartu zen orduan erabakia. Ordutik hona egoera ez da aldatu eta ondorio negatibo horiek egun berdintsuak izango dira» azaldu zuen plataformak.