INFO

Etxearen erabilera da gakoa, ez jabearen jatorria


Heldu den apiriletik landa, Amsterdamen higiezinei buruzko espekulazioaren aurkako legea sartuko da indarrean. Eskuin muturra alde batera utzita, liberalek zein kontserbadoreek bat egin zuten iaz Alderdi Laboristak mahai gainean jarri zuen proposamenarekin. Ondorioz, etxebizitza sozialetan ez ezik merkatu librean eskainitako alokairuzko egoitzetan ere eragina izanen duen araua estreinatuko du Herbehereetako hiriak.

Lehenagotik ere, eskuinak alokairuen gorakadari aurre egiteko hainbat erabaki hartu zituen. Alferrik. Neurri horiek guztiek espero baino emaitza eskasagoa eman zutela ikusita, sektore pribatuaren bultzadapean gizendutako alokairuzko etxebizitzen multzoari begira prezioa mugatzeko aukera hobetsi du 873.000 biztanle inguru dituen hiriak. Horrekin batera, etxebizitzen salerosketetan ere esku hartzeko parioa egin du Amsterdamek. Hala, urtero 8 milioi turista inguru hartzen dituen hirian teilapea erosi nahi duen orok baldintza zehatza onartu beharko du: lau urtean ezin izanen du etxe hori saldu.

1.233 kilometro. Hori da Amsterdam eta Baiona artean dagoen distantzia fisikoa. Izan ere, gaur bertan Euskal Elkargoko Herriarteko Kontseiluak, kanalen hiriak egin bezala, aitzinetik harturiko erabakia zuzentzeko parada ukanen du, zehazki epe laburreko alokairu turistikoek urte osorako alokairuen eskaintzan eragindako kaltea konpentsatze aldera. Finean, etxebizitzaren egoerari buruzko azterketak erakutsi duenez, borondate ona baino zerbait gehiago behar da gizartearen oreka arriskupean jarri duen fenomenoari aurre egiteko.

Iparraldeko erakundeak, eratu eta hilabete gutxira, AirBnB bezalako plataformek azken urteotan izan duten hazkundeari muga ezarri nahian araua onartu zuen. Hala, Euskal Elkargoak tentsiopeko eremuan 24 udalerri sartu zituen. Agerikoa da euskal erakundeak hautatu zuen bidean sakontzeko unea heldu dela. Arazoa handia delako. Esaterako, Hendaian 2016 eta 2020 artean %117 gehitu ziren turismo alokairuak.

 

Zentzuzko irtenbideak bilatzeko «hemengoak» versus «hangoak» ika-mika hutsala gainditzea ezinbestekoa da

2020. urtean argitaratu zen Ipar Euskal Herriko Turismo Bulegoak eginiko txostena. Daniel Oltzomendi buru duen zerbitzuak eginiko bilanaren arabera, pandemiak bete-betean astindu gintuen urtean 11.469.000 pertsona heldu ziren Ipar Euskal Herrira. Horietatik 2.692.000 turista ziren eta gainerako 8.777.000 bisitariak txango bat egitera –hau da, egonaldi labur bat– heldu ziren.

Bilakaera ikusita, turismoak jarduera ekonomikoan duen garrantzia mespretxatu gabe, urte osoan zehar Ipar Euskal Herrian bizi, lan edo ikasten duten herritarren oinarrizko premiak lehen lerroan ezartzeko beharrean dago Euskal Elkargoa. Lobbyen presioa handia bada ere, etxebizitza eskubidea hobesteko adostasun zabala dagoela gizartean jakina da. Iazko azaroan, 30 bat eragilek luzaturiko gonbidapenari jarraituz, 8.000 herritarrek gako-multzoa astindu zuten arazoaren larritasunaz ohartarazteko Baionako karriketan.

EH Baik bere diagnosian «krisi sozial eta klimatikoarekin» lotu duen etxebizitza eskubidearen erronkari zentzuzko irtenbideak bilatzeko «hemengoak» versus «hangoak» ika-mika hutsala gainditzea ezinbestekoa da. Arazoa ez da nondik datorren maizterra, baizik eta zer-nolako erabilera ematen zaion etxebizitzari/lurrari.