INFO

Feminismoa zutik; Herri eta auzoetako hormetan idatzi zen mugimendua, erakusketa formatuan

60ko hamarkadaren bukaeratik aurrera eztanda egin zuen feminismora bidaiatzea proposatzen du «Zutik, zutik, zutik» erakusketak. Begirada historiko bat, garaiko materialen bidez, une grisenetan sistema oso bati aurre egin eta emakumeen ahotsak idazten hasi zen unera hurbiltzeko.

70eko hamarkadan kaleetan ikus zitezkeen hainbat pankartaren erreprodukzioak daude (Aritz LOIOLA | FOKU)

EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean, “Amnistia emakumeentzat. Abortatzeko eskubidea” dioen pankarta bat dago. Ondoan dituenak bezalaxe, jatorrizkoaren erreprodukzioa da. 1970 eta 80ko hamarkadetan kalean ikusi ahal ziren mezuak eta idazkerak errepikatu dituzte, orduko giroa irudikatzeko. Euskal feminismoaren ereserkiaren letraren errepika gogora ekarriz, “Zutik, zutik, zutik” du izenburua hainbat material grafiko bildu duen erakusketak. Pankartak dira elementu horietako batzuk. 1968 eta 1994 urte bitarteko espazio kronologikoan, EAEn bizi izan zen «bigarren olatuko feminismoaren» oroimenari eskainitako begirada historikoa da, Bizkaiko jazoeretan zentratuta.

Diktaduraren kateak hautsi eta mugimendua eraikitzeko kaleak hartu zituen borroka baten erakusle diren pankartak, prentsa artikuluak, batzarretako aktak, pegatinak, kartelak, pintadak edo argazkiak ikus daitezke, garai hartan, neurri handi batean, herri eta auzoetako hormetan idatzitako mugimenduaren historia osatuz. Ondoan, urte ezberdinetan plazaratutako liburuxka, paskin eta eskuorrien bilduma aberats bat dago ikasleen joan-etorrien bidegurutze den espazio horretan.

Kolore moreko kartulinetan garaiko emakumeen testigantzak ikus daitezke. Horien artean, esaterako, 1977an lanean hasi zen emakume batek senarrarekiko «askeago» sentitu zela kontatzen du. «Nahiz eta garbitzera joan nintzen (...) bulego batean nengoela iruditzen zitzaidan», dio.

«Ematen zidatena asko ala gutxi izan, bizitza hobetu nuen, gazteriak orain bere burua ikusten duen bezala ikusten nuen nire burua, senarraren aurrean pertsonalitatea daukazuelako, eta ahizpek eta koinatek nabaritzen zidaten», eransten du. «Lotsagarria» iruditzen zitzaion etxetik kanpoko lanagatik dirua irabaztea etxekoandre gisa egindako lana baino baloratuagoa egotea. Lekukotasun bat da, garaiko testuingurua ulertzeko.

Koka gaitezen diktaduraren urte beltz haietan: emakumeak abortatzeagatik, antisorgailuak erosteagatik edo etxetik alde egiteagatik zigortzen zituen legedia indarrean zegoen, amaren eta etxekoandrearen roletara mugatzen zituen gizarte sistema itogarri hartan. Dena irabazteko zegoen une hartan, ateak zabaldu eta gizarteari mundua deskubritzeko betaurrekoak jarri zizkion mugimendu feministak. Izaera politikoko mugimendu bat eraiki zuten emakume haiek, gainera, agenda politikoan espazio berriak irabazi eta euren gorputzak, bizitzak, beharrak eta nahiak erdigunean jarri zituzten.

Garaia aztertu duten adituek borrokak izan zuen izaera «emozionala» aipatzen dute. «Puntu eta aparte» bat jarri zuen une bezala deskribatu dute, baina argi dagoena da feminismoa «adierazpen politiko argienean, publikoki eta estalkirik gabe» agertu zen unea izan zela.

Hogeita bost urte horietan gertatutakoari «bigarren olatuko feminismoa» deitu diote. Euskal testuinguruan, lehena 20-30eko hamarkaden inguruan izan zen eta frankismoarekin bukatu zen. Bigarren olatua deituriko honetan, diktadurak eratutako legedia eraistea izan zen lehen mugarrietako bat, baina ez bakarra. Hori azaldu dio GAUR8ri Maialen Arangurenek. 25 urte horietan jazotakoaren azterketa da burutzen ari den doktore tesiaren ardatz nagusia. Azpimarratu duenez, «haustura handi bat» suposatu zuen maila askotan. 80ko hamarkadatik 90eko hamarkadara doan olatu horretan etapa ezberdinak izan ziren, garapen prozesu baten barruan. Bizkaiko kasuari erreparatuta, 1976an Bizkaiko Emakumeen Asanbladaren sorrerarekin jaio zen mugimendu feminista antolatuaren lehen helburua emakumeei eragiten zien legedi frankista eraistea izan zen 80ko hamarkadako erdialdera arte. Mercedes Arbaizak erantsi duenez, «mundua hankaz gora» jarri zuten. “Emakume, ez zaitez isildu” leloa egia bilakatuta, «emakume izateak esan nahi zuena esperimentatzeko modu berriak» proposatu zituzten.

Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sailak babesten duen erakusketaren komisarioa da Arbaiza. Genero eta historiaren azterketan ibilbide luzea duen Experiencia Moderna ikerketa taldeko partaidea da. Talde horretan maskulinitatearen inguruko ikerketa lerro bat dago; beste bat «emozionala politikoa da» hipotesian zentratuta dago. «Oinarrizko ideia da nola legitimatzen diren politikoki sufrimendu eta ondoeza ezberdinak, lehen pertsonan agertzen diren heinean keinu politiko bat osatzen baitute».

Arbaizarekin eta Arangurenekin hitz egin du GAUR8k ikusgai dagoen material guztiaren atzean izan ziren bizipenetara hurbiltzeko. Garai hartan, «intuizio eta ausardia handiz, bizia aldatu zigun gizarte mugimendua» eraiki zela aipatu, eta emozio, ezinegon, esnatze, eztanda politikoko eta antolaketako garai gisa deskribatu dute unea, emakumeen eta gizonen arteko eta emakumeen euren arteko harremanak ere era erradikalean aldatu zituen garai gisa, hain zuzen.

M8a eta Leioako topaketak

Erakusketara itzuliz. 1976ko otsaila da. Data behealdean idatzita dauka orrialde mekanografiatu batek. Bertan, emakume talde batek antolakunde bat sortzearen erabakia plazaratzen du. «Etxekoandreen, emazteen eta amen paperera» baztertuta, horrek eragiten duen «mendekotasun ekonomiko, politiko eta soziala» eta sortzen duen gizonekiko «mendekotasun psikologiko eta afektiboa» salatzen dute. Testuan, lan egiteko eskubidea eskatzen da, sexu edo egoera zibilaren araberako baldintzarik gabe. Haurtzaindegiak edo familia plangintzako zentroak sortzearen beharra ere plazaratzen dute, baita sexu hezkuntza eta doako antisorgailuak eskatu ere.

Akta Bilboko Gizakundearen elizan izan zen batzar historikokoa da. Erakusketa muntatu baino astebete lehenago agertu zela dokumentu hori azaldu digu Arbaizak, lehenago ez zen ezagutzen.

Bizkaiko Emakumeen Asanbladaren sorrera eragin zuen bilera izan zen. Lanbroa elkarteak eta beste emakume batzuek deitu zuten batzar hura. Garaiko kronikek batzar hartan ehun lagun inguru bildu zirela diote. «Lehen topaketa horretan, beste errealitate eta adierazpen batzuetatik feminismora hurbiltzen ari diren emakumeak daude, auzoetako herritarren mugimenduetan lanean ari diren emakumeak, oraindik legeztatu gabe dauden erakunde politikoetakoak... Hortik sortu zen jatorrizko nukleoa, 1977ko abenduan Leioako jardunaldiak antolatu zituen trakzio gunea», azaldu du Arbaizak.

Lehen topaketa horretan sortuko zen Bizkaiko Asanblada, eta Arabakoa handik hilabete batzuetara, Martxoaren 3ko gertakarietan parte hartu zuten emakumeekin, langileen emazteekin eta beste emakume batzuekin. Antzeko asanbladak sortu ziren beste hiriburuetan eta zenbait herritan ere, Arangurenek zehaztu duenez.

«Amnistia emakumeentzat!»

Urte horren bukaeran mugarri izan zen beste jazoera bat dago: EHUko Leioako campusean izan ziren lehen topaketa feministak. Garaiko artikulu batean, izan zuten parte-hartze handia azpimarratzen da, baita Areto Nagusiak erakutsitako irudi «ikusgarria» ere. Egunero 1.500 emakume inguru bildu zirela dio albisteak.

Lehen Martxoaren 8a ospatu zen urte horretan, «mugimendu feministaren lehen adierazpen publikoa» izan zena. Horren irudia ere berreskuratu dute erakusketarako.

Material ezberdinetan amnistia da errepikatzen den aldarrikapena, abortatzeko eskubidearen ondoan. Gogoratu behar da «emakumeen delituak» deiturikoak zeudela eta horiengatik espetxe zigorra betetzen ari ziren emakumeak kartzeletan. Preso politikoen amnistiaren aldeko borrokak zeukan indarrean oinarrituta, “amnistia emakumeentzat” leloa eraman zuten kalera, hainbat antolakunde politikok oraindik barneratuta ez zeukaten mezua zabalduz.

Bizkaiko Emakumeen Asanbladak argitaratutako komunikatu batean, Yeserias eta Alcala kartzeletan preso zeuden bost emakumeren izen-abizenak irakur daitezke. Zergatik zigortzen da emakumearen adulterioa eta ez gizonarena, eta zergatik gaitzesten da abortua antisorgailuak erabiltzea baimentzen ez bada? Halako galderak planteatzen dituzte. Legedi «diskriminatzailea» salatu eta «delitu femeninoez» akusatuta espetxean dauden emakumeen amnistia eskatzen dute.

Abortua ere garaiko gai nagusietako bat da, Euskal Herrian bertan eta kanpoan kaleak astindu zituen auzi batek bultzatuta: ‘Basauriko hamaiken’ kontrako epaiketa. Epaiketa 1976an hasi zen eta urte batzuk iraun zituen; zigor epai bat izan zen eta Auzitegi Gorenera helduta errugabe irten ziren akusatuak. Estigmaz beteriko garai hartan, epaiketaren kronika ikuspegi feminista batetik kontatua izatera pasatu zela azpimarratzen dute.

Erakusketaren beste puntu batean, Euskadiko Talde Feministek sinatutako komunikatu bat dago; abortatzeak zer suposatzen zuen azaltzen du: «Frantziara, Ingalaterrara, Holandara... bidaiatzea; edo Estatu barruan, etxean abortatzea, osasunerako eta bizitzarako arriskutsua bada ere; eta klandestinitatea, herstura, beldurra». Milaka lagunek sinatutako autoinkulpazioa aipatzen du testuak, jada Euskal Herriko mugak zeharkatu zituen auzi baten proiekzioa erakutsiz.

Astoria zinema aretoko jaialdi-mitin bat iragartzen duen kartel bat ere badago, auzia pil-pilean zegoen seinale. Arbaizaren iritziz, emakume haiek errudun izaten hasi ziren 1979an, eta errugabe irten ziren 1982an Auzitegi Gorenaren ebazpenarekin, bai judizialki eta bai sozialki. Horren atzean izan zen kanpaina indartsu eta irudimentsua azpimarratu du. Moral katoliko zorrotzeko gizarte hartan estigma oraindik oso indartsua zen une batean abortua sektore zabaletan gaizki ikusitako praktika zen. «Mobilizazioak erruduntasuna kentzeaz gain garaiko itun sozialean abortuaren legea berrikustea lortu zuten. Oso kanpaina sortzailea egin zuten». Botere instituzionalen aurreko desafio handia izan zela dio EHUko ikertzaileak.

«Etxea zure kartzela da»

Etxeko lanen inguruko hausnarketa zen aldarrikapenen beste ardatzetako bat. «Emakume, etxea zure kartzela da. Askatu zaitez», dio Auzoetako Emakumeen pegatina more batek. Irudian, etxea sorbalda gainean daraman emakume bat ikusten da.

«Pertsonala politikoa da» planteamenduaren barruan, sexualitatearekin, familia harremanekin, lan munduarekin edo abortu zein antisorgailuen despenalizazioarekin zerikusia zuen guztia biltzen zen. Garaiko feminismoan marxismoak indar handia zuen, Arbaizak aipatu duenez. «Emakume asko ideologia marxistako taldeetatik zetozen, eta lanaren birkontzeptualizazioaren inguruko guztia oso garrantzitsua zen». Marko horretan kokatzen dira etxeko eremua emakumeen opresio eremu gisa hartzen duten mezu ugari.

Sabrinaren kontzertua

Lehen urte horietako dokumentuen artean deigarria da «Sabrina, reflexiona y únete a nosotras» dioen prentsa lerroburua. 1988. urteko artikulua da. Areatzan Sabrinak emandako kontzertuaren inguruan izandako eztabaida eta gertakariak jasotzen ditu, mugimendu feministako zenbait kideren adierazpenak bilduz. Feminismo erradikala ordezkatzen duen erakunde gisa aurkezten da Bizkaiko Emakumeen Asanblada. Artikuluaren arabera, Urtezaharreko gauaren inguruko egunetan sute bat piztu eta Felipe Gonzalezen (orduko Gobernu espainoleko presidentea), iragarkietako maniki baten, gotzain baten eta guardia zibil baten irudiak bota zituzten sutara, emakumeenganako zapalkuntzaren sinbolo gisa.

Areatzako kontzertuan tomateak eta petardoak jaurti zituzten ezezagunek. Feministek ukatu egin zuten Sabrina abeslariari eraso egin izana. «Gu ez goaz emakumeen aurka, emakume horiek sistemaren tresna bihurtzea erabaki badute ere», azaltzen zuten gertaera sonatu haren inguruko akusazioei erantzunez. Feministen protestak Alde Zaharreko Gaztetxeko gazteen eta Langabeen Koordinadorako kideen babesa izan zuen.

«Bizi nahi dut libre»

“De píldoras no me empacho para entretener a un macho”, “Bizi nahi dut libre, zure legeen kontra, zure usteen kontra”, “Manolo, hazte la cena solo. (Mi primer grito de guerra)”, errotuladore beltzez idatzitako pintaden mosaikoko batzuk dira, bionboetan antolatutako materialaren artean.

Erakusketak duen formatua garaiko borrokaren isla ere bada, Arbaizak azaldu duenez. Eduardo Hurtadok diseinatuta, bionboen bidez estatikoa ez den mugimendua irudikatu nahi izan da, «premia eta beharra» ardatz dituen atmosfera bat sortzeko. Zaurgarria eta intimoa den hori adierazten duen elementu bat da, «norbera biluzten eta adierazten den unean, eragilea pertsona gisa eratzen da».

Liburuxken, paskinen eta pegatinen bilduma zabal batek osatzen du erakusketa. Erakusten duten «hizkuntza desafiatzaile eta sakonki urratzailea» nabarmentzen dute begirada historikoan sakondu duten adituek, eta bistakoa da begiradak errotik aldatu nahi izan zituztenek ahalegin sortzaile berezia egin zutela mezua zabaltzeko.

Erakusketak proposatzen duen ibilbide historiko horretan aurrera eginez, 80ko hamarkadatik aurrera antolakuntzaren ikuspegitik bizi izan zen aldaketak agertzen dira lehen planoan, antolakunde berrien sorrerarekin. Asanbladak zeukan izaera unitarioa apurtu eta feminista izateko eta sentitzeko modu ezberdinek kolektibo berrien sorrera ekarri zutela gogoratu du Arbaizak, begirada eta praktika ezberdinen «mapa kaleidoskopiko» moduko bat osatuz.

Testuinguru horretan kokatzen da Aizan kolektiboaren sorrera (1982), KASen inguruan sortua eta «zapalkuntza hirukoitza planteatzen zuena: nazionala, klasekoa eta patriarkala», eta urte batzuk geroago Egizan kolektiboaren jaiotzarekin bukatu zen sentsibilitatea; Clara Campoamor Elkartearen jaiotza (1985), emakumeen aurkako indarkerian zentratuta, edo Maria de Maeztu Foruma.

Ondorengo urteetan, berdintasunaren aldeko mezuetan zentratutako aldarrikapenak agertzen dira, Emakunderen sorrerara heldu arte. Azken honekin lotuta, Gasteizko Legebiltzarreko zenbait parlamentarik egindako presioaren kontakizuna ere ikus daiteke.

Mugimenduaren ibilbidearen erakusle diren material ezberdinetan protagonismo handia dute lesbianismoarekin lotutako mezuek eta hori ere ez da kasuala. Hain zuzen ere, Arbaizak azaldu du Bizkaiko mugimendu feministak hasieratik oso lotura argiak izan zituela lesbianismoaren adierazpenekin. Jardunaldien deialdian bertan, «oso ahots argiak daude afektibitate eta sexu adierazpen askatzaileagoak bizitzeko ideia luzatzen dutenak». Erakusketako komisarioak gaineratu duenez, «Bizkaiko Emakumeen Asanbladaren egiazko elementua da». Horrek material ugariren sorrera ez ezik, hainbat fororen sorrera ere ekarriko zuen.

Deigarria da, bestalde, mezuen mosaiko horretan auzo mugimenduak zuen garrantzia. Arangurenek aipatu du zentzuzkoa dela auzoetako bizitza hobetzeko borrokaren lehen lerroan ibilitako emakume horiek paper aktiboago bat izatea. Arbaizak gogora ekarri du alderdi politiko batzuk oraindik legeztatuta ez zeudenean herritarren mugimenduaren barruan bazeudela jada praktika feministak zituzten emakumeak. Emakumeen zentroak aldarrikatzen zituzten, emakumeek eurek elkartzeko zentroak izango zirenak, eta gerora osasun zentroak eta planifikazio zentroak izango zirenak, egun dugun osasun sistemaren antolakuntzaren hainbat urrats eginez; batzuek ulertuko ez zituzten baina honaino ekarri gaituzten urratsak.

 

Urrea bezala etxean gordetako dokumentuak

Erakusketa martxoaren 31ra arte egongo da EHUn. Gero Santurtzira joango da, eta liburu bihurtzeko bidean dago.

Leioako honetan ez daude Mamikiren elastikoak baina egongo dira, seguruenik, hurrengo edizioetan. Materialen zati handi bat Maite Albiz Emakumeen Dokumentazio Zentrotik dator, baina gehiena emakumeek eurek emandakoa da: liburuak, aldizkariak, pegatinak... Izan ere, eskuz egindako aktak ikus daitezke, sinadurarik gabeak, hori ere mugimenduaren ezaugarrietako bat izan baita. Mercedes Arbaizaren esanetan, arlo askotako emakumeen sinergiaren emaitza da erakusketa, esperientzia pertsonal eta oroimen kolektibo bat gorde izan duten horiena barne.