INFO

Balio handiko garaipena eskuratu du Osasunak Vila-realen aurka

Etxeko hirugarren garaipena erdietsi du talde gorritxoak larunbat honetan. Lehendabiziko aldiz goialdean dagoen talde bat garaitu du, gainera, bolada oso onean iristen zen Vila-real, alegia. Chimy Avilak 63. minutuan egin duen gola nahikoa izan da hiru puntuak batzeko. 

Chimy Avilak egin du neurketako gol bakarra. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Urtarrilaren 16tik ligan galdu gabe zegoen Vila-real; Osasuna, aldiz, azken bi partidak galduta iristen zen larunbat honetako demara, sailkapenean leku lasaian baina arazoak saihesteko garaipenaren beharrean. 

Unai Emeryren taldea oso arriskutsua dela agerian geratu da hasi bezain pronto, Yeremi Pinaren lasterketa batean. Era berean, argi geratu da zergatik den Sergio Herrera azken hilabeteko Osasunako jokalaririk onena. Lehendabiziko zatian, berak eta jokoz kanpokoak saihestu dute kanpokoen lehendabiziko gola.

Estupiñan Osasunako jokalari ohiak baloia sareetara bidaltzea lortu du defentsako lerroari bizkarra erraz hartu ostean baina baliogabe geratu da gola, jokoz kanpokoa adierazita. Minutu gutxi beranduago, atezain gorritxoa handi egin da berriro ere Yeremi Pinaren aurrean. 

Bitartean, ez pentsa Osasuna ezerezean ibili denik, nahiz eta gehiago kostatu izan zaion Rulliren atera arriskuarekin iristea. Iritsi den apurretan, geldikako jokaldietan izan da eta gutxi falta izan zaio atea zulatzeko. Bietan, nola ez, David Garciak izan du abagunea baina bietan, langaren gainetik bota du errematea. 

Bigarren zatia hasi bezain pronto, Vila-real berriro hasi da agintzen baina, gutxika-gutxika, erasoko bere gaitasuna ahultzen joan da, hein handi batean Jagoba Arrasatek egin duen aldaketa taktikoagatik. Javi Martinez, berriro hasieratik aritu dena, erdiratu egin du eta Torro utzi du euskarri moduan, Moncayolak bere postua apur bat aurreratuz; Chimy Avila apur bat alboratu egin da eta jokoan gehiago sartzea lortu du argentinarrak. Lehendabizi, jaurtiketa arriskutsu batekin saiatu da, desbideratuta joan dena baina bigarren aukeran ez du hutsik egin. 

Torrok ederki ostu du baloia zelai erdian, Javi Martinezek baloia hartu eta metro batzuk gidatu ostean –Ruben Garciaren korrikaldiaren zain– ezker hegalera zabaldu du eta 14 zenbakidun gorritxoak erdiraketa zehatza bidali du bigarren postera, Chimy bertan baitzegoen, bakar-bakarrik. Argentinarrak ederki burukatu du, Rulliren saiakera ezerezean geratuz. 

Vila-real ez da txukun aritu jokaldi hori defendatzen. Capouek ez du saihestu Javi Martinezen gidaritza eta ondoren, Chimy Avila bakar-bakarrik geratu da nahi bezala errematatzeko. 

Abantaila ondo defendatu

Erreakzionatu beharrean geratu da Unai Emeryren taldea eta beraz, aulkian zeukan guztia zelairatu du 15 minutu falta zirela: Triguero, Chukwueze eta Dia, Aurier, Yeremi Pina eta Lo Celsoren ordez. Nolanahi ere, ez du bereziki min handirik egin gorritxoek defendatutako eremuan, Jagoba Arrasatek ere aulkia mugitzea erabaki baitu: Brasanac eta Budimir zelairatu dira lehendabizi, eta gero Aridane, defentsa lerroa indartu asmoz.

Presaz aritu dira kanpokoak eta presa horiek kasik kondenatu egin dute, Budimirrek 2-0ekoa egin baitu bost minuturen faltan. Kroaziarraren gola, baina, baliogabe geratu da jokoz kanpokoagatik.

Bost minutu gehiago jokatuko zirela adierazi duenean ere ez da kikildu Osasuna. Oier zelairatu da zelai erdian indar gehiago irabazi asmoz baina ez du sekula erasoan ateratzeko aukera atzean utzi. Manu Sanchezek ere izan du abagune ona baina jokaldia baliogabe geratu da aurreko falta baten ondorioz. Azken unean, Estupiñanen hegaletik zenbait erdiraketa jartzen saiatu da Vila-real baina Osasunari erosoa egin zaio jokaldi horiek kanporatzea.