INFO

Gaua kale gorrian, ikusezinak ikusarazteko

Donostiako Harrera Sareak antolatuta hamarnaka lagunek kale gorrian egiten dute lo astero Donostian, La Sirena aterpetxea lau gradutik gorako tenperaturekin ere ireki dezatela aldarrikatzeko, eta batez ere kale egoera daudenen egoeraz ohartarazteko. NAIZ Irratiak haiekin eman du gaua.

Ostegunero gaua pasatzen ari dira hainbat pertsona Gipuzkoako Aldundiaren atarian. (HARRERA SAREA)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Gaueko 21.00etan hasten da protesta ekimena, baina lehenago ere izaten dute zereginik, egunero-egunero ehunka otordu banatzen baitira Afari Solidarioen baitan; Egiako auzoan izan da oraingoan otorduen banaketa, Donostiako Epaitegiaren parean.

Harrera Sareko kide izateaz gain, afari solidarioak banatzen ere ibiltzen da Garazi Montuschi. Esku askoren faltan, ohikoa da boluntarioek ekimen batean baino gehiagotan parte hartzea. Donostiako hiru gunetan banatzen dute egun jatekoa: Konstituzio plazan, Egian eta Amara auzoan. «Hasi zirenean 5 pertsona gerturatzen ziren otordua hartzera, orain 100dik gora datoz, eta badakigu asko otordurik gabe geratzen direla». Nahi eta ezinaren arteko sentsazioa, horixe Hiritarron Sareko boluntarioen sentipena.

Banatzen dituzten jakien artean daude askari bero bat, frutaren bat, gozoren bat, esnea nahi duenari... edozeinen elikadura beharrak asetzeko moduko otordua. «Tarteka iristen da dohaintzaren bat, baina bestela hiritarren poltsikotik dator horiek ordaintzeko dirua». Bi sukaldarik prestatzen dute guztia, 30 bat pertsonentzat.

Montuschik oso argi utzi du haiek egindako afaririk gabe gehienek ez luketela «eguneko azken otordua bermatuta izango».

Lotarako ordua

Afari Solidarioko material guztia lokalean gorde, eta zuzenean Gipuzkoa Plazara joan ohi dira azken ostegunetan, bertan hasiak baitira Foru Aldundiko arkupeetako lurra atontzen, kartoiez. Hara gerturatu ahala konturatzen zara esterila xumeena ere pribilegioa dela kalean lo egiten dutenentzat.

Espazioa ez dute soilik kartoiez atontzen, baita arduradun politikoei zuzendutako argazkiekin: «Eneko Goia, eman zure koltxoia» dion afixa moduan.

Eneko Goia alkateari zuzendutako pankartak, Gipuzkoa plazan
Eneko Goia alkateari zuzendutako pankartak, Gipuzkoa plazan.

Ahmet eta Imat, 23 eta 18 urte dituzten gazteekin hitz egiteko aukera izan dugu; Marokotik iritsi ziren biak, Imaten kasuan duela 5 bat hilabete, Ahmeten kasuan duela urtebete pasatxo. Kale gorrian bizi dira ordutik. Anoeta estadioko 10. atean izan dute bizitokia hainbat egunez bi gazteek, otsailaren 24ra arte, Realak RB Leipzigen aurka Europa Leaguen jokatu zuen arte. Ertzaintzak euren txokoa desegin zien goiz horretan, eta arropa eta zituzten ondasun eskasak kendu. Eta salatu dute ez dela «gertatzen zaien lehen aldia». Anoetako sarreretan lo egitearen helburua ez da soilik nolabaiteko aterpea bilatzea; gogorra den arren, Ahmetek eta Imatek esan dute herritar askok ez dituztela «ikusi nahi», «ezeroso» jartzen dituela haien presentziak. Askok esan digute ez dutela inor ezeroso jarri nahi eta horregatik pasatzen dutela gaua herritarren begiradetatik urrun.

Imatek eta Ahmetek helburu bakarra zuten etxea utzi zutenean: «Etorkizuna bilatu nahi genuen guretzat eta etxean ziren senideak lagundu nolabait». Lanik topatzeko esperantzarik gabe ordea, ikasketetan jartzen dituzte euren ahalegin guztiak gazteok, pentsatuz, ikasiz eta gauzak ongi eginez norbaitek aukeren atea zabalduko diela, egunero egiten dutelako Lasarte Oria eta Intxaurrondorako bidea, lanbide heziketako ikastaroak egiten dituztelako bertan.

Aldundiaren arkupeetan eskegi duten beste pankartetatko bat. (HARRERA SAREA)

Gaueko hotzari aurre, ezinbestean

Gauak aurrera egiten du, eta 6 gradu ingururekin, hotza gero eta gehiago sartzen da hezurretan; jendea lo-zakuetan sartzen hasten da, berotasun bila. Bestelako berotasuna da boluntarioek eskaintzen dutena; merezi du aipatzeak ia denak emakumeak direla.

Horietako bat Ane Gerendiain da, Jatorkin elkarteko boluntarioa. Otsailaren 24koa hirugarren osteguna zuen kalean lo eginez. «Ekarpen bat» egiteko dago bertan: «Norberak bere ahalmenarekin, baina ekarpena egitea denon ardura da», dio. 

Minutuek aurrera egin ahala, eta gorputza geldirik dagoela, gero eta gehiago nabari da hotza. Dena dela, 4 gradura ez da heltzen eta ondorioz Donostiako Udalak, oso argi ez dauden arrazoiak direla medio, La Sirena Aterpetxea ez irekitzea erabaki du, bete zitezkeen oheak hutsik utzita.

Samiñe Irigoien Hiritarron Harrera Sareko boluntariorentzat, ez du «ez hanka ez buru» erabaki horrek. «Mundu ideal batean egunero behar luke irekita, baina ez gaudenez, zer gutxiago hemengo negu heze, hotz eta euritsuan zabalik egotea baino». Berarekin hizketan ari garela Aldundiak jarritako hainbat panel ditugu ikusgai, «Gipuzkoako lorpenak» ei dira, bereziki arlo sozialekoak; eta hortxe «paradoxa» Irigoienen arabera: «Harro erakutsi nahi ditugu gure lorpenak, Estatuko beste lurralde batzuekin alderatuz aurreratuta gaudela, baina errealitatea da 200 pertsona daudela kalean lo egiten eta ez dagoela asmorik hori hobetzeko». Nabarmendu du «kale egoeran daudenen errealitatea ikusezina» bada, «ikusgarri» egin beharko dela, «ez duelako balio beste alde batera begiratzea». Horrekin bat dator Ana Garcia; ez du bertan lo egingo, baina ez da berehalakoan joango, «babes morala» ematea ere garrantzitsua iritzi baitio. «Mirestuta» dago Garcia gazteokin, konbentzituta dago «sekulako giza kapitala» uzten dugula kalean. Eta kexu da gazte hauek «ezagutu gabe gaizkile gisa» irudikatzen dituztelako.

Aurreiritziak, arrazismoa

20 urte inguruko mutil magrebtarra, hori da Donostian behintzat, migratzailearen paradigma; aurreiritzi eta arrazismoak sustatuta. Etxean etorkizun duin bat izateko esperantzarik gabe, Europa mitifikatu baterako bidea hartzen dute. Hori da  Ayouben kasua: Casablancakoa da eta 2018an egin zuen alde etxetik. Aita konbentzitzeko gezurra esan zion, ontzi handi bat hartuko zuela esanez. Larachen igo zen ostera ia hondoratuko zen patera horretara. Ontzian bizia galduko zuela konbentzituta zegoen, nahiz eta beste ontzi batek garaiz ikusi eta itsas salbamendukoei deitu. «Ozta-ozta», dio Ayoubek.

Egun 21 urte ditu, 17 zituen gurera iritsi zenean. Lehen hilabeteak erakunde publikoek kudeatutako adin txikikoentzako zentro batean igaro zituen, 18 urterekin geratu zen kalean. Etxe eta baliabiderik gabe, «biziraupen txipa» aktibatu beharra dagoela azpimarratu du. Martuteneko eraikin okupatu batean egon zen tarte batez, zikinkeria eta arratoi artean. 2018tik hona, aldiz, urteko gau gehienak kale gorrian eman ditu gazte honek.

Othman 23 urteko gaztea, zorionez, ez dago gehiago kale gorrian, baina astean behin Harrera Sareak antolatutako gaualdira doa, euren lagunekin elkartasunez. Hark badaki zer den hotzarekin kalean lo egitea, ez du «ulertzen» nola manten dezaketen La Sirena aterpetxea itxita.

Biak pareta hotzaren aurka eserita, Othmanek dio «hotza bezain txarra» direla «aurreiritziak eta jende askoren ulermen falta». Kale egoeraz ari garenean, begirada zabaltzearen beharraz hitz egin digu Othmanek. «Ez da bakarrik kalean lo egitea, dutxa baten falta ere bada, zapatilak ez aldatzea, jaki berorik ez jatea...».

Sinpleki, babesleku bat izatea, haientzako eta baita haien senideentzako. Gazteontzat senideei ongi daudela erakustea «oso garrantzitsua» baita, Itsaso Agirre Hiritarron Harrera Sareko kideak esan digunez. Agirrek zuzenean lan egin du kale egoeran dauden gazteekin, bizitokia eta ikasketa edo lan aukerak topatzen laguntzen. Dio asko direla kaletik ateratzea lortzen dutenak, baina orduan fase berri bat datorrela: bakardadearena. «Lasaitzen direnean guztia etortzen zaie gainera, bakardadeari egin behar diote aurre, eta hori oso latza da».

Zaila da jakitea gurekin hitz egin duten gazteek benetan zer pentsatzen duten, baina haien erresilientzia ukaezina da, beti alde positiboari begiratzeko gai dira. Ayoubek behintzat hala egiten du: «Ez dut ideia negatiboez inguratuta bizi nahi, positiboa izan nahi dut».

Lotara joan baino lehen azken hausnarketa bat utzi digu Othmanek: «Inork ez du familia eta bere bizitza atzean uzten kasualitatez, zerbaitengatik etorri da». 

Zaku eta manten azpian sartzeko tenorea da, baina aldez aurretik ertzain baten bisita, goizean goiz alde egin behar dutela ohartaraztera dator. Haien problematika erakustera joan dira Gipuzkoako erakunde nagusiko egoitzara. Baina badirudi ez dituztela bertan ikusi nahi.